Spiga

Showing posts with label ekintza. Show all posts
Showing posts with label ekintza. Show all posts

Katalunia eta Nafarroa (eta Espainia!)

Hona hemen Le Républicain de Vasconie blogeko gure lagun donTomasek bidali digun iritzi artikulua.

Hara! Izenburua agian okerra da. Espainia toki guztietan al dago? Bai jauna. Horregatik, izenburu honetan ere. Eta nola dago, ze modutan islatzen da Espainiaren presentzia toki guztietan? Ba, tokian tokiko herrien borondatearen gainetik agertuz.

Asteburu honetan Bartzelonan bildutako jende pilaren xede zehatza zein ote zen ez dut batere argi, egia esan. Baina berdin dit, independentzia, autonomia (ze ironia, uste nuen bi hitz hauek berdina zirela) edo dena delakoa eskatzen dutela, ez dute lortuko, Espainiak nahi ez badu. Horrela agertzen da Espainia toki guztietan.

Kataluniarren estatutuak (espainiarra), nahiz eta kataluniar gehiengoaren onespena jaso zuen, atzera egin beharko du, Espainiak ezetz esan diolako. Nola! Nola banatuko dugu ba, Munduko Futbol Kopa irabazteko gai izan den nazio handia? Gainera, proiektu bat da, gaur oso argi utzi da: "el gran proyecto plural y diverso, PERO COMÚN, que es España". Proiektuaren lehen pausoa emana da ba, dirudienez: Munduko Kopa irabaztea. Agur krisiari!

Eta talde irabazleari buruz, gaur eguerdian Radio Euskadin hauen etorrerari buruz ematen zuten berria halakoa zen: "ordu gutxi barru helduko dira gure irabazleak, munduko kopa ekarriz: Llorente, Javi Martinez, Xabi Alonso...". Hara, berri hauek ematen dituztenak ez dira ezta foralistak ere: foruekin behintzat, ez zen Espainiaren izenean militatu behar.

Baina goazen goazenera: ze burutan sartu daiteke, haien urna zikinetan bozkatuz, askatasuna lor genezakeenik? Larunbatean hamar milaka jende bildu ziren Kataluniako kaleetan eta, hala ere, Espainiak argi eta garbi esan die ez dutela zer eginik, berak ez duelako nahi! Orain dela gutxi ikusi dugu hemen, 100.000 boto paperontzira bota zituztela inolako lotsarik gabe! Haiek nahi ez badute, ez dugu bozkatzen; beraz, bozkatzen dugunean, haiek nahi dutelako da, hau da, berdin dielako zer bozkatzen dugun. Utz ditzagun hutsik urna espainolak. Espainolentzako dira.

Lortuko al du Kataluniak independentzia? Zinez poztuko nintzateke. Baina ez da Espainiaren baimenez izango. Askatasuna xede, harekin egiten ditugun elkarrizketa gutziak, hutsak dira. Ez dezagun ba, hitz egiten denbora galdu. Berreskura dezagun gure nortasuna: Nafarroa! Behingoz Espainia gure bizitzatik kanpo uzteko.

Komentariorik egin nahi? idatz egiguzu Idatzi Nafarron infogunera

Gure erabakiak har ditzagun

Hona hemen, Le Républicain de Vasconie blogeko gure lagun donTomas-ek bidali digun iritzi artikulua:


Gure ukorik bortitzena metropolietako bandera hirukoloredunentzat.

Ez dugu errepublika espainiar bat nahi, ez ditugu frantziarrak omen dituen baloreak ere gogoko. Ez dugu Espainia edo Frantzian ezarritako botererik kaleratu nahi, ezta haiei ezer eskatu nahi ere; aurre egin behar diegu, buruz buru, begietara begiratuz: eta hala, agur esan behingoz.

Ez dakit zer gerta litekeen errepublika espainiar batean. Ezin dut imaginatu ere egin, izan ere, ikusi beharra besterik ez dago, zer egin dieten gure iparraldeko anaiei, hain zuzen ere errepublikar batzuek. Zer egitera heldu liteke errepublikar bat, askatasunaren, berdintasunaren eta senidetasunaren izenean? Atzera begiratuta, izan genezake pistaren bat, 1931-1936 artean. Honek ez nau lasaitzen, bada.

Kolonizatzaileek, monarkiko edo errepublikar, inperioko danborrei eragiten diete etengabe. Jazarpena, eta arlo kultural, poitiko, ekonomiko eta sozialean mantentzen duten kontrola ez da bertan behera geratuko, azken nafarra erori arte. Hona hemen beste testuinguru batetik ateratako esaldi bat, guzti hau espresatzeko guztiz baliozkoa: “kontutan hartua izango da, ekintza bortitza izan beharko dela zinez, etsaia ahalik eta azkarren desagertarazteko, berau indartsua baita, eta ondo antolatua baitago” (Emilio Molaren 1936 instrukzioak). Lurraldearen arabera, 400, 500 edota 800 urtetan zehar instrukzio hauen antzekoak ondo baino hobeto bete dituzte espainiar eta frantziar kolonizatzaileek.

Baina egon ziur, era berean, nafar bakar bat behintzat zutik dagoen bitartean, kolonizatzaileek aurrean erresistentzia topatuko dutela. Azken urteetan, nafarron kontzientziak indartze bat izan du. Eskerrak eman beharrean gaude, egia aurkitu duten historiadore horiei, baita gure burujabetasuna lortzeko, lanean diharduten eta ekintza abiarazi zuten bihotz errebelde haiei; eskerrak eman, eta haiekin batera ekin, batu dezagun herria fronte bakar batean, zeinak, 1512an kolonizatzaileei aurre egin zieten euskaldun independiente haien bandera berdina goratuz, beste edozein gauzaren aurretik hain desiatua dugun askatasuna bilatuko duen.

Horrela ba, GURE errepublika edo monarkia aldarrikatu, GURE errepublika edo monarkia bultzatu eta GURE errepublika edo monarkia (edo, noski, dena delakoa) defendatu behar dugu. Utzi egin behar diogu estatu kolonizatzaileentzako erregimen justuagoak defendatuz indarra galtzeari. Ez dezagun uste, espainiar errepublikarrek, errepublikar izateagatik, askatzen utziko digutenik (bestalde, ez dugu honetarako inolako baimenik behar), bestela ikusi iparraldeko anaien lepoen inguruan, zer nolako indarrez dauden lotuta République-ren kateak.