Spiga

Showing posts with label Iritzia. Show all posts
Showing posts with label Iritzia. Show all posts

Athletic eta euskal harrobia

Hona hemen Jesus Perez Viñasprekoak idatzitako artikulu ederra nafartasuna hedatzeko eta futbola gaitzat hartuz

Badakigu denok Athletic mundu osoan miretsia dela, euskal harrobitik soilki elikatzen den futbol taldea delako. Hasieran, Lezamako harrobia aski zitzaion, baina denbora joan ahala, eta handik atzemaniko emaitzak murrizten ziren heinean, Euskal Herriko beste harrobietara (Reala, Osasuna, Alaves...) joan behar izan zuen jokalari bila.

Duela gutxi Athleticeko zuzendari tekniko Jabier Iruretak prentsaurreko batean Logroñoko 17 urteko jokalari baten fitxaketa iragarri eta... hara! Athletic bere berezko eta ohiko filosofia ia-ia urratzen eta lege-muga berraldatzen ari zelako susmoa jakinarazi zigun! Berarentzat dudarik ez, sortzez eta hazkuntzaz jokalari berriaren lurraldea Euskal Herritik at kokaturik zegoela adierazi nahi baitzigun; bidenabar, arazo hauek areagotuko direla, Oionesa kidetuta eta Mirandes kidetzeko zorian daudelako. Beraz, panorama beltza, kinka larria eta etsigarria, non Athletic bere jatorrizko filosofia galtzeko arrisku handian dagoela ondoriozta baitezakegu. Bapo!

Abiapuntu makurretik, ibilbide galzoritsu eta atarramendu maskal.

Lehen aipaturiko lurralde horiek Nabarraren barnean egon ziren, gero Gaztelak bortxaz atzemanak eta ebatsiak, eta azken finean denboraren poderioz, behin errotik nafartasunaren sentimendua birrindu eta gero , zeharo espainoleztatuak. Aspaldiko gauzak direla eta lekuz kanpokoa dela esaten dutenei errespetu osoz erantzungo nieke perspektibaz azter dezatela lurraldetasunari buruzko orain arteko lorpenak edo aurrerapausoak (honatx; Trebiñu eta Turtzioz eredu, gehi abertzaleen arteko liskarrak eta zatiketak) .

Gure ideologia ahulduz eta kikilduz doazen heinean, indartuz eta harrotuz arerioarena. Izan garenetik hasi, ukan genuena, bortxaz ebatsirikoa, eskatu ez, exijitu behar da duintasunez, ozenki eta irmoki errespeta gaitzaten.

Euts diezaiogun tinko gure euskalduntasunari eta orobat gure nafartasunari, ez gaitezen uzkur, ez herabe. Aldarrika dezagun beldurrik gabe gure lurraldea, bere osotasunean.

Abiapuntu zuzena: Nafarroa.

Ibilbide ziurra: nafar guztien batasuna.

Atarramendu sendoa: Nafarroa, euskal estatua.

Komentariorik egin nahi? idatz egiguzu Idatzi Nafarron infogunera

Nafarroaren historiari buruzko biltzarra

Angel Rekalde doktore euskaltzaleak honako artikulu eder hau idatzi zuen lehengo egunean Berria egunkarian Vianako historia kongresua dela-eta.

Irailaren 18an eta 19an 1512ko konkistaren inguruko Historia Kongresua egingo dugu Vianan. Hemendik bi urte eskasera beteko da Nafarroako konkistaren bosgarren mendeurrena, Pirinioen hegoaldeko euskal independentziaren eta, azken batean, euskaldunok historian eduki dugun Estatu bakarraren galera ekarri zuenarena.

Hesi eta ahanzturen ghettoan sartutako palestinarrei buruz ari dela, «israeldarren bonbardaketek utzitako eraikinen hondakinen» irudiak jaso eta gordetzen tematuta deskribatzen ditu Carles Guerrak. Bada obsesiboa den zerbait palestinarrengan, beren triskantzen lekuetan hondakin amaigabe horiek erregistratu eta gordetzeko nahi horretan.

