Spiga

Ana Telletxearen artikulua Ledea hiriaz

Nabarralde webgunetik oso artikulu ederra dakarkigu Ana Telletxea euskaltzale nafarzaleak. Irunberritik oso urrun ez dagoen Ledea antiznako hiriaz idatzi du leku historikoen babesa ere gaitzat harturik.


Irunberriko arroilaren begirada zorrotzaren babesaz eta Irati ibaiaren konpainia bakarraz diraute (batek daki nola!) I. eta V. mendeen arteko erromatar garaiko Ledeako hiriaren aztarna zaharkituek.

Aspaldi dela ezagutzen nuen tokia, baina espresuki joan gabea oraino. Aurtengo udaberrian egin dut bisita. Esatik Iruñerako noranzkoan dago Ledeako erromatar garaiko hirira sartzeko modua. Errepide hori (Jakara baitoa) oso toki ibilia da, auto asko pasatzen da hartatik eta ez preseski mantso. Errepidetik ateratzeko salto ederraz alboratu beharra dago bazterrera, izan ere, autoek ingurune horretan ez baitute aukera gehiegi ematen abiadura mantsotzeko. Sarrera, beraz, ez dago inondik inora egoki, edozein istripu sorrarazteko bikain, aitzitik.

Legarrezko eremu eskas bat dago (autoentzat) eta goitik behera itxita ageri den etxola bat; haren atean bi plano itsatsirik, bata hasierako hiriaren itxurarekin eta bigarrena, ondotik izan omen zen antolakuntza berriarekin. Besterik ez.

Eremu haren isiltasun gorra hurbilegi pasatzen diren autoen motorrek bakarrik hausten dute. Eta bai. Hiri galanta da hura. Toki desegokia inongo biderik “gainetik” pasarazteko. Harri haien ondoan pausatuta, begiek ez dute gogoarekin batera han dagoen eta izan denaren erradiografia azkar bat egiten ahal, datu gehiegi begi kolpe batez dena hartzeko. Ahanzturaren sentsazio gordina nagusi.

Laborantza eta abeltzaintza ustiategien aztarnak daude eremu zabal batean barreiatuta: termak, biltegiak, gelak eta salak, peristiloa, putzua, dolarea eta errota... Geletako pareta batzuk, gainera, eroriak daude, suntsituak; gizakiaren eskua ala eguraldiaren gorabeherek sortua den ezin esan dut.

Nolanahi den, aztarnategi hau Kultura Intereseko Ondasun izendatua dago, eta egiazki ez dakit zer onura ekarri dion izendapenak.

Berez, administrazioak KIOen balio artistiko eta historikoak babestu behar ditu; besteak beste, ondasun higiezinen kasuan plan berezi bat idaztea edo bestelako figura batez babestea derrigorrezkoa da nonbait, eta badirudi ardura tokian tokiko administrazioari dagokiola. 27. artikuluak dio ondasunen suntsitzea eta hondatzea saihestuko direla.

1942tik 1947ra Vianako Printzea erakundea aritu zen Ledeako aztarnategi hau induskatzen (Altadill aitzindari izan ondotik). Geroztik, denboraren joanak noiz irentsiko zain dagoenaren itxura hartzen diot nik (nahiz eta tartean zaharberritze lanik izan dela suposatzen ahal den).

Aztarnategi honen egoeraz, beraz, diagnosi ezkorra: sarrera (autoz) ez dago egoki prestatua, eta hala, edozein nahigabe sortzeko arriskua dago; aztarnategia erabat zabalik dago, zaintzarik gabe, fede txarreko edonoren burutazio gaitzen mesedetara utzia; ez du inolako estalpe edo babesik eremu guztian; eta ez da inongo argibiderik ematen (panelak edo kartelak...).

Joan den urtean, gainera, Lurraldea Antolatzeko Planek ondarea sustatzeko kultur bide bat sortzea proposatu zuten, eta hartan, Ledeako aztarnategi hau abiaburu hartzen zen Vianaraino diseinatutako ibilbide batean. Plan hauez berri gehiagorik ez.

Zezenketak babestea berebiziko zaigun honetan, administrazioek ez dute, antza, antzinako altxor hau (eta beste hamaika) sikiera zaintzeko asmorik erakusten; ez da errentagarria zentzu askotan. Gaur egun dagoen egoeran ikusi baino, hobeki legoke lurpean, suntsitzeko arriskutik urrun (gaur hondatzen dena ezin izanen da etorkizunean ikertu edo “irakurri”). Ledeako artxibo historikoa abandonatuta dago.

Leteo, ahanzturaren ibaia. Greziar mitologiako legendak zioen ibai haren urak erabateko ahanztura zekarrela. Gurean ere hala ote?

Komentariorik egin nahi? idatz egiguzu Idatzi Nafarron infogunera