Spiga

Athletic eta euskal harrobia

Hona hemen Jesus Perez Viñasprekoak idatzitako artikulu ederra nafartasuna hedatzeko eta futbola gaitzat hartuz

Badakigu denok Athletic mundu osoan miretsia dela, euskal harrobitik soilki elikatzen den futbol taldea delako. Hasieran, Lezamako harrobia aski zitzaion, baina denbora joan ahala, eta handik atzemaniko emaitzak murrizten ziren heinean, Euskal Herriko beste harrobietara (Reala, Osasuna, Alaves...) joan behar izan zuen jokalari bila.

Duela gutxi Athleticeko zuzendari tekniko Jabier Iruretak prentsaurreko batean Logroñoko 17 urteko jokalari baten fitxaketa iragarri eta... hara! Athletic bere berezko eta ohiko filosofia ia-ia urratzen eta lege-muga berraldatzen ari zelako susmoa jakinarazi zigun! Berarentzat dudarik ez, sortzez eta hazkuntzaz jokalari berriaren lurraldea Euskal Herritik at kokaturik zegoela adierazi nahi baitzigun; bidenabar, arazo hauek areagotuko direla, Oionesa kidetuta eta Mirandes kidetzeko zorian daudelako. Beraz, panorama beltza, kinka larria eta etsigarria, non Athletic bere jatorrizko filosofia galtzeko arrisku handian dagoela ondoriozta baitezakegu. Bapo!

Abiapuntu makurretik, ibilbide galzoritsu eta atarramendu maskal.

Lehen aipaturiko lurralde horiek Nabarraren barnean egon ziren, gero Gaztelak bortxaz atzemanak eta ebatsiak, eta azken finean denboraren poderioz, behin errotik nafartasunaren sentimendua birrindu eta gero , zeharo espainoleztatuak. Aspaldiko gauzak direla eta lekuz kanpokoa dela esaten dutenei errespetu osoz erantzungo nieke perspektibaz azter dezatela lurraldetasunari buruzko orain arteko lorpenak edo aurrerapausoak (honatx; Trebiñu eta Turtzioz eredu, gehi abertzaleen arteko liskarrak eta zatiketak) .

Gure ideologia ahulduz eta kikilduz doazen heinean, indartuz eta harrotuz arerioarena. Izan garenetik hasi, ukan genuena, bortxaz ebatsirikoa, eskatu ez, exijitu behar da duintasunez, ozenki eta irmoki errespeta gaitzaten.

Euts diezaiogun tinko gure euskalduntasunari eta orobat gure nafartasunari, ez gaitezen uzkur, ez herabe. Aldarrika dezagun beldurrik gabe gure lurraldea, bere osotasunean.

Abiapuntu zuzena: Nafarroa.

Ibilbide ziurra: nafar guztien batasuna.

Atarramendu sendoa: Nafarroa, euskal estatua.

Komentariorik egin nahi? idatz egiguzu Idatzi Nafarron infogunera