Hona hemen, Angel Rekalde nafarzaleak lehengo egunean blogean eta Berria-n idatzitako artikulua Noaingo ekitaldiaren esangura gogoratzeko.
1512an, Nafarroaren konkista gertatu zenetik, okupazioari aurka egitea hemezortzi urte iraun zuen gerra izan zen. 1530ean, armada espainiarra bortuz bestaldeko lurretatik (gaur Nafarroa Beherea deitzen dugunetik) erretiratu zen, ezin menderatu baitzituen. Ahalegin beliko garrantzitsuena 1521ean izan zen, nafarrek lurraldea hilabete batez libratu zutenean. Baina sekulako deskalabrua pairatu zen Noaingo batailan. Eskirotzeko zelaietan, nafar matxinatuek eta gaztelar armadak aurre egin zuten, azken hauek errebolta hura eta nafar independentzia akabatzeko asmoarekin.
Gertaera haietatik ia 500 urte joan dira, eta, hala ere, gure memorian bizirik diraute. Memoria, hain zuzen, ez da iraganaren erregistro hutsa. Ohitura itzaltzen da; ahanzten. Gizakiaren kontzientziak hautaketa egiten du eta subjektuarentzat arrazoi bat edo besteagatik esanguratsua zaiona azpimarratzen du: bere izatea markatu duelako, hunkitu duelako, gupidatu edo asaldatu duelako.
Memorian, gogoratzen den haren balorazioa dago sakonean; horrek esan nahi du errealitatearen interpretazioa egiten dela, batetik, eta bestetik, norberarenganako zentzuzko begirada, bere buruari begiratzen dion subjektuarenganakoa eta historia horretan bere burua aitortzen duenarenganakoa, alegia. Gainera, bide batez esan dezagun, bilakaera mental hau orainean gertatzen da eta gure izaera (munduan) jokoan jartzen du: noren parte sentitzen garen eta zein nortasunarekin proiektatzen dugun geure burua; zer gizarte eraikitzen dugun orain eta hemen; gurea zena sentitzen genuen hura galdu izana nola baloratzen dugun.
Horrela azaltzen da zergatik egin den hainbeste ahalegin, azken bost mendeotan, memoria hau ezabatzeko. Batzuetan gure iragana isilarazi dute, historiaren beraren kontakizunean gure burua ezin aitortzera iritsi arte edo eskizofrenia batek gu hartu arte; batzuk euskaldunak gara, besteak nafarrak, besteak ez bat eta ez beste...
Izena ere aldatu digute askotan; Nafarroa askearen armada bera, nafar boluntarioz eta gaskoi aliatuez osatua, bataila askotan armada frantsestzat aurkeztu dute: Belate, Logroño, Irun, Hondarribia... Eta gure porrot eta hondamendiak gogora ekartzen dituzten alarde eta festak ospatzen ditugu gainera.
Beste joko garbia eufemismoarena izan da. Honela, espainiar armadaren biolentzia latza aski agerikoa da Amerikaren konkistaren genozidioan edo Granadako erresumaren suntsitzean, eta, Nafarroan, disimulatuki aurkeztu zaigu «bat egite», hitzarmen eta bestelako faltsukerien irakurketaz. Eta hori gutxi balitz bezala, bertsio burutsu hauek gure «kultura politikoa» eta negozio abilezia erakusten dutela kontatzen digute.
Azkenik, derrigorrezko hezkuntzara ailegatu den beste estrategia (ikastoletara ere bai), atzerriko historia irakastea izan da, eta errege godoen, errekonkistaren edo arrazaren eta demokraziaren festaren zerrendetan gure burua lekutu dezagun nahi dute. Ez da hezkuntza inozentea. Eta hala ere, legenda edo ipuin axolagabekoak bailiran pasatzen uzten ditugu, eta egiazki, hori dena gure gazteei transmitituko diegun kultura eta herri-ikuspegiaren zati da.
Manipulazio hauetatik urrun, Noain memoriaren lekua da eta bertan oroimena biziberritzen da; gizataldeak bere burua aitortzen du han, iraganarekin eta garaiko gertaerekin bat egiten du; bere burua berresten du.
Historian herri librea izan ginela ulertzen dugu Noainen, europar estatua izan genuela, Nafarroa, nazioartean aski ezagutua, euskal gizarteak azken harria bera arte defendatu zuela. Espainiarrek inbaditu gintuztela eta lurrak kendu zizkigutela, Errioxa, Bizkaia, Gipuzkoa, Araba, Sonsierra, Nafarroa Garaia... gure burujabetza indarrez suntsitu zutela, lege ororen eta zuzenbide ororen kontra. Beraien gerra karlista eta dinastikoetara arrastatu gintuztela, haien lur-egarrira, haien inperiora eta miserietara bultzatu gintuztela. Eta etorkizun propio eta aske bat nahi baldin badugu, burujabetza hura, armen bidez galduarazi ziguten independentzia hura berreskuratu behar dugu.
Ekainaren 27an, Noainera joango gara.