Zeregin horren zentzua iraun nahi izatearekin lotzen da, israeldarren presioa hainbeste urtetan jasan ondoren hartutako eskarmentuaren ondorioz. Alde batetik, pairatutako indarkeriaren froga gorde behar dute, haren dokumentu grafikoa; izan ere, Guerrak adierazten duenez, «suntsiketaren erakusgarria ere suntsi daiteke». Bigarren plano batean, suntsiketaren erakusgarri hori dagoen artean, herri palestinarrak izaten jarraituko duelako. «Estaturik ez duten palestinarrentzat, argazkia beren herritartasuna suspentsoan geratu ez den lurralde bakarra da». Kale birrindu horietan subjektu erreal izaten jarraitzen dute, oso presente dagoen subjektua, azken etxea bota behar izateraino garaitua izango bada. Beste kasu batzuk ere aipa genitzake, hala nola Mauthaussen, Varsoviako ghettoa juduentzat, baina argudioa berbera da.

Hausnarketa horrek bortizkeria eta zapalkuntza mendetan jasan dugun beste herri batzuei zer pentsa ematen digu. Ziur asko, batek baino gehiagok gutxietsi egingo ditu ideia horiek gure gizartera aplikatzeko garaian, itxuraz hain osatua, ederra eta aberatsa baita. Alde ederra dugu palestinarrekin. Eta, hala ere, herritartasunaren suspentsio-fasean gaude jadanik, gure izatearen ukatzean, eta, jakina, aspalditik, suntsiketaren erakusgarriaren suntsiketan. Euskal Herririk ez dago, nazionalisten inbentoa da. Nafarroak ez du zerikusirik euskal herriarekin. Ez gintuzten konkistatu, baizik eta elkartu egin ginen, gerrarik eta inbasiorik gabe, itunen eta borondatezko entregatzeen bidez...

Kasualitatea edo paradoxa, Guerrak esperientzia horien berri ematen duenean, guri dagokigun adibide batera jotzen du. Gu aipatzen gaitu. Picassoren Gernika-ren kasua jartzen du neutralizatu egin daitekeen suntsiketaren erakusgarri horren eredutzat: «Lapurtutako monumentu nazionala» da. Espainolen bortizkeriaren froga zena, bere eginkizuna Gernikan bete behar zuena, margolariak berak pentsatu bezala, Espainiako museo batean dago bahituta, artelanaren zeregin estetiko hutsa betetzen. Bere esanahia ezabatuta dago. Eta inor ez da asaldatzen, ez sumintzen.

Larriena da gure dominatzaileekin egunero dialektika desorekatuan gabiltzala, izaten jarraitzeko borroka sinbolikoan, besteak beste. Eta desarmaturik gaude. Mendetan jipoitu eta suntsitu gaituzte, palestinarrekin egin bezala, baina hondakinetatik salatu ordez eta gure eskubideak aldarrikatu ordez, badirudi ahaztu egin nahi dugula. Berdin dio zer egin diguten; egunero hutsetik hasi behar dugu.

Memoria galtze suizida horren aurrean, gure herriaren oroimenaren mapa berregin behar dugu, eta ez 36koa soilik, Gernika, Sartaguda, Intxortak, Bilbo, etab. Baita ere Amaiur, euskara, Noain, Orreaga, Gasteiz, Hondarribiko gudua... 1512ko konkista, Sonsierrakoa 1462an, mendebaldeko Nafarroakoa 1200an. Gaztelu plaza, Iruña-Veleia, Praileaitz. Gure iraganaren oroimen-gune guztiak, fisikoak nahiz immaterialak, ezinbestekoak dira nor garen, non eta noiz izan ginen jakiteko, izaten jarraitu nahi badugu.

Egunero hutsetik hastea identitatean eta izatean amore ematea da, arerioari txeke zuria ematea. Vianako historialarien kongresua oroimen kolektiboari dagokion jardunaldia da, gizarte zibil osora, hedabideetako eztabaida publikora eta hezkuntza-sistema guztira zabaldu beharko litzatekeena; etorkizuna baitugu jokoan.

Komentariorik egin nahi? idatz egiguzu Idatzi Nafarron infogunera

Txillardegiren artikulua Aste Nagusiaz

Hona hemen Berria egunkarian Txillardegik abuztuaren 26an argitaratu zuen artikulu ederra Donostiako Aste Santuaz. Gogoeta eragiteko eta indarrak batzeko artikulua.

Abuztuaren 21an amaitu da «Semana Grande Donostiarra» delakoa. Batzuek, euskaraz , «Donostiako Aste Nagusia» itzulia .

