Spiga

Showing posts with label Kultura. Show all posts
Showing posts with label Kultura. Show all posts

Hiztegia.net, hizkuntz baliabideak nafar ororentzat

Oso webgune baliagarria da Hiztegia.net. Bilboko kooperatiba batek sortua duela zenbait urte. Bilduma ederra osatu dute euskararen inguruko tresnak leku bakarrean eskuragarri jarriz. Hiztegiak eta entziklopediak non dauden ez badakizue, gogoratu Hiztegia.net gunean dituzuela euskararen gaineko baliabideak eurrez.

Hiztegia.net gunean gero eta gune interesgarri gehiago topa daitekezke; hala nola, euskal software inguruko tresnak eta enpresak, eta nafarrak ez diren hizkuntz a arrotzen gaineko hizkuntz baliabideak ere.

Komentariorik egin nahi? idatz egiguzu Idatzi Nafarron infogunera

Garañoko gaztelua berreskuratzen

Guztion laguntzarekin Erdi aroko gaztelu baten berreskurapena da kontua. Egun hauetan zehar auzolanean arituko gara Garañoko gazteluaren hondakinak berreskuratzearren. Izen honek Nafarroako gazteluei buruzko ikasketa sakona egin ez duenari ezer gutxi esango dio, baina ziurtatu dezakegu bere garrantziak ondo merezi duela guztion artean egingo dugun ahalegina. Egun hauetan hasten den eta abuztuaren 21an bukatuko den lana.

Garañoko gaztelua
Bere antzinatasun zehatza inkognita bat da. Dokumentuek 1105.urtean aipatzen dute, dena den, batek baino gehiago dio arabiarrek eraiki zutela, Qaiseko haitza errefrentziat hartuta, iruñetik hurbil Iruñeko lehenengo erregeek gaztelu bezala erabili zuten gotorleku mitikoa.

Egia dena, bere amaierari buruz dakiguna da, gudatalde espainiarrek nafarroa menperatu zuten unean bukatzen baita bere historia. Gaztelarrek 1512an okupatu zuten gaztelua eta handik aste gutxira eraitsi zuten, Albako dukearen tropek suntsitu zuten lehen gotorlekua izanez. Orain, Nafarroako konkistaren bosgarren mendeurreneko oroitzapen egitearren gutxi falta delarik, historia astindu nahi dugu hondakinak era sinbolikoan berriro jaikiz.

Bere hondarren artean paseatuz, eta bidea puntu garai horretatik ikusten, ematen du oraindik ere entzun dezakegula katapultaren hots gorgarria, 1276an gazteluaren aurka harrizko bolak botatzen zuenean bezala. Annelierek, olerkari eta trobadore okzitaniarra, zenbait bertso idatzi zituen gaztelua pairatzen zuen setioari buruz. Troba horretatik ateratzen dugun setioaren une bat, katapulta batekin harri bat altuegi bota zutenekoa, hurrengorako makina jaurtikitzailea atzerago eraman egin ziotena.

Eustakio Beaumarchais gobernadorea eta Frantziako kondestablea eremua arakatzen ibili ziren katapultentzat punturik egokiena aurkitzeko. Azkenean asmatu zuten gaztelua bete-betean kolpatzen eta defendatzaileak errenditu izan behar ziren.

Bere harresien zehar pertsonai famatuak bizi ziren, adibidez, Lancelot, Karlos IIa Nafarroakoaren sasikoa. Gotorlekura eraman zuten urte bat bete zuelarik, bere ama Maria Miguel Esparza et honen sei morroiekin batera. Gotorlekua kartzela bezala ere erabili zen eta bere hormen artean zenbait preso arriskutsu egon ziren, tartean, dokumentuetan aipatzen diren infantzoi batzuk: Corbaran Torres, Otsoa Perez Eraso, Martin Periz lanariz eta Remigion Beortegi.

Dokumentuek gaztelu honen garrantzia islatzen dute goarnizioetan, alkaideetan eta batez ere bere konponketa obretan. Partaide guztiei azalduko diegun istorioa.


Komentariorik egin nahi? idatz egiguzu Idatzi Nafarron infogunera

Idiazabal, Nafarroako herria

Gipuzkoako udalerria. Idiazabaldarrak. Etxegarateko mendatearen oinean dago. Industria (elikagai-industria, hegazti-hazkuntza, mekanika eta metalgintza), zerbitzuak (garraioak, ostalaritza), basogintza (pagoa, artea eta pinua) eta abeltzaintza dira.

