Spiga

Showing posts with label historia. Show all posts
Showing posts with label historia. Show all posts

Jon Oria Nafarroako Margaritaren pentsamenduaz

Asteburuan, Vianan, Nafarroako historialarien lehen biltzarra burutu da. Bertan, Jon Oria irakasleak parte hartu du eta YouTube-n agertu da Lizarrako irakaslearen mintzaldi osoa grabaturik. Beste gune batzuetan bezala, hona ere dakargu Jon Oria Oses irakaslearen irakasgaia Nafarroako Margaritaren pentsamendu filosofikoari buruz. 24 minutu inguruko iraupena du.






Komentariorik egin nahi? idatz egiguzu Idatzi Nafarron infogunera

Vianako kongresoa irailaren 18 eta 19an

Laster izango da Nafarroaren historiazko kongresoa lehenengo aldiz Viana herrian (Nafarroa Garaia). Biltzarra, Nabarralde elkarteak antolatu du eta historialari ospetsuak izanen dira biltzarrean, programan ageri denez: Davant, Sorauren, Esarte, Mtez. Garate, Rekalde, Asiron... Palacio de Pujadas hotelaren aukera dago lo egin eta bazkaltzeko bi egunetan. Oso prezio baxuak daude eta kongresoan Nafarroa osoa hartzen da gaitzat, ez Goi Nafarroa soilik, jakina. Mugimendu nafarzalearentzat oso interesgarria da biltzar hau, gure herriaren benetako historia aldarrikatzeko abagunea delako.

Komentariorik egin nahi? idatz egiguzu Idatzi Nafarron infogunera

Nafarroaren historiari buruzko biltzarra

Angel Rekalde doktore euskaltzaleak honako artikulu eder hau idatzi zuen lehengo egunean Berria egunkarian Vianako historia kongresua dela-eta.

Irailaren 18an eta 19an 1512ko konkistaren inguruko Historia Kongresua egingo dugu Vianan. Hemendik bi urte eskasera beteko da Nafarroako konkistaren bosgarren mendeurrena, Pirinioen hegoaldeko euskal independentziaren eta, azken batean, euskaldunok historian eduki dugun Estatu bakarraren galera ekarri zuenarena.

Hesi eta ahanzturen ghettoan sartutako palestinarrei buruz ari dela, «israeldarren bonbardaketek utzitako eraikinen hondakinen» irudiak jaso eta gordetzen tematuta deskribatzen ditu Carles Guerrak. Bada obsesiboa den zerbait palestinarrengan, beren triskantzen lekuetan hondakin amaigabe horiek erregistratu eta gordetzeko nahi horretan.

Zeregin horren zentzua iraun nahi izatearekin lotzen da, israeldarren presioa hainbeste urtetan jasan ondoren hartutako eskarmentuaren ondorioz. Alde batetik, pairatutako indarkeriaren froga gorde behar dute, haren dokumentu grafikoa; izan ere, Guerrak adierazten duenez, «suntsiketaren erakusgarria ere suntsi daiteke». Bigarren plano batean, suntsiketaren erakusgarri hori dagoen artean, herri palestinarrak izaten jarraituko duelako. «Estaturik ez duten palestinarrentzat, argazkia beren herritartasuna suspentsoan geratu ez den lurralde bakarra da». Kale birrindu horietan subjektu erreal izaten jarraitzen dute, oso presente dagoen subjektua, azken etxea bota behar izateraino garaitua izango bada. Beste kasu batzuk ere aipa genitzake, hala nola Mauthaussen, Varsoviako ghettoa juduentzat, baina argudioa berbera da.