Aurten ere zer ikusi eta entzun dugu astean barrena? Zortzi egun horietan barrena, alegia (Bilbon bederatzi izango Iñaki Azkuna alkatearen pozerako).

Oso nekeza da donostiar euskaldunok pairatu behar izan duguna azaltzea.

Zortzi egunez, eta egunero, zezenketa antolatu dute Illunben. Zenbat zezen hil arte torturatu duten ez dakit: sei? zortzi? Biderketa erraza da: 60 bat zezen sakrifikaturik aste honetan zehar.

Eta pozarren. «Olé» txuleskoak eta «pasodoble toreroak» ok eragin arte entzun arazi dizkigutelarik.

Turistek ere (gehienek), hemengo egoeraz zipitzik ez dakitelarik, pozik oso : «C'est formidable! Ici nous allons voir une corrida en Espagne».

Euskal Telebistan, berriz, Alberto Surioren gidaritzapean,bi kateetan eman dituzte egunero zezenketen berri. Areago, ETB-1an are jerga berezi bat asmatzen saiatu dira euskaraz.

«La Fiesta Nacional Española»-k hori eta gehiago merezi duelako.

Piper-potoaren erdian zezen buru baten isla erantsia ikusi dugu ehunka banderatan.

Eta gazte batzuen nikietan ere hau irakurri dugu: «Somos españoles». Beste batzuetan «Somos España» Eta Donostiako Parte Zaharrean ibili dira, probokatzaile (konturatu gabe, omen).

Orain, urteroko inbasioaren amaiera gertu bide dugularik, gutxienez «etxekook» (?) mugituko gara Donostiako kale eta enparantzetan. Itoketa saioa pittin bat lasaituko da, pittin bat bederen.

Eta aste jasanezin hau amaitzean, geure artean pentsatzen dugu. Hau ez da Aste Nagusia izan. Hau Aste Espainola izan da.

Noizko izen aldaketa ?

Donostiarrok aztertu behar dugu .

Noiz amaituko dugu «Aste Nagusia»-ren fartsa?

Batzuek, ahal dutenek, gutxik, hartua dute erabakia: aste horretan norabait joatea, baserriren batera, herri txikiren batera. Baina Donostiatik, hanka .

Baina horrelakorik egin ezin dezakatenek, gehienek, zer egingo? Benetan zer gomenda ote daitekeen ez dakit.

Baina orain esaten den bezala, aste hau «gehiegiegi» izan da.

Urtero izaten den bezala, egia aitortzeko.

Komentariorik egin nahi? idatz egiguzu Idatzi Nafarron infogunera

Orreaga: atzo ta gaur

Hona hemen, Soberania de Navarra blogetik hartutako artikulu izugarria. Aitor Nafarrondok euskaratua.

Pasa den 2010eko abuztuaren 15ean, Vasconia osoko nabartarrak bildu ginen, gure arbasoen garaipenik handi eta ezagunena ospatzeko. Gure arbaso baskoi independienteak, zeintzuk 769 urterako nabar termino politikoarekin ezagunak baitziren. Bataila horrek zera suposatu zuen, historiaren testuinguru unibertsalean: garai hartako armadarik “onenaren”, armada karolinjiarraren, porrot bakarra. Gertaera beliko eta politiko honek aditzera eman zuen Europako Herri-Nazio zaharrenaren autodeterminazio burujabea, hainbat mendetan zehar askatasuna bilatu zuen herri batena. Bai 778ko batailak, baita 824koak ere, nabartar edo baskoien batasunaren lehen pausoa izan ziren, kanpoko eraso militarren aurrean.


778 urteko abuztuaren 15ean, pagano, kristau eta musulmanak, nahiz eta gure herria ezberdintzen zuten hiru pentsamolde ziren, ez zuten gure herria banatu: guzti haiek baskoiak ziren, eta ez zuten momentu baten ere dudan jarri, erasotzaile handiago baten aurrean, haien indarrak batzeko beharra, eta horra hor lortu zutena. Orduko etsai horiek, frankoek, gure herria desagertarazi edo esklabu bihurtzea besterik ez zuten bilatzen, gaur egun aliatu frantses-espainolek egiten duten bezala. Baina gure Herri-Nazioaren zorionerako, VIII mendeko nabartar haiek ondo antolaturik zeuden, gaur tamalez ez bezala. Hala izan ez balitz, garaituak izango ziren eta gu, haien ondarea, ez ginateke bizirik egongo, XXI mendearen lehen hamarkada amaitzear den honetan.