Historia:

Gaur egungo Idiazabalen aurrekinak (XII. mende artekoak)
Ezagutzen ditugun giza jardunaren agerpenik antzinakoenak mendi aldeko trikuharri eta tumuluak dira: Dorronsoroko Jentilzuloa edo Urrezuloko Armurea, Atxurbi, Praalata, Aitxu, Napalatza, Unanabi, Etxegarate, Bidaarte, Zorroztarri.... Brontze Aroan, Kristo aurreko 3200 eta 1300 urteen artea, hildakoak lurperatzeko erabili bide zituzten. Hilobi horietan, garai hartako lanabes eta apaingarriak aurkitu dituzte.
Ez daukagu ondorengo mendeetako berri askorik gure haraneko jendeez. Euskal Herrian ibili ziren zelta, erromatar, bisigodo eta abarren begietara, hemengoak ez ziren nabarmendu, eta ez da garai haietako ia ezeren arrastorik atzeman (II. mendeko erromatar txanpon batzuk bakarrik, 1898an aurkituak). Elizako pontea, Manuel Lekuonaren iritzian, bisigodoen garaikoa izan liteke, baina bada geroagokoa dela dioenik ere.


Idiazabalen eraketa Erdi Aroan eta ondoko mendeetako garapena (XII-XIX. mendeak)

Bestelakoan, feudalismo garaiko berriak ez dira askoz oparoagoak. XII. mendearen hondarreko dokumentu batean, herriaren gaur egungo izena lehenbizikoz idatzita ageri da: "Ego don Martin de Soviza et mea mulier... ...nuestra ereditate de Lazcano et de Iviazaval..." (1199. urtea). Garai honetan Idiazabal Nafar Erresumako partea zen, Antso VII.a Azkarraren gidaritzapean. Gaztelako Alfontso VIII.ak Gasteiz setiatu eta egungo Araba eta Gipuzkoa direnak inbaditu zituenean pasa zen herria gaztelarren menpe izatera. Euskal Herriko Kantauri aldean, gaur egungo baserrien aurretik baziren asentamentuak, hasieran egurrez bakarrik eta, gero, harriz eta egurrez egindako txabola xume samar batzuetan biziko ziren orduko idiazabaldarrak.
Mikel goiaingeruaren eliza XII-XIII. mendeen inguruan eraikitzen hasi zelarik, pentsatzekoa da ordurako izango zela herri edo auzo eraketaren bat inguruan eta, ohi zenez, inguruko jaun edo handikien aginteak, nola edo hala, harrapatuko zuen. Lazkaoko jauna, konparazio baterako, Idiazabalgo elizaren patroi edo jauna zen eta berak zuzentzen zuen parrokiaren jarduna (bikarioa izendatuz...). Noble handikiak eta Eliza, horra garaiko bi erakunde ahaltsuenak.
Ermitak ere, gehienak, inguruko baserrietako jaunenak ziren: Santa Isabel, Eztenagakoa; San Andres, Arizkorretakoa; San Esteban, Akutaingoa; Santa Polonia, Arimasagastikoa; San Ignazio (beharbada berriagoa), Oriakoa... Gurutzetakoa eta Kalbariokoa, ordea, herriarenak.