Hausnarketa horrek bortizkeria eta zapalkuntza mendetan jasan dugun beste herri batzuei zer pentsa ematen digu. Ziur asko, batek baino gehiagok gutxietsi egingo ditu ideia horiek gure gizartera aplikatzeko garaian, itxuraz hain osatua, ederra eta aberatsa baita. Alde ederra dugu palestinarrekin. Eta, hala ere, herritartasunaren suspentsio-fasean gaude jadanik, gure izatearen ukatzean, eta, jakina, aspalditik, suntsiketaren erakusgarriaren suntsiketan. Euskal Herririk ez dago, nazionalisten inbentoa da. Nafarroak ez du zerikusirik euskal herriarekin. Ez gintuzten konkistatu, baizik eta elkartu egin ginen, gerrarik eta inbasiorik gabe, itunen eta borondatezko entregatzeen bidez...

Kasualitatea edo paradoxa, Guerrak esperientzia horien berri ematen duenean, guri dagokigun adibide batera jotzen du. Gu aipatzen gaitu. Picassoren Gernika-ren kasua jartzen du neutralizatu egin daitekeen suntsiketaren erakusgarri horren eredutzat: «Lapurtutako monumentu nazionala» da. Espainolen bortizkeriaren froga zena, bere eginkizuna Gernikan bete behar zuena, margolariak berak pentsatu bezala, Espainiako museo batean dago bahituta, artelanaren zeregin estetiko hutsa betetzen. Bere esanahia ezabatuta dago. Eta inor ez da asaldatzen, ez sumintzen.

Larriena da gure dominatzaileekin egunero dialektika desorekatuan gabiltzala, izaten jarraitzeko borroka sinbolikoan, besteak beste. Eta desarmaturik gaude. Mendetan jipoitu eta suntsitu gaituzte, palestinarrekin egin bezala, baina hondakinetatik salatu ordez eta gure eskubideak aldarrikatu ordez, badirudi ahaztu egin nahi dugula. Berdin dio zer egin diguten; egunero hutsetik hasi behar dugu.

Memoria galtze suizida horren aurrean, gure herriaren oroimenaren mapa berregin behar dugu, eta ez 36koa soilik, Gernika, Sartaguda, Intxortak, Bilbo, etab. Baita ere Amaiur, euskara, Noain, Orreaga, Gasteiz, Hondarribiko gudua... 1512ko konkista, Sonsierrakoa 1462an, mendebaldeko Nafarroakoa 1200an. Gaztelu plaza, Iruña-Veleia, Praileaitz. Gure iraganaren oroimen-gune guztiak, fisikoak nahiz immaterialak, ezinbestekoak dira nor garen, non eta noiz izan ginen jakiteko, izaten jarraitu nahi badugu.

Egunero hutsetik hastea identitatean eta izatean amore ematea da, arerioari txeke zuria ematea. Vianako historialarien kongresua oroimen kolektiboari dagokion jardunaldia da, gizarte zibil osora, hedabideetako eztabaida publikora eta hezkuntza-sistema guztira zabaldu beharko litzatekeena; etorkizuna baitugu jokoan.

Komentariorik egin nahi? idatz egiguzu Idatzi Nafarron infogunera

Garañoko gaztelua berreskuratzen

Guztion laguntzarekin Erdi aroko gaztelu baten berreskurapena da kontua. Egun hauetan zehar auzolanean arituko gara Garañoko gazteluaren hondakinak berreskuratzearren. Izen honek Nafarroako gazteluei buruzko ikasketa sakona egin ez duenari ezer gutxi esango dio, baina ziurtatu dezakegu bere garrantziak ondo merezi duela guztion artean egingo dugun ahalegina. Egun hauetan hasten den eta abuztuaren 21an bukatuko den lana.

Garañoko gaztelua
Bere antzinatasun zehatza inkognita bat da. Dokumentuek 1105.urtean aipatzen dute, dena den, batek baino gehiago dio arabiarrek eraiki zutela, Qaiseko haitza errefrentziat hartuta, iruñetik hurbil Iruñeko lehenengo erregeek gaztelu bezala erabili zuten gotorleku mitikoa.