Gure arbaso ziren lehen nabartar horiek, haien gaitasunaren mugak ezagun zituzten, eta haien helburua lortzeko, orduko metodoekin noski, hau da, borroka militarra, Astobizkar pasabidean elkartu ziren, Orreagatik hurbil. Bazekitenez karolinjiar zalditeria nagusi zela, ingurumenaren ezagutzaz eta hainbat armaren erabileraz baliatu ziren, hala nola aizkora motzak, aihotzak, sastakaiak... gure arbaso nabartarren armak etsaiarenak baino askoz ere arinagoak ziren, eta gudua bideratzen jakin zuten garaipena lortzeko, baita lortu ere. Nabartarrek haien lurretik etsai erasotzaileak botatzea lortu zuten.


Gaur, urteurren hau pasata, batasun hura gogoratzera behartuak gaude, gaur ez dugun batasuna. Konturatu behar gara, armen bidez kendu ziguten askatasun hori berreskuratzeko, gure interes partikular edota alderdikoiak alde batera utzi behar ditugula, amankomuneko helburu baten bila. Nazioarteko Jurisprudentziara jo behar dugu, espainiar edota frantziar jurispdrudentzia kolonialak onartu gabe. Gure arteko gatazka baliogabekoak alde batera utzi eta gure gaurko etsaiei -espainiar eta frantziar inperioak- aurre egiteko batu behar gara, militarki gure herrian genozidioa praktikatzen baitute gure Nabar Estatua okupatu zutenetik; eta gure erakundeak ezabatu baitituzte, haienak inposatuz, gure Zuzenbide Piriniotarra alde batera utziz, eta Nabarraren zati handi bat alienatuz.


Gaur egun, bi inperio hauek exekutatzen duten biolentzia sufrituz, baina oraindik ere bagaude gure askatasuna, gure independentzia berreskuratu nahi dugun nabartarrak, armen eta aitasantuaren abal baten bidez kendu baitzizkiguten. Gaur, 2010 urteko abuztua bukatuta, Herri honetako estatalista, independentista eta subiranistek, dagokigun termino bakarrarekin izenda gaitzaten nahi dugu: nabartarrak. Baina honetarako kontsekuente izan beharra dugu. Konturatu behar gara gure helburu noble eta benetakoa lortzeko, gure arbasoek 778an izandakoak baino tresna hobeak ditugula: tresna baketsu eta legalak, edozein arma militar baino askoz ere boteretsuagoak direnak.


Hasteko, ez dezagun ahaztu historia politiko luze bat dugula, besteen aurrean ordezkatu gaituen Estatu bakarrarena, Nazioarteko Antolamendu Juridikoan -zahar eta berrian- bildutako Eskubide batzuekin. Gainera, gure esklabotasunak irautea interesatzen zaien horiek diotenaren kontra, Nabarrako Koroaren onarpena dugu gure helburu politiko eta egiturazkoak betetzeko. Nabarrako Koroak onartzen du hau Herriak erabaki behar duela, hau delako orain Foru Nabartar bezala ezagutzen den Zuzenbide Piriniotarrak dioena.


Nahigabeei gaina hartzeko ordua da, gure ikuspegi ezberdinak alde batera utzi eta gure aberkideekin konpromisoa hartu, zintzoki gure batasuna onartuz, 778ko abuztuaren 15 hartan baskoiek egin bezala, horrela berriz ere gure asktasun hain maitatu hori berreskuratzeko: gure arbasoek Nabarrako Estatua sortzeko baliatu zuten askatasuna.


Askoren ustearen kontra, interes elektoralen menpean egoteak -beste batzuen artean- esklabotasuna luzatu besterik ez du egiten, berdin dio Espainiako erregearekiko edo Frantziako Errepublikako presidentearekiko. Europako herri aborigen honekiko zapalkuntzak jarraitu ezkero, bukaera bakarra nabartar guztion deuseztapena izango da. Esna gaitezen behingoz: espainiar edo frantziar demokraziek ez dute ezer konponduko. Izan dezagun argi, maite dugun askatasuna berreskuratu nahi badugu, planteatu beharrean gaudela, berehala, desobedientzia politiko, zibil eta fiskala, inperio espainiar eta frantziarraren politika inposatzaileen aurka. Argi izan behar dugu, VIII eta IX mendeetako nabartar horiek izan zuten bezala, independentzia soilik lortuko dugula hau egiten hasten bagara orain. Hau oso argi izan beharreko gauza da ze, soilik politika eginez benetako independentzia batetatik, lortuko dugu gure Nabarrako Estatuaren subiranotasun osoa eta honekin, behingoz ezagutuko dugu zer den askatasuna.