Gizarte hura antolatu eta eratuz joan zen neurrian, garaiko administrazio egituretan sartuz ere joan zen. Gastelarren pean jada, 1384. urtean, aurreko mendean hiribildu bihurtutako Seguraren babesera bildu zen, beti ere bere nortasuna gordez ("unibertsitate" modura azaldu zen aurrerantzean dokumentuetan).
Bien bitartean, XVI. mendean, lehenagoko mendeetan egurrez egindako txabolen lekuan, gaur egun dauzkagun baserri zaharrenak eraikitzen hasi bide ziren; egurraz gain, harria eta karea ere erabili zituzten (Urbizu Gerikok gorde du (beste guztiek baino hobeto- gaur egun arte, orduko egitura). Ondoko mendeetan, artoa bezalako gai berriak sartu eta, poliki-poliki, bizilagunen kopuruak gorantz egin zuen neurrian, baserri berriak ere egin ziren XIX. mendea arte.
Baserritarrek, bere lurrez gain, Idiazabalgo herri lurrak eta Urtsuaran, Urbia eta Altzaniako partzonerietakoak ere erabiliko zituzten jadanik (antzinako erabilera arautzeko, XV. mendearen hasieran, legez eratu ziren). Baserritarren bizimoduak ez bide zuen erosotasun izugarririk, hala ere. Mendi aldeko lur haiek ezinbestekoak izango ziren hainbat gauzatarako herritar gehienentzat: ganaduarentzako larrea eta egurra zeuzkaten haietatik.
Garaian paretsu, bestalde, baserriaren ekonomiari oso lotuak zeuden industriak ere bizkortu ziren. Errotak, batetik, alea ehotzeko; Urtsuarango Olakoa eta handik beherako gainetikoak: Loidi, Lopategi, Errotagain, Arimasagasti, Oria, Eztenaga, Ihurre. Eta burdingaiak egiteko olak ere: Urtsuarango biak eta Loidi edo Zuloagakoak (hasieran herriarenak); Ihurrekoa, Lazkaoko jaunarena... gure herriko baserri ekonomiaren osagarri ezin utzizkoak izan ziren.
Baserri batzuetako jaunak aberastu ere egin ziren eta baita bere etxeak dotoretu ere: Maugia, Arimasagasti, Oiarbide eta Eztenaga (hau lehenagokoa, beharbada) jauretxe itxura emanez berreraiki egin ziren XVII-XVIII. mendeetan. Agerian dute oraindik orduko handinahia.
1615. urtean, Espainiako Felipe IV. erregeri behar zen diru kopurua ordainduz, Seguratik apartatu eta "villa" titulua lortu zuen Idiazabalek. Bere burua gobernatzeko, herriko etxea kontzeju etxe bihurtu zuen; beraren altzoan sortu zen ostatua ere.
Aurrerantzean, gainera, Gipuzkoako gobernu gorabeheretan tarteko izateko, Batzar Nagusietan esku hartzeko eskubidea izan zuen, beste herri guztiek bezala. Bizilagun gutxi samarrekoa izanik, ordea, inguruko herriekin bat egin ohi zuen Idiazabalek bere ordezkariak bidaltzeko: batean Ataun, gero Segura, hurrengoan Zegama eta Mutiloa... izan zituen elkarkide.
Eliza ere, mende oparo haietan egin edo osatu zen. XVI-XVII.. mendeetan eraikina bera (gotikoa) eta XVIII.eko hasieran korua, erretaulak eta irudiak.

Informazioa bidali digu: Aitorrek, OJAOLAAITZEKO NAPARRAK taldekoa.


Komentariorik egin nahi? idatz egiguzu Idatzi Nafarron infogunera

Orreaga gogoan, abuztuan gure festa nazionala

Orreagak esangura berezia eduki behar du euskaldun guztiontzat. Aberri Eguna abertzaleentzat dena, nafarzaleentzat, aldiz, Orreaga Eguna da, abuztuaren 15ean. Eta Orreaga zergatik? Orreaga pizgarria izan zelako Eneko Aritzaren dinastia eta nafar estatuaren sorrerarako. Nafarron estatua bertan sortu zen Orreagako batailen bidez. Gogora dezagun Orreagako lehen guda 778. urtean gertatu zela, baskoiek Karlo Magnoren armadaren erretaguardia suntsitu zutenean. Bigarren guda 824. urtean jazo zen, orduko hartan ere baskoiek irabazi zuten Pirinioetan Banu Qasiekin batera. Bi bataila haiei esker, mitoa zabaldu omen zen eta frankoak ez ziren jada ausartu berriro gure lurrak kontrolatzen. Karlo Magno 814. urtean hil zen eta gertaera haiei esker, Eneko Haritza gerlariaren inguruan nafar aristokrazia osatzen joan zen. Alboko estatuan ikus dezakegu Iñigo Arista, hau da, Eneko Haritza, non eta Madrilen (XVIII. mendean eraikia). Gerrako soldadu haiek sortuko zuten Iruñeko Erresuma lehenik eta Nafarroakoa ondoren. Hona hemen Wikipediak zer dioen Eneko Haritzaz. Konturatuko zaretenez, badauka eduki errakuntza bat, ohikoa dena abertzaleengan, Euskal Herria aipatzen du Nafarroa aipatu ordez, Eneko Haritza estatu nafarraren aitzindaria izan zelako, eta beraz ez da batere zuzena Euskal Herri izen geografiko edo kulturala estatuaren benetako izena izkutatuz:

