Lehengo egunean gertatu zen. Hildakoen senide batek kontatu zigun albiste beltza eta pasahitza eman ere bai mezu hau idatzi ahal izateko blogetik bertatik. Jurgi eta Aitor autoz joan ziren opor egun batzuk hartuta Europan zehar. Antza, bi gazteen autoa errepidetik irten zen eta nahiz eta anbulantzia nahiko arin heldu zen, ospitalean hil zen Aitor eta istripuan bertan edo anbulantzian Jurgi. Gurasoek gazteen artikuluak edo testuak batu dituzte lagunei emateko.
Tamalez, ez dira heldu etxera bi nafartzaleak. Zur eta lur geratu ginen nafarrok notizia jaso genuenean. Blog hau umezurtz geratu da eta orain laguntza eskatzen dizuegu nafarrentzako albisteak ematen segitzeko. Informazioa beste ikuspuntu batetik emanda, bada garaia nafarrok gure informaziobide propioak izateko. Horixe da NAFARROK. Orain dela gutxi sortua, Jurgi eta Aitor herritar nafarrei esker. Komunikabide honek iraun behar duela uste baduzu, eskatu baimena eta segi ezazu Jurgi eta Aitorren lana. Musutruk, baina Nafarroaren alde, subiranotasunaren alde. Gora Nafarroa Askea eta Osoa!