Komentariorik egin nahi? idatz egiguzu Idatzi Nafarron infogunera

Nafarzale hori, zein da zure bandera?

Nire bandera nazionala zein den galdetu didate gaur Europan, nagoen herrian, Nafarroako mugetatik urrun. Nire erantzuna honakoa izan da: bandera gorria, nire arbaso ganboatarrek mirestu zutena, katerik ez duena eta antzinako errege nafarrek eraman dutena. 'Eta ikurriña, zer da zuretzat?' galdetu didate segidan. Nire erantzuna: zuretzat zer da karlisten gurutzea, Done Anderren aspa duen bandera alegia? ba, zuretzat bandera horrek esan nahi duena, hori berori da niretzat ikurriña, ez gutiago, ez gehiago. Bego gure bandera nazionala egon behar den tokian, eta bandera berriak eta partidistak beude orain armairuetan.

Komentariorik egin nahi? idatz egiguzu Idatzi Nafarron infogunera

Industria farmazeutikoaren trapu zikinak

Ignacio Escolar kazetari kritikoak artikulu ederra idatzi berri du industria farmazeutikoaren gorabeherak eta praktika gaiztoak aipatuz. Nacho-ren blog pertsonalean topa dezakezue oso horniturik dagoen artikulua. Hori bai, nahiz eta I. Escolar Nafarroako mugetatik hurbil jaio zen Burgos aldean eta euskara berehala ikasiko zuela kontutan harturik, gaztelaniaz idatzi du artikulua. Escolar-ek, Espainian beste batzuek egiten ez duten bezala, euskara errespetatzen du eta herri nafarra. Ignacio Escolar, Publico egunkariko zuzendari ohia da eta Rebelion webgunean artikulu onak ditu. Twitter gunean ere jarraitu ahal duzue Escolarren bizitza.

Komentariorik egin nahi? idatz egiguzu Idatzi Nafarron infogunera

Izan eta ukan uztartuz

Egungo gizartean, eta batez ere aberriarekiko maitasun bat agertzen duten sektoreetan, nafar izan ginenaren ideia aski zabaldua dago. Nafarroa euskaldun politikoki libreen lurra izan zela ezaguna da, baina honi bigarren mailako argumentu izaera ematen zaio. Lurraldetasuna txikiagotzeaz aparte, ez zaio estatalismoari beharrezko garrantzia ematen, lur honen askatzaile diruditen askok terminologia antzu bat erabiltzen dute uneoro.

Estatuen aurrean erreibindikazioak egiterako orduan, garenari eta izan garenari heldu behar diogu. Ezin genezake euskararen bizkarrean jarri gure asktasunaren zama, are gutxiago euskara (zoritxarrez) lurraldearen zati batean soilik ezagutzen denean: hori argi dugu Nafarroa Osoa defendatzen dugunok, baina Zazpiak Bat-aren defendatzaileek ere horretan pentsatu beharko lukete.

Euskarak sortutako guzti horren erreibindikazioa ere egin behar dugu. Gure hizkuntza hain zahar eta ezberdin horrek, mentalitate ezberdin bat eman zigun, lurra eta giza harremanekiko beste ikuspegi bat, eta horrela, guk gure estatua sortu genuen, mentalitate hori oinarritzat hartuta gure gizartea gure erara antolatzeko. Gure burujabetasunaren konkistak, gure hizkuntzaren gutxitzea ekarri du, eta honek gure mentalitatean zulo handi bat eragin: gure burujabetasunaren beraren ukapenera heldu gara.

Oraingo politikari "soberanista" batzuek hain zuzen horri egiten diote erreferentzia, burujabetzari. Ez al dira ba konturatzen, burujabetza gu gure jabe izatea dela, gure legeak egitea inork legerik ezarri gabe? Espainiako eta Frantziako urnetan bozkatzen jarraitzen dugun bitartean, burujabetzari uko egiten jarraituko dugu.