Eneko Aritza 770. urte inguruan jaio zen eta gutxi gorabehera 852an hil zen. Eneko Eneko Ximenez izeneko Pirinioetako buruzagi baten semea zen, Aritza izeneko familiakoa, IX - X. m. bizi izan zena. Euskal Herriko errege dinastia izango zenaren sortzailea, Aritzaren inguruan sortu baitzen Iruñeko erret dinastia, Iñigotarrak izenez ere ezaguna.

Komentariorik egin nahi? idatz egiguzu Idatzi Nafarron infogunera

Urdiaingo gaztelua Nafarroako Estatuaren defentsan

Iñaki Sagredo Garde arkeologoaren gidoiaz baliaturik, bideolan ederra argitaratu du Nabarraldek Iruritako gaztelua, Urdiaingoa alegia, zelakoa zen jakin dezagun.












Komentariorik egin nahi? idatz egiguzu Idatzi Nafarron infogunera

Gasteizko defendatzaile nafarren ohoretan, 2010

Lehenengo edizioa izan da aurtengoa. Martin Txipia eta gainerako nafarren gomuta present egon zen duela aste batzuk Gasteizen. Navarrate Kultur Elkartekoek ekitaldiaren bideoa jarri dute blogean. Nafar eta euskaldunon bandera Gasteizko uribarrenean jarri zuten nafarzale zenbaitek Gasteiz hiriaren nafartasuna agerian utziz.



Idatzi Nafarron infogunera

Bilboko hiri karta, Lopez Haroko Intrusoak emana

Hona hemen, alboan, Basajauntxo-k Flickr gunean utzitako foto zoragarria, bilbotar askorentzar erreferentzia dena: Diego Lopez Harokoa, Intruso ezizenaz ezaguna eta Bizkaiko XI. jauna izan zena. Estatua Bilbon bertan dago eta gaur hiri sorreraren 700 urteak betetzen omen direla-eta, ospakizunak daude programaturik. Diegori Intruso izena eman zioten Maria Lopez Harokoari titulua lapurtu ziolako. Diego osaba zen eta Mariak 1310ean lortuko zuen Bizkaiko andere titulua behin Diego osaba hildakoan. Lopez Haroko familiak traizio egin zion Nafarroako Erregeari eta Gaztelako erregearen esku utzi zuen gaur egungo Bizkaiaren zati bat. Gogoratu dezagun Durangaldeak leial iraun zuela Nafarroaren mugen barruan.

Ba, horixe da gaur egun Iñaki Azkunak eta hainbat abertzalek ospatzen dutena, Bilbo hiriaren sasi-sorrera, Bilbao nafarra existitzen zelako 1300 baino arinago. Hori dela-eta, nafarzaleok ezin dugu ezer ospatu, bere herriari eta lobari berari traizio egin zion alferezak Gaztelako erregearen alde egin zuelako.

Komentariorik egin nahi? idatz egiguzu Idatzi Nafarron infogunera

Arrigorriaga eta Ekialdeko Nafarroa elkarlotuta

Aupa Arrigorriagako nafarzaleak

Txiki-txikitatik besteek esaten deuskue nor garen eta zer garen. Gainera, independentzia berreskuratzeko sarritan altxatu den herrian bizi garenez gero, bataila eta partidu gehienak galdu ondoren arrotzek ezarri gura deuskue nor garen eta zer garen. Bihotzez badakigu libre eta independenteak izatekotan, pozik biziko garela, baina irakasleek, aditu jakintsuek, funtzionarioek, kazetariek, politikariek eta poliziek sinestarazi nahi deuskue gure desioak eta ametsak ez direla kontuan hartzekoak. Gu ez gara inor, munduan gure herria ez da batere garrantzitsua eta, beraz, eurek agintzen daben moduan bizi behar dogu.