Egia dena, bere amaierari buruz dakiguna da, gudatalde espainiarrek nafarroa menperatu zuten unean bukatzen baita bere historia. Gaztelarrek 1512an okupatu zuten gaztelua eta handik aste gutxira eraitsi zuten, Albako dukearen tropek suntsitu zuten lehen gotorlekua izanez. Orain, Nafarroako konkistaren bosgarren mendeurreneko oroitzapen egitearren gutxi falta delarik, historia astindu nahi dugu hondakinak era sinbolikoan berriro jaikiz.

Bere hondarren artean paseatuz, eta bidea puntu garai horretatik ikusten, ematen du oraindik ere entzun dezakegula katapultaren hots gorgarria, 1276an gazteluaren aurka harrizko bolak botatzen zuenean bezala. Annelierek, olerkari eta trobadore okzitaniarra, zenbait bertso idatzi zituen gaztelua pairatzen zuen setioari buruz. Troba horretatik ateratzen dugun setioaren une bat, katapulta batekin harri bat altuegi bota zutenekoa, hurrengorako makina jaurtikitzailea atzerago eraman egin ziotena.

Eustakio Beaumarchais gobernadorea eta Frantziako kondestablea eremua arakatzen ibili ziren katapultentzat punturik egokiena aurkitzeko. Azkenean asmatu zuten gaztelua bete-betean kolpatzen eta defendatzaileak errenditu izan behar ziren.

Bere harresien zehar pertsonai famatuak bizi ziren, adibidez, Lancelot, Karlos IIa Nafarroakoaren sasikoa. Gotorlekura eraman zuten urte bat bete zuelarik, bere ama Maria Miguel Esparza et honen sei morroiekin batera. Gotorlekua kartzela bezala ere erabili zen eta bere hormen artean zenbait preso arriskutsu egon ziren, tartean, dokumentuetan aipatzen diren infantzoi batzuk: Corbaran Torres, Otsoa Perez Eraso, Martin Periz lanariz eta Remigion Beortegi.

Dokumentuek gaztelu honen garrantzia islatzen dute goarnizioetan, alkaideetan eta batez ere bere konponketa obretan. Partaide guztiei azalduko diegun istorioa.


Komentariorik egin nahi? idatz egiguzu Idatzi Nafarron infogunera

Nafarrak Aimeric Picaud-en arabera

Orain dela urte asko, 1132-1134 urteetan-edo, arrazaz frankoa (godoa) zen herritar batek garai hartako nafarrei buruz idatzi zuen. Aimeric Picaud zuen izena idazleak eta Alfonso Santxez I.a Iruñeko eta Aragoako errege zelarik egin zuen izkribua. Aimeric Picaud (Parthenay-le-Vieux, XII. mendea) monje, idazle eta erromesa izan zen. Egun Codex Calixtinus eskuizkribua idazteagatik ezaguna da, Donejakue bidea egiteko oharrak bildurik. Askorentzat, lehenbiziko turismo liburua idatzi zuen erromes frankoak.

Picaud jaunak zerga ordaindu behar izan zuen Nafarroatik pasatzean eta horrexek asaldatu zuen gizona, euskaldunon kontra hainbeste gauza idatzi zuelako Liber Sancti Yacobi edo Codex Calixtinus izeneko izkribuan. Olaziregik eta Urzainkik dioten bezala (La Navarra Marítima, 43. or.), testu hark inportantzia handia du zeren eta Nafarroako egoera ezagutzeko aukera ematen baitigu, eta are garrantzitsuagoa da politikoki argiro geratzen delako euskal herritarrak nafartarrak direla, baita Gartzia Ramirez V.ak (1134-1150) Nafarroako Erresuma restauratu edo berrezarri baino lehen ere. Hortaz, bistan da, Gartzia Ramirez Restauratzaile edo Berrezarle izenaz ezaguna zen erregearen aurreko urteetan ere nafarrak direla euskaldunek osatutako erresumako bizilagunak, euskaradunak eta baita ondorengoa ere, Picaud suminduaren hitzetan:

Erromesekin topo egiten dutenean, bi edo hiru azkon edo gezirekin irteten dira eta zuzenak ez diren zergak kobratzen dituzte; eta baten batek dirua ordaindu nahi ez badu haiek esan bezala, geziekin kolpatzen dituzte eta zorrotoa kentzen diote, biraoka eta baita kaltzak arakatuz ere.