Egoera ez-demokratikoa bizi dugu, bai, baina ez alderdi politiko bat ilegalizatuta dagoelako soilik, baizik eta herriaren borondatearen kontra estatu zapaltzaileek haien borondatea gainjartzen dutelako. Egoera biolentoa bizi dugu bai, baina ez soilik armen ahotsagatik, baizik eta lege batzuk inposatu egin dizkigutelako (burujabetza zuzenean akatuz). Kolonizazioa, okupazioa, hori da bizi duguna. Eta herri kolonizatu eta okupatu bezala jarraitzen dugu, bozkatu ahal edo ez, biolentzia fisikoa egon edo ez. Herri kolonizatu eta okupatu bezala jarraituko dugu, kolonizatu eta okupatuta gaudela konturatzen garen arte. Hauexek ditugu gure herriaren egoera politikoa definitzen dituzten terminorik oinarrizkoenak.

Nafarrak gara, estatu bat dugu, eta denbora luzez okupatuta dirau. Baina bizirik gaude.

Alots Gezuragak biharko egunari buruzko artikuloan idatzi bezala, "izan eta ukana uztartu" beharrean gaude, izan bagarelako, baina ukandakoa ostu egin zigutelako. Gure estatua berreskuratzea, ez dugu beste zereginik.

Komentariorik egin nahi? idatz egiguzu Idatzi Nafarron infogunera

"La Flamenca" edo flandiarrak Donostian

Hona hemen atzoko alean, Berria egunkari abertzaleak argitaratutako artikulu interesgarria, Josu Tellabide etnologoak idatzia.


Urtero bezala, Donostiako gazteek Pirata taldeak antolatzen dituzte Donostiak 2010eko agorrileko jai-astean kutsu jatorra eta herritarra har dezan.

2010eko agorrilaren 9ko Hitza egunkarian Joan Markel Ormazabal musikariak artikulu batean idazten duenez, La Flamenca izena jarri behar omen diote aurten Trinitateko Plazan gazteek jarriko duten festa guneari.

Eta nondik-edo atera ote da izen hori? Batzuentzat harrigarria izan behar du zalantzarik gabe, zeren 1901eko Calleja Editorial-eko Lengua Castellana-ren hiztegia kontsultatuta, flamenco hitzaren esanahia -beste esanahien artean- hauxe azaltzen da: «Achulado, gitanesco, se dice de cierto genero de canto y baile sumamente descarado y obsceno muy usado entre gentes bajas y de malvivir o de aficiones acanalladas».

Miguel Primo de Rivera diktadorearen dekretuz, 1920ko hamarkadan gaztelania zena «lengua española» bihurtu zuen halabeharrez; beraz, 1966 urteko Sopena Editorialeko Lengua Española-ren hiztegiak honela dio: «Flamenco: dicese del andaluz que tiende a hacerse agitanado. Achulado».

J.M. Ormazabalen artikuluak dio: «... Agirietan behin eta berriro aipatzen da Puiuelo kaleko, oraingo Fermin Kalbeton, La Flamenca ostatua salerosketen eta porturatutako pirata nahiz kortsarioen topaleku gisa...». Puiuelo kalea -oraindik donostiar peto-petoak horrela deitzen dute- Donostiako kale izenik zaharrena da, XIII. mendean lehen aldiz aipatua. Pui izen gaskoia da, eta mendixka esan nahi du. 1919. urtean, udalak izena aldatzea erabaki zuen, eta Calle de Fermin Calbeton izena ezarri zion. Kalbetonek ministro, diputatu, enbaxadore eta beste hainbat kargu zituen. Pio Barojak, Donostiak eman duen idazle entzutetsuenak «politico mostrenco y vulgar» gisa kalifikatu zuen Kalbeton. Barojaren iritzi hau Boletín de la Sociedad Vascongada de Amigos del Pais-en 1955eko 112. zenbakia duen aletik hartua da esaldi hori.

Bide batez, Piratek lana badute Puiuelo izen jator donostiarra berreskuratzen. Puiuelo kalean La Flamenca deituriko denda eta ostatua omen zegoen. Ez dugu uste hango jabeak bere burua gutxizko egitea bilatuko zuenik horrela deituta, bera Flandriakoa zelako edo herri horretako mozkinak saltzen zituelako baizik.