Nor gara gu eta zer gara gu. Hor dago koxka. Nork bere burua ezagutzea bide zaila den arren, horixe da bidea. Arbasoek iraganean erakutsitako adoreari esker, ezin dogu beste barik gure gogoz espainiarren edo frantziarren morroi edo esklabu bihurtu. Euskaldun guztiok geure buruaren jabe izan gura dogu. Gutako edonor gehiago da Espainiako erregea edo arrotzen zerbitzura dagoen lehendakaria baino. Bertoko emakume guztiak, gutxienez, euren etxeko andreak dira eta gizonak, berriz, etxeko jaunak gara.

Nondik gatoz? Herri eta lurralde independente batetik. Orain dala mila urte, Nafarroa deitzen zan eta askoz lehenago Baskonia. Gaur egungo Euskal Herria baino handiagoa zen eta arrotzak ez ziren nagusi. Arrigorriaga eta bertokoak orduan ere bazineten. Baina Nafarroaren ia aztarna guztiak desagerrarazi dabez. Malbasin mendian nafar gaztelua izan zen, 1176 urtean Gaztelak oraingo Bizkaiaren Mendebaldea Zornotzaraino indarrez okupatu arte, eta 1200 urtean hiru probintziak. Ordutik hona, 30 belaunaldi izan dira. 825 urte geroago, Arrigorriaga eta Nafarroaren artean lotura izan bazala erakusteko ez da ziurtagiri bat be gelditzen.

Hala ere, ustekabean, horren aztarna bategaz topo egin dogu. Arrigorriagan berton daukogu eta danok ikusteko moduan. Abrisketako San Pedro baselizan dago (goiko argazkia ikusi). Nafarroako estilo arkitektoniko bat ikusi gendun baselizaren buruan dagoen leiho txikian. Izan ere, harginek harria Jakako ajedrezatuaren estiloan landu eben. Jakatik zabaldu zan estilo hori eta gaur egun hiri horretara joaten bagara, katedralaren ate nagusiaren arku handi osoa dago estilo horretan landuta. Harginek handik zabaldu eben Nafarroaren eragin artistikoa eta politikoa jasotzen eben beste euskaldun batzuengan, eta Arrigorriagaraino be heldu zan. X-XI mendeetan, Jaka eta Iruñea ziren nafarren hiri nagusiak eta guztiz euskaldunak ziren.

Basauriko Udalak antolatutako txango batean agertu jakun aurkikuntza. Hogei bat lagunen artean, leihoaren nafartasunaz inor gutxi konturatu zen, geureari buruz ezer ez dakigulako. Jakintsuek, berriz, erraz esaten dabe gure lurraldean keltiarrak, erromatarrak, bisigodoak eta atzerritar danak egon zirela eta hauen aztarnak eta adibideak bilatzen dabez. Baina gaztelu bat nafarra izan zela edo idatzitako antzinako testu bat euskaraz zegoala aipatuz gero, horien mesprezua eta isekak jasan behar doguz. Hauen ustez, gu inoiz ez gara gu, besteak baizik. Espainiarrei, frantziarrei, ingelesei edo txinatarrei inoiz ez jake antzeko gauzarik eskatzen.

Guzti honi aurre egiteko, Arrigorriagako nafarzaleek behar handia egin ahal dozue. Animo! Euskararen alde eta Nafarroaren alde!

Komentariorik egin nahi? idatz egiguzu Idatzi Nafarron infogunera

Uholdeak Ibaizabal errekan ala Nerbioin?

Abran amaitzen den itsasadarra nire hizkuntzan Ibaizabal da. Euskaltzaindiaren txostenean, oker ez banago, Ibaizabal ere bada izan. Euskaraz, Ibaizabal izan behar, salbu eta Vocento taldearentzat edo ibaiak edo itsasadarrak izendatzeko arauei muzin egiten dietenentzat... espainiar ultraeskuindarrek ere nahiago omen dute Nerbioi, antza. Errioxarrek zergatik ez diote deitzen Oja izenaz Ebro ibaiari? Espainiar nazionalistek agindu behar dute gurean eta esan Ibaizabal nola deitu behar den, ala? Nerbioi eta Ibaizabal errekek bat egiten duten gunetik aurrera Nerboi izena hartzen du zatiak? Zergatik? Vocentok eta frankistek horrela nahi izan zutelako/dutelako? Wikipedian ere ez dira ausartzen egia osoa ipintzen nahiz eta Ibaizabal onartzen duten? ezjakintasunagatik ote? ala gure geografia ezagutzen ez dugulako?
Bere geografia-historia ezagutzen ez duen herriak ezin du aurrera egin modu librean.