Beldurgarriak dira, eta bizi diren lurraldea ere izua emateko modukoa, basatia eta barbaro edo arrotza; beren aurpegieren beldurgarritasunak eta beren hizkuntza arrotzak izua sortzen dute beraiei so egiten dietenengan.

Merkatariei baino ez diete kobratu behar zerga. Hala ere, eskubiderik gabe, erromesei eta ibiltari guztiei kobratzen diete dirua. Ohikoa dute gauza bategatik lau edo sei txanpon kobratzea; baina haiek bikoitza kobratzen dute, hots, zortzi edo hamar txanpon...

Beren lurralde zenbaitetan, Bizkaian eta Araban, nafartarrak berotzen diren bitartean, gizonak eta andrak elkarri erakusten dizkiote beren organu lotsagarriak. Nafarrek bestialitatea ere praktikatzen dute eta antza denez, neurriak hartzen dituzte beren behor edo mando emeei inor ez hurbiltzeko haiek baino.

Lizunkeriaz ere musukatzen du andrazkoen sexua eta mando emearena. Hori dela-eta, nafarrei erreierta egin behar die hortaz oharturik dagoen pertsona orok.

Halarik ere, bataila egiteko unean onak dira eta ausartak borroka lekuan sartzeko... Nafarrak edo baskoiak adarra eskegitzen du bere lepoan, eta ohi denez beren eskuetan bizpahiru gezi eramaten ditu, azkona izenaz ezagutuak geziok...

Askoz gehiago idazten du nafarrei edo baskoei buruz, baina bistan da oso gogoko ez zuela gure enda edo leinua, Nafarroan zergen ordaindu beharrak sortuko zion guregaranako nazka.

Komentariorik egin nahi? idatz egiguzu Idatzi Nafarron infogunera

Historialarien biltzarra Nafarroa Garaian

Nafar historialarien biltzarra antolatu du Nabarraldek Viana herrian. Ihardunaldiok irailaren 18 eta 19an izanen dira eta bertan Mikel Sorauren, Peio J. Monteano, Jean L. Davant, Pello Esarte eta beste batzuek parte hartuko dute. Nabarraldek orrialde berezia sortu du Nafarroaren historiaren gaineko historialarien topaketen berri emateko. Matrikulak 30 euroko kostua du eta ikaslea izanez gero 5 euro. Caja Laboral erakundeak babesten du kongresua eta hainbat laguntzaile ditu, Ikastolen Elkartea, Sabino Arana Fundazioa eta Eusko Ikaskuntza barne direlarik. Abuztuaren 20an amaitzen da epea komunikazioak eta posterrak presentatu ahal izateko.

Vianako alkatea den Gregorio Galileok irekiko du kongresua eta behin hasiera ekitaldia amaitutakoan, bisita gidatua dago programaturik Viana herria hobeto ezagutzeko. Juan Cruz Labeagak zuzenduko du bisita.

Komentariorik egin nahi? idatz egiguzu Idatzi Nafarron infogunera

V mendeurrena

Hona hemen, Soberanía de Navarra blogeko idazleak egindako eta nik neuk euskaratutako iritzi artikulua.

“…Guretzat urriaren 12a zer den adierazteko gaude hemen: indiar herrien eskubideen lapurretaren, eta europar zibilizazio bakarraren inposaketaren hasiera. Nahiz eta 494 urte pasa diren iada, Alejandro VI Aita Santuaren bularen baliogabetze morala eskatzen dugu, zeinak, gure presentzia kontutan hartu barik, nazio indiarren lurren ematea Portugal eta Espainiar erreinuei egiletsi zien 1493ko maiatzaren 3an. (...) Hemen gaude, demostratzeko gu, lurraldetasunean inbaditutako eta politikoki kolonizatutako nazio haien ondorengo eta oinordekoak, berrantolatzen gabiltzala, gure balore propioekin, kolonizazioaren aurretik izan ginena izateko berriz: Libre!” 1986ko urrian, Aymará, Kolla, Kamsá, Kuna, Maya-Cakchiquel, Purépecha eta Quechua nazio indiarrek V. Mendeurreneko Komisio Espainiarraren aurrean aurkeztutako manifestutik aterata.

