Spiga

Nafarron infogune digitalaren terminologia

Agerkari digital honetako nafarzaleok zenbait arau ditugu, guztion artean onartuak. Gure kazeta honetan parte harteko arau multzoa onartua izan dadin nahi dugu berriemaileok. Atal honetan terminologiaren inguruko arauak agertzen dira.

1.- Nafarrok agerkaria nafarzaletasunaren fruitua da eta horregatik saiatuko gara gure ustez Nafarroa Osoko herriarentzako terminologia zaindua eta nafarzalea finkatzen. Nafarroa Osoa eta Batua nahi dugu eta notiziak idazteko momentuan, herritar nafarren ikusmoldeaz agertarazten ahaleginduko gara.

2.-Euskal Herria hitza gure herria kulturalki izendatzeko erabiltzen dugu; aldiz, euskaldunon herria politikoki izendatzeko Nafarroa hitza erabiltzen dugu, euskaldunon estatu bakarraren izena horixe izan baita Orreagako batailaren denboretatik Iruñeko Erresuma sortu zenez geroztik, hain zuzen ere.

3.-Abertzaleek erabili ohi dituzten Euskadi eta Euzkadi berbak ez dira ohikoak agerkari honetan. Horien ordez, Nafarroa erabiltzen dugu Euzkadi hitzak adierazten duenaz harantzago baitoa Nafarroa toponimo eta estatu-izena. Hala ere, hitz horiek erabil daitezke erakunde eta elkarteen izen ofizialetan, izen originalak horrela idatzita daudenetan.

4.-Nafarroa hitzari ematen diogun izaera estatu edo nazio izaera da, Iraultza Frantsesera arte estatua izan delakotz, geroagoko denboretan ere Nafarroako Errege Etxearen bidez estatu horren zuziak piztuta iraun duelarik.

5.-Euskal Autonomi Elkarteko herrien ondoan (Mendebaldeko Nafarroa) jartzen dugu gutxienez. Herria handia baldin bada, aski da hori jartzearekin; baina herriska edo auzo bat baldin bada, herrialdearen izena ere jarri ohi dugu parentesi artean, adibide honetan bezala: sute handia gertatu da Larraurin (Bizkaia, Mendebaldeko Nafarroa).

6.-Abertzaleen Euskadiko zazpi probintzietarik kanpoko herri edo auzo bat aipatu behar badugu, parentesi artean jarriko dugu kokapena Nafarroa hitza ardatz hartuta. Esaterako; lau kirolari euskaldun hil dira Oskan (Aragoa, Ekialdeko Nafarroa) gaur goizean.

7.- Baskoniako Landetako herriak aipatzekotan, parentesi artean (Landeta, Ipar Nafarroa) jarri ohi ditugu izenak; adibide honetan bezala, lau andra hil dira Leongo lakuan (Landeta, Ipar Nafarroa) txalupa hondoraturik.