Komentariorik egin nahi? idatz egiguzu Idatzi Nafarron infogunera

Show Business musika taldearen bigarren lana entzungai

Show Business taldearen bigarren lana plazaratuta dago jadanik. Show Business talde oñatiarraren CD berria aurten aterako da eta 12 kantu izango ditu. Taldeak diskoaren aurkezpen bira txikiari ere hasiera eman dio maiatzetik aurrera eta Goldie kantaren bideoklipa grabatu dute Aitor Perosterena eta Kepa Aranburu zinegileekin.

Komentariorik egin nahi? idatz egiguzu Nafarrok aldizkarira.

Berrikuntza txikerrak Wikipedian

Erne, wikizaleok eta Wikipediako editoreak, aldaketa txiki bat egin dute ohiko editoreen lanari nagusitasun handiagoa emateko asmoz. Barrapuntok dakar notizia. Hemendik aurrera, Wikipedian sartu berriak direnek eta idazten dituzten gauzak aparte agertuko dira harik eta editore nagusiek eta komunitateak onetsi arte.

Komentariorik egin nahi? idatz egiguzu Nafarrok aldizkarira.

Armarri nafarraren bilakaeraz

Nafarroako armarria eta bandera benetan nolakoa den eztabaidagai bihurtu da nafarzale askorentzat. Hala ere, Eneko eta Aitzol lagunek eta Jaime Albillos adituak ederki erakutsi digute zer-nolako bilakaera eduki duen armarri nafartarrak. Irakurri artikulua gure armarriaren bilakaeraz jabetzeko. Hori dela-eta, Navarrate elkartean banderak sortzea erabaki dute. Adi, bada, bandera egiteko armarriaren bilakaera kontutan hartu da-eta. Nabarlur blogean oso analisi ederra dator, Osoa.net gunean bezala.

Komentariorik egin nahi? idatz egiguzu Nafarrok aldizkarira.

Ausa gazteluko ekitaldia Ojaolaaitzeko Naparren eskutik

Ausa gaztelua Larraitzen dago, Albaltzisketa herrian (Gipuzkoa, Mendebaldeko Nafarroa), Tolosaldean, Zaldibia eta Amezketa herrietatik hurbil. Aste honetantxe, ekainaren 19an, ekitaldi hunkigarria prestatu dute Ojaolaaitzeko Naparrak elkarteko hertzaleek, eta gainera eguraldi ona egingo omen du larunbatean azken egun txarrak iraganik. Lehengo egunean informatu genuen bezala, ez da alferrikakoa izango gogoratzea ekitaldia 10.00etan hasiko dela eta bazkarira joateko ausagaztelu@gmail.com helbidera idatzi behar duzuela izena emanez. Osterantzean telefono hau ere erabil daiteke kultur ekitaldi nafarzale honen osteko bazkarian jan ahal izateko: 686 39 62 06. Ekitaldian hiru gauza eginen dira: Nafarroako bandera jarriko da, Nafarroako Gorteetako himnoa kantatuko eta Manifestua irakurriko da. Alboko irudian klik eginez gero, karteleko informazioa irakurri ahalko duzue.

Komentariorik egin nahi? idatz egiguzu Nafarrok aldizkarira.

Araba Euskaraz ekainaren 20an Agurainen

Hiru kilometroko bidea izango du Araba Euskaraz-en 2010 urteko edizioak, eta lau gune. Lautada ikastolak prestatutako jai honek kirolaz, erakusketez, musikaz eta beste hainbat denborapasaz gozatzeko aukera emango du. Umeentzako txoko bat ere egongo da.

Garraio publikoa erabiltzeko deia egin da, Gasteiztik autobusak irtengo baitira goizeko 9etan eta 11etan, eta bueltan 18:30 eta 20:00etan egongo dira.

