Spiga

Nafarroaren historiari buruzko biltzarra

Angel Rekalde doktore euskaltzaleak honako artikulu eder hau idatzi zuen lehengo egunean Berria egunkarian Vianako historia kongresua dela-eta.

Irailaren 18an eta 19an 1512ko konkistaren inguruko Historia Kongresua egingo dugu Vianan. Hemendik bi urte eskasera beteko da Nafarroako konkistaren bosgarren mendeurrena, Pirinioen hegoaldeko euskal independentziaren eta, azken batean, euskaldunok historian eduki dugun Estatu bakarraren galera ekarri zuenarena.

Hesi eta ahanzturen ghettoan sartutako palestinarrei buruz ari dela, «israeldarren bonbardaketek utzitako eraikinen hondakinen» irudiak jaso eta gordetzen tematuta deskribatzen ditu Carles Guerrak. Bada obsesiboa den zerbait palestinarrengan, beren triskantzen lekuetan hondakin amaigabe horiek erregistratu eta gordetzeko nahi horretan.

Zeregin horren zentzua iraun nahi izatearekin lotzen da, israeldarren presioa hainbeste urtetan jasan ondoren hartutako eskarmentuaren ondorioz. Alde batetik, pairatutako indarkeriaren froga gorde behar dute, haren dokumentu grafikoa; izan ere, Guerrak adierazten duenez, «suntsiketaren erakusgarria ere suntsi daiteke». Bigarren plano batean, suntsiketaren erakusgarri hori dagoen artean, herri palestinarrak izaten jarraituko duelako. «Estaturik ez duten palestinarrentzat, argazkia beren herritartasuna suspentsoan geratu ez den lurralde bakarra da». Kale birrindu horietan subjektu erreal izaten jarraitzen dute, oso presente dagoen subjektua, azken etxea bota behar izateraino garaitua izango bada. Beste kasu batzuk ere aipa genitzake, hala nola Mauthaussen, Varsoviako ghettoa juduentzat, baina argudioa berbera da.

Hausnarketa horrek bortizkeria eta zapalkuntza mendetan jasan dugun beste herri batzuei zer pentsa ematen digu. Ziur asko, batek baino gehiagok gutxietsi egingo ditu ideia horiek gure gizartera aplikatzeko garaian, itxuraz hain osatua, ederra eta aberatsa baita. Alde ederra dugu palestinarrekin. Eta, hala ere, herritartasunaren suspentsio-fasean gaude jadanik, gure izatearen ukatzean, eta, jakina, aspalditik, suntsiketaren erakusgarriaren suntsiketan. Euskal Herririk ez dago, nazionalisten inbentoa da. Nafarroak ez du zerikusirik euskal herriarekin. Ez gintuzten konkistatu, baizik eta elkartu egin ginen, gerrarik eta inbasiorik gabe, itunen eta borondatezko entregatzeen bidez...

Kasualitatea edo paradoxa, Guerrak esperientzia horien berri ematen duenean, guri dagokigun adibide batera jotzen du. Gu aipatzen gaitu. Picassoren Gernika-ren kasua jartzen du neutralizatu egin daitekeen suntsiketaren erakusgarri horren eredutzat: «Lapurtutako monumentu nazionala» da. Espainolen bortizkeriaren froga zena, bere eginkizuna Gernikan bete behar zuena, margolariak berak pentsatu bezala, Espainiako museo batean dago bahituta, artelanaren zeregin estetiko hutsa betetzen. Bere esanahia ezabatuta dago. Eta inor ez da asaldatzen, ez sumintzen.

Larriena da gure dominatzaileekin egunero dialektika desorekatuan gabiltzala, izaten jarraitzeko borroka sinbolikoan, besteak beste. Eta desarmaturik gaude. Mendetan jipoitu eta suntsitu gaituzte, palestinarrekin egin bezala, baina hondakinetatik salatu ordez eta gure eskubideak aldarrikatu ordez, badirudi ahaztu egin nahi dugula. Berdin dio zer egin diguten; egunero hutsetik hasi behar dugu.

Memoria galtze suizida horren aurrean, gure herriaren oroimenaren mapa berregin behar dugu, eta ez 36koa soilik, Gernika, Sartaguda, Intxortak, Bilbo, etab. Baita ere Amaiur, euskara, Noain, Orreaga, Gasteiz, Hondarribiko gudua... 1512ko konkista, Sonsierrakoa 1462an, mendebaldeko Nafarroakoa 1200an. Gaztelu plaza, Iruña-Veleia, Praileaitz. Gure iraganaren oroimen-gune guztiak, fisikoak nahiz immaterialak, ezinbestekoak dira nor garen, non eta noiz izan ginen jakiteko, izaten jarraitu nahi badugu.

Egunero hutsetik hastea identitatean eta izatean amore ematea da, arerioari txeke zuria ematea. Vianako historialarien kongresua oroimen kolektiboari dagokion jardunaldia da, gizarte zibil osora, hedabideetako eztabaida publikora eta hezkuntza-sistema guztira zabaldu beharko litzatekeena; etorkizuna baitugu jokoan.

Komentariorik egin nahi? idatz egiguzu Idatzi Nafarron infogunera