Nabarrako erreinuaren konkista, inbasio eta okupazioaren V Mendeurrenaren etorrera hurbilaren aurrean, Espainiako Erreinuko indar politiko, judizial eta mediatikoak hasi dira haien garaipena, haien konkista, eta gure askatasunaren bukaera ospatzeko ekitaldi oroigarriak prestatzen. Konkistatzaile eta kolonizatzaile espainiarren ekimen aurreikusgarrien aurrean, zeintzuek ez duten Nabarrako Herri edo Nazioaren benetako memoria historikoarekin inongo zerikusirik, hiritar kolektibo batetik “1512-2012 Nafarroa bizirik!” plataforma sortu zen. Honen helburua, eztabaida historiko serio eta zorrotz bat bultzatzea gizarte nabarraren aurrean, “Komisio ofizialeko” kideekin, komisio hau duda barik inposatua delarik, erakunde kolonizatzaileetatik hasita sortu baita.

Lehenago, 90eko hamarkadako bigarren zatian, Nabarrako Erret Etxeak demanda bat aurkeztu zuen Espainiako Erreinuaren aurka –eta baita, ez dezagun ahaztu, Frantziako Errepublikaren aurka-, kolonizazio eta genozidioagatik. Hain zuzen, Nazio Batuetako “Deskolonizaziorako Komite Bereziaren” aurrean. Demanda honetara batu zen 2010 urtearen hasieran Nabarrako Burujabetza Komisioa. Baina, era berean, ezin ditugu ezkutatu, ezta ahaztu, ezta disimulatu, ezta alde batera utzi, ezta deslegitimatu –hori egiteko hor daude espainiar eta frantziar inperio kolonizatzaileak- beste mugimendu edo ekimen batzuk, argi eta garbi estatalista, subiranista edota independentistak direnak. Pasatako urteetan zehar eratuz joan dira, eta gaur egun nabarzaletasun osoaren berreskurapenaren alde eta sentimendu nabarzalearen alde lanean dihardute.

Nabarrako Estatu Piriniotarraren galera ekarri zuten gertakizun historiko guztien berrikuspen zuzen eta egokia, gaurko Baskoniako gizarteak bere burua politikoki ezagutu dezan beharrezko ekintza bat da. Hau da, nabar herritar moduan, konkistaren ondoko planteamendu politikoak ahaztuz. Planteamendu hauek beste testuinguru politiko batean eginak dira, euskaldunek iada estatu inperialisten eta kolonialisten inposizioa sufritzen zutenekoa.

Idazki honen hasieran aipatutako indiar nazioek batera, nabarrok gure baliabide eta ahaleginak bateratu behar ditugu. Horretarako, ezinbestekoa da elkar onartzea, gure berezitasun ideologikoekin, baina kontu handiz aztertuz pertsona bakoitzak, talde bakoitzak, komisio bakoitzak edo erakunde bakoitzak egin dezakeen ekarpena, guztion onerako. Ezin da egon, ez da egon behar eztabaida zahar, inbidia edo dena delakoetan oinarritutako aitzakiarik. Argi izan behar dugu, gure orain dela 5 minutuko, 5 eguneko, 5 asteko, 5 hilabeteko, 5 urteko edo 5 mendeko banaketak gure etsai amankomunek erabili dituztela, haien ekintza kolonizatzailea erraztuz.