"Nafarroako gerra (1512-1529)", Peio J. Monteano historialariaren liburua

Peio Joseba Monteano Sorbet atarrabiarrak liburu mardul bat plazaratu berri du Pamiela argitarazlearen bitartez. Peio J. Monteano historialaria, soziologoa eta artxibistikan aditua da. Liburuak 1512-1529 periodoa aztertzen du garai hartako dokumentuak ikertutakoan. Lana egin ahal izateko bederatzi urte behar izan ditu eta Simancas, Iruñea, Tutera, Paris, Londres eta Lisboa hirietan egon behar izan du Monteano Sorbetek dokumentu zaharretan "Nafarroako gerra" deitua izan zenari buruzko informazioa biltzen eta deszifratzen. Noaingo bataila zuzenean bizitu izan zuten herritarren testigantzak jasotzen ditu liburuan historialari goinafarrak. Noticas de Navarra egunkariaren edizio digitalak dakar informazio gehiago. Konkista espainiarra ulertzeko eta historikoki kokatzeko liburu interesgarria eta zientifikoa dateke. Kontutan hartzen badugu Peio Joseba Monteanoren curriculuma, nafarzale orok irakurri beharko duen liburua.

Ausa gazteluko ekitaldia ekainaren 19an

Nabarralde kultur elkarteak informazioa sakonago ematen du: nafarzaleok zita dugu ekainaren 19an Ausa gazteluan, Aralarko mendilerro nafarrean. Goizeko 10,00etan abiatuko dira mendizaleak Larraitzetik eta eguerdian bertan bazkaria egingo da 14,30etan. Blog bat ireki da ekitaldirako Wordpress gunean.

Memoria historikoa eta sinbologia nafarra EHUko ikastaro batean

Ikastaro interesgarria antolatu dute Euskal Herriko Unibertsitatean Angel Rekaldek (Nabarralde) eta Mario Zubiagak (EHU) zuzenduta. Biziki gomendagarria da nafarzaleok bertan egotea eta ekainaren 31n eta uztailaren 1ean parte hartzea. Ikastaroaren izena honakoa da: Memoria historikoa eta sinbologia euskal ondarean. Ikastaroko zuzendariez gain, Iñaki Egaña, Beñi Agirre, Josu Chueca eta Oskar Arantzabal jaunak ikusteko aukera egongo da. Ikasleek eta langabetuek 35 euro ordaindu behar dituzte ikastaroan parte hartu ahal izateko, gainerakoek 70 euro.

Peru Mariskalaren hilobia aurkitu dute Lizarran

Gaurko Berria kazetan notizia ederra dator nafarzale guztiontzat. Peru mariskalari buruzkoa da eta poztu egin gaitu nafarzale guztiok. Honelaxe dio Petxarroman berriemaileak laburpen edo sarreran:

Lizarrako San Pedro de la Rua elizan aurkitu dute Nafarroako mariskalen hezurrak gordetzen dituen hilobia. Tartean, Erresumaren independentziaren babesle sutsu Pedro II.a mariskalarenak daude.


Informazio gehiago Berria agerkari abertzalearen edizio digitalean topa daiteke.

Peru Mariskala Nafarroako Erresumaren subiranotasunaren sinboloa izan da eta nafarzaleontzat heroi nazionala. Notizia honi segimendua egin behar zaio, euskaldunon estatuaren sustatzaile eta heroiak tamalez ahantzi xamarrak izan direlakotz; eta gainera, non eta gure herrian bertan. Horien ordez, Cid, Kixote eta horrelako pertsonaiak sartu dizkigute eskolan. Nik proposamena egingo nioke Celaa EAEko errege-kontseilariari Peru Mariskalaren figurari oroikarri bat egiteko, monumentu handia Lakuan bertan.

Hona hemen lehenengoz euskaraturik Antonio Urra Maeztu nafarzaleak idatzitako artikulu laburra Peru Mariskalari buruzkoa eta Diario de Noticias egunkarian agertu zena:

Peru Mariskala eta 1512ko inbasioa

Garai hartan Nafarroako errege legitimoei fidel izan zitzaizkien askok preso egon behar izan zuten, edota deserrian egon edo heriotza ukan. Beren ondasunak konfiskatu zituzten helburua bikoa izanik: Nafarroaren aldeko herritarrak zigortu eta traizioegileei saria eman konfiskatutako ondoasunak beraiei pasatuz. Ehundaka familiak hartu zuten zigorra: Ollokitarrek, Lizarragatarrek, Desojotarrek, Ramirez Bakedanotarrek, Garro anaiek eta beste batzuek. Haietariko bat Peru Nafarroa mariskala izan zen, pertsonaia gailendua, gure Historian nabarmendu beharreko gizona. Mariskal tituluak esan nahi zuen Nafarroako nobleziako bigarren dignitatea zela, kondestable titularen ondoren.

