Spiga

Peru Mariskalaren hilobia aurkitu dute Lizarran

Gaurko Berria kazetan notizia ederra dator nafarzale guztiontzat. Peru mariskalari buruzkoa da eta poztu egin gaitu nafarzale guztiok. Honelaxe dio Petxarroman berriemaileak laburpen edo sarreran:

Lizarrako San Pedro de la Rua elizan aurkitu dute Nafarroako mariskalen hezurrak gordetzen dituen hilobia. Tartean, Erresumaren independentziaren babesle sutsu Pedro II.a mariskalarenak daude.


Informazio gehiago Berria agerkari abertzalearen edizio digitalean topa daiteke.

Peru Mariskala Nafarroako Erresumaren subiranotasunaren sinboloa izan da eta nafarzaleontzat heroi nazionala. Notizia honi segimendua egin behar zaio, euskaldunon estatuaren sustatzaile eta heroiak tamalez ahantzi xamarrak izan direlakotz; eta gainera, non eta gure herrian bertan. Horien ordez, Cid, Kixote eta horrelako pertsonaiak sartu dizkigute eskolan. Nik proposamena egingo nioke Celaa EAEko errege-kontseilariari Peru Mariskalaren figurari oroikarri bat egiteko, monumentu handia Lakuan bertan.

Hona hemen lehenengoz euskaraturik Antonio Urra Maeztu nafarzaleak idatzitako artikulu laburra Peru Mariskalari buruzkoa eta Diario de Noticias egunkarian agertu zena:

Peru Mariskala eta 1512ko inbasioa

Garai hartan Nafarroako errege legitimoei fidel izan zitzaizkien askok preso egon behar izan zuten, edota deserrian egon edo heriotza ukan. Beren ondasunak konfiskatu zituzten helburua bikoa izanik: Nafarroaren aldeko herritarrak zigortu eta traizioegileei saria eman konfiskatutako ondoasunak beraiei pasatuz. Ehundaka familiak hartu zuten zigorra: Ollokitarrek, Lizarragatarrek, Desojotarrek, Ramirez Bakedanotarrek, Garro anaiek eta beste batzuek. Haietariko bat Peru Nafarroa mariskala izan zen, pertsonaia gailendua, gure Historian nabarmendu beharreko gizona. Mariskal tituluak esan nahi zuen Nafarroako nobleziako bigarren dignitatea zela, kondestable titularen ondoren.

Gizon onest honen bizitzak orrialde asko idazteko emango luke. Zenbait gertakari gogoratuko ditut ondoren. Senperrenak egin zituen inbasioaren kontra, baina lortu ez zuenez, Nafarroako erregeekin Orthez aldera joan zen.

1516. urtean erresuma berreskuratu ahal izateko, Xabierko Jatsu lehengusu batzuekin eta 1.200 soldadurekin Iparraldetik sartu zen, Erronkariko 200 herritarrek bat eginez armadarekin. Preso sartu zuten Isaban eta beste zaldun nafarrekin batera espetxeratua izan zen Atienzako presondegian. Mariskala mugitu zutenean ikusi zen pertsonaiak zuen popularitatea Lizarra herritik pasatzean; horixe gogoratu zuen Deikazteluko Juan Fernandiz auzokideak mariskalaren eskuan musua eman ahal izan zuenak. Peru mariskala askatzeko saialdiak egin ziren. Horren kontra Cisneros kardinalak eta Zaragozako artzapezpikuak egin zuten. Ez zuten askatu nahi "Nafarroaren alde egitearren" esaten zuten. Bera erosten saiatu ziren, baina berak muzin egin zion Fernando Katolikoa onartzeari eta fidel segitu zuen Nafarroako Erregearen alde.

1518. urtean Simancasko presendegira eraman zuten. 1522ko azaroaren 24an, bere semeak Hondarribiako gotorleku edo fortean borrakan egiten zuen bitartean, lepoa moztuta agertu zen. Informazio ofizialaren arabera, Mariskalak bere buruaz beste egin zuen, herriak sinestu ez zuen bertsioa hain zuzen.

Amaitzeko, Ollokitarrak ere aipatu nahi ditut, familia hau erabat menperagaitza omen zen, eta lema bezala honakoa zeukan: "Prius mori quan faldari" (lehenago hil, huts egin baino)

Inportantea litzateke V. mendeurreneko data triste hura gogoratzeko, historialariek Nafarroaren alde hainbeste egin zutenen bizitzak gogoraraztea.