Gaur inoiz baino gehiago, gure esklabotasunaren hasieraren V mendeurrenaren hurbiltasuna dela eta –batzuentzat gehiago, besteentzat gutxiago-, gogoetarako momentu bat hartu behar dugu, iragana berrikusiz eta hausnartuz, serioski, estatu kolonizatzaileekiko (Frantzia eta Espainia) ditugun lotura politiko, judizial, fiskal... guztiak apurtzeak ekar ditzakeen onura politikoak. Batzuentzat gehiago, besteentzat gutxiago. Gaur, inoiz baino gehiago, talde bat eratu behar dugu, ekipo orekatu bat, ideologikoki zabala, barne gorrotorik gabekoa, non adiskidetasuna eta kooperazioa nagusi izango diren, Nabarra gure aberri maitearen onerako. Gaur, inoiz baino gehiago, behartuta gaude Gure Gobernu Zabala eratzera, Nabarra Nazioaren onerako.

Komentariorik egin nahi? idatz egiguzu Idatzi Nafarron infogunera

Idiazabal, Nafarroako herria

Gipuzkoako udalerria. Idiazabaldarrak. Etxegarateko mendatearen oinean dago. Industria (elikagai-industria, hegazti-hazkuntza, mekanika eta metalgintza), zerbitzuak (garraioak, ostalaritza), basogintza (pagoa, artea eta pinua) eta abeltzaintza dira.

Historia:

Gaur egungo Idiazabalen aurrekinak (XII. mende artekoak)
Ezagutzen ditugun giza jardunaren agerpenik antzinakoenak mendi aldeko trikuharri eta tumuluak dira: Dorronsoroko Jentilzuloa edo Urrezuloko Armurea, Atxurbi, Praalata, Aitxu, Napalatza, Unanabi, Etxegarate, Bidaarte, Zorroztarri.... Brontze Aroan, Kristo aurreko 3200 eta 1300 urteen artea, hildakoak lurperatzeko erabili bide zituzten. Hilobi horietan, garai hartako lanabes eta apaingarriak aurkitu dituzte.
Ez daukagu ondorengo mendeetako berri askorik gure haraneko jendeez. Euskal Herrian ibili ziren zelta, erromatar, bisigodo eta abarren begietara, hemengoak ez ziren nabarmendu, eta ez da garai haietako ia ezeren arrastorik atzeman (II. mendeko erromatar txanpon batzuk bakarrik, 1898an aurkituak). Elizako pontea, Manuel Lekuonaren iritzian, bisigodoen garaikoa izan liteke, baina bada geroagokoa dela dioenik ere.


Idiazabalen eraketa Erdi Aroan eta ondoko mendeetako garapena (XII-XIX. mendeak)

Bestelakoan, feudalismo garaiko berriak ez dira askoz oparoagoak. XII. mendearen hondarreko dokumentu batean, herriaren gaur egungo izena lehenbizikoz idatzita ageri da: "Ego don Martin de Soviza et mea mulier... ...nuestra ereditate de Lazcano et de Iviazaval..." (1199. urtea). Garai honetan Idiazabal Nafar Erresumako partea zen, Antso VII.a Azkarraren gidaritzapean. Gaztelako Alfontso VIII.ak Gasteiz setiatu eta egungo Araba eta Gipuzkoa direnak inbaditu zituenean pasa zen herria gaztelarren menpe izatera. Euskal Herriko Kantauri aldean, gaur egungo baserrien aurretik baziren asentamentuak, hasieran egurrez bakarrik eta, gero, harriz eta egurrez egindako txabola xume samar batzuetan biziko ziren orduko idiazabaldarrak.
Mikel goiaingeruaren eliza XII-XIII. mendeen inguruan eraikitzen hasi zelarik, pentsatzekoa da ordurako izango zela herri edo auzo eraketaren bat inguruan eta, ohi zenez, inguruko jaun edo handikien aginteak, nola edo hala, harrapatuko zuen. Lazkaoko jauna, konparazio baterako, Idiazabalgo elizaren patroi edo jauna zen eta berak zuzentzen zuen parrokiaren jarduna (bikarioa izendatuz...). Noble handikiak eta Eliza, horra garaiko bi erakunde ahaltsuenak.
Ermitak ere, gehienak, inguruko baserrietako jaunenak ziren: Santa Isabel, Eztenagakoa; San Andres, Arizkorretakoa; San Esteban, Akutaingoa; Santa Polonia, Arimasagastikoa; San Ignazio (beharbada berriagoa), Oriakoa... Gurutzetakoa eta Kalbariokoa, ordea, herriarenak.