Gizon onest honen bizitzak orrialde asko idazteko emango luke. Zenbait gertakari gogoratuko ditut ondoren. Senperrenak egin zituen inbasioaren kontra, baina lortu ez zuenez, Nafarroako erregeekin Orthez aldera joan zen.

1516. urtean erresuma berreskuratu ahal izateko, Xabierko Jatsu lehengusu batzuekin eta 1.200 soldadurekin Iparraldetik sartu zen, Erronkariko 200 herritarrek bat eginez armadarekin. Preso sartu zuten Isaban eta beste zaldun nafarrekin batera espetxeratua izan zen Atienzako presondegian. Mariskala mugitu zutenean ikusi zen pertsonaiak zuen popularitatea Lizarra herritik pasatzean; horixe gogoratu zuen Deikazteluko Juan Fernandiz auzokideak mariskalaren eskuan musua eman ahal izan zuenak. Peru mariskala askatzeko saialdiak egin ziren. Horren kontra Cisneros kardinalak eta Zaragozako artzapezpikuak egin zuten. Ez zuten askatu nahi "Nafarroaren alde egitearren" esaten zuten. Bera erosten saiatu ziren, baina berak muzin egin zion Fernando Katolikoa onartzeari eta fidel segitu zuen Nafarroako Erregearen alde.

1518. urtean Simancasko presendegira eraman zuten. 1522ko azaroaren 24an, bere semeak Hondarribiako gotorleku edo fortean borrakan egiten zuen bitartean, lepoa moztuta agertu zen. Informazio ofizialaren arabera, Mariskalak bere buruaz beste egin zuen, herriak sinestu ez zuen bertsioa hain zuzen.

Amaitzeko, Ollokitarrak ere aipatu nahi ditut, familia hau erabat menperagaitza omen zen, eta lema bezala honakoa zeukan: "Prius mori quan faldari" (lehenago hil, huts egin baino)

Inportantea litzateke V. mendeurreneko data triste hura gogoratzeko, historialariek Nafarroaren alde hainbeste egin zutenen bizitzak gogoraraztea.

Hizkuntzak Web 2.0 sistemen bidez ikasteko ikastaroa UNED Bergaran

UNED Bergarak ikastaro andana prestatu du uda honetarako. Ikastaroen artean, bat aipatu nahi dugu hizkuntz irakasleei zuzendua, eduki dezakeen interesagatik. Ikastaroan, hizkuntza arrotzak nola ikasi erakusten saiatuko dira hiru irakasle.

Hizkuntz irakasleek eta ikasleek interesa eduki dezkete ikastaro horretan. Ekainaren 24 eta 25ean hizkuntzak Web 2.0 erramintak erabiliz ikasteko eta praktikatzeko ikastaroa dago programaturik. Ikastaroan K-tuin Apple enpresak opariak egingo dizkie partehartzaileei eta iPad berria hizkuntz irakaskuntzan nola erabil daitekeen ikusteko aukera egongo da. Informazio gehiago Palazio.org gunean topa dezakezue.

Patxi Uribarren euskaltzaina Aramaion

Argazki Press erakundeari esker hemen ageri den fotoan Patxi Uribarren Leturiaga euskalzalea ageri da atzoko egunean Ander Urrutia Euskaltzaindiko buruaren ondoan. Atzo, egun handia izan zen Patxi Uribarren karmeldarrarentzat euskaltzain osoa izendatu zutelako bere herrian bertan. Patxi Uribarrenek Henrike Knörren aulkia edukiko du bihardanik aurrera eta sarrera hitzaldian Henrike Knörr euskaltzain zena bera ere gogoan eduki zuen. Aita Uribarren 1942an sortu zen Aramaion (Araba, Mendebaldeko Nafarroa) eta Euskaltzaindiko sarrera mintzaldian euskararen transmisioaz berba egin zuen. Informazio gehiago irakurri ahal da Berria infogune digitalean Anakoz Amenabar berriemaile gazteari esker.