Gizarte hura antolatu eta eratuz joan zen neurrian, garaiko administrazio egituretan sartuz ere joan zen. Gastelarren pean jada, 1384. urtean, aurreko mendean hiribildu bihurtutako Seguraren babesera bildu zen, beti ere bere nortasuna gordez ("unibertsitate" modura azaldu zen aurrerantzean dokumentuetan).
Bien bitartean, XVI. mendean, lehenagoko mendeetan egurrez egindako txabolen lekuan, gaur egun dauzkagun baserri zaharrenak eraikitzen hasi bide ziren; egurraz gain, harria eta karea ere erabili zituzten (Urbizu Gerikok gorde du (beste guztiek baino hobeto- gaur egun arte, orduko egitura). Ondoko mendeetan, artoa bezalako gai berriak sartu eta, poliki-poliki, bizilagunen kopuruak gorantz egin zuen neurrian, baserri berriak ere egin ziren XIX. mendea arte.
Baserritarrek, bere lurrez gain, Idiazabalgo herri lurrak eta Urtsuaran, Urbia eta Altzaniako partzonerietakoak ere erabiliko zituzten jadanik (antzinako erabilera arautzeko, XV. mendearen hasieran, legez eratu ziren). Baserritarren bizimoduak ez bide zuen erosotasun izugarririk, hala ere. Mendi aldeko lur haiek ezinbestekoak izango ziren hainbat gauzatarako herritar gehienentzat: ganaduarentzako larrea eta egurra zeuzkaten haietatik.
Garaian paretsu, bestalde, baserriaren ekonomiari oso lotuak zeuden industriak ere bizkortu ziren. Errotak, batetik, alea ehotzeko; Urtsuarango Olakoa eta handik beherako gainetikoak: Loidi, Lopategi, Errotagain, Arimasagasti, Oria, Eztenaga, Ihurre. Eta burdingaiak egiteko olak ere: Urtsuarango biak eta Loidi edo Zuloagakoak (hasieran herriarenak); Ihurrekoa, Lazkaoko jaunarena... gure herriko baserri ekonomiaren osagarri ezin utzizkoak izan ziren.
Baserri batzuetako jaunak aberastu ere egin ziren eta baita bere etxeak dotoretu ere: Maugia, Arimasagasti, Oiarbide eta Eztenaga (hau lehenagokoa, beharbada) jauretxe itxura emanez berreraiki egin ziren XVII-XVIII. mendeetan. Agerian dute oraindik orduko handinahia.
1615. urtean, Espainiako Felipe IV. erregeri behar zen diru kopurua ordainduz, Seguratik apartatu eta "villa" titulua lortu zuen Idiazabalek. Bere burua gobernatzeko, herriko etxea kontzeju etxe bihurtu zuen; beraren altzoan sortu zen ostatua ere.
Aurrerantzean, gainera, Gipuzkoako gobernu gorabeheretan tarteko izateko, Batzar Nagusietan esku hartzeko eskubidea izan zuen, beste herri guztiek bezala. Bizilagun gutxi samarrekoa izanik, ordea, inguruko herriekin bat egin ohi zuen Idiazabalek bere ordezkariak bidaltzeko: batean Ataun, gero Segura, hurrengoan Zegama eta Mutiloa... izan zituen elkarkide.
Eliza ere, mende oparo haietan egin edo osatu zen. XVI-XVII.. mendeetan eraikina bera (gotikoa) eta XVIII.eko hasieran korua, erretaulak eta irudiak.

Informazioa bidali digu: Aitorrek, OJAOLAAITZEKO NAPARRAK taldekoa.


Komentariorik egin nahi? idatz egiguzu Idatzi Nafarron infogunera