Izan ere, Austriako enperadoreekin Gaztelako erresuma Europako eremu zabalak menderatzen hasi zen. Flandria (Herbehereetako parte) gogor borrokatu zen Gaztelako Erresumatik libratzeko. Eta Gaztelako militar eta soldaduek krudelki aritu ziren haien kontra lur haiek menderatzen jarraitu nahian. Horrelako krudelkeria eta krimenak egin zituzten gaztelarrek edo espainolek, ezen lur haietan haur bat temati jartzen bada ez duela jan edo lo egin nahi, «Albako Dukea azalduko» zaiola esanez beldurtzen duten. Flandria bi mende luzez egon zen Gaztelaren menpe, harik eta 1713an Utrechteko Tratatuan galdu zuen arte. Honela, ziur aski flamenco hitza deitura peioratibo gisa erabili izan dute Gaztelako hizkuntzan. Flandriarrak «harroak» (eta gauza are okerragoak) baitziren zapaltzen uzten ez zirelako...

Dena den, XVI. eta XVII. mendeetan Gaztelako lehengaiak (artilea eta beste) Flandria aldera euskal portuetatik joaten ziren, eta han mozkin manufakturatuak (oihalak eta beste) berriz hona heltzen ziren.

Serapio Mujikak bere 1916. urteko Las Calles de San Sebastian liburuan, Esterlines kalearen esanahiaz honela dio: «Los vascongados tenian en los siglos XIV y XV factorias en Flandes, Inglaterra, Escocia, Alemania y Francia, manteniendo muy activas relaciones mercantiles con los hanseaticos o esterlines que monopolizaban entonces el trafico de los países del Norte, y como San Sebastian era por su mayor antiguedad respecto de Bilbao, el centro de contratacion mas importante de la costa cantabrica y la plaza mas frecuentada por los teutonicos, tendrian a su vez alguna lonja y hospederias en la Calle de Esterlines de la vieja Donostia, derivandose su nombre de esta circunstancia».

Esterlinesen, eta, noski, Puiuelon zituzten dendak eta ostatuak!

Are gehiago, XVII. mendearen bukaeran pertsona flandriar bat eta bi baino gehiago Gipuzkoako herrietan bizi zela badakigu. Horrek beste ikerketa lan bat merezi du.


Komentariorik egin nahi? idatz egiguzu Idatzi Nafarron infogunera

Amorebietari Venezuelako selekzioarekin jokatzeko aholkua damaiogu

Irudian ikusten den bezala zekarren Deiak kirol arloan Amorebietaren notizia, Athleticeko jokalariak Venezuelako selekzioarekin jokatzeko asmoa agertutakoan. Ziur nafarzale eta abertzale batzuek galdetu diotela beren buruari ea nor den Athletic horrelako aholkuak emateko.

Beraz, Athletic futbol taldeak gomendioa eman dio Fernando Amorebieta futbol jokalariari Venezuelako selekzio nazionalarekin ez jokatzeko. García Macua presidenteak, Fermín Palomar presidenteordeak eta Joaquín Caparros entrenatzaileak gomendioa eman diote Venezuelako selekzioarekin jokatzeari uko egin dezan. Ez dut uste gauza bera egin dutenik Llorente eta Javi Martinez jokalari nafarrekin. Gainera, Espainiako selekzioarekin jokatu ahalko duelako itxaropena helarazi diote Iurretako jokalariari. Beste behin agertu dute Athletic-eko arduradunek beren desoreka futbol selekzio nazionalak direla-eta. Venezuelarekin trabak, Espainiakoarekin txaloak, antza. Horixe da gaur egun Athletic-ek duen bidea, espainiartasuna erakutsiz eta Espainiako abertzale bihurtuta. Horixe da hainbat euskal abertzalek duten talde eredugarria. Horrelako jokaerak elkartasuna erakutsi behar dute gugandik eta horrexegatik diot nik Fernando Amorebietak beraren nahia bete behar duela eta Venezuelan jokatu espainiar inperialistek Simon Bolivar libertadorearen selekzioa gorrotatzen dutelako.

Fernando Amorebieta Venezuelan jaio zen bertako gurasoak dituela, eta horri esker, herritartasun bi ditu. Horrek aukera ematen dio selekzio handi batean jokatzeko, nahiz eta Venezuelan futbolak ez eduki Europan duen arrakasta, ez dago gaizki gertatu dena Mendebaldeko nafarrok ezagut ditzagun Athleticeko arduradunen jokamoldeak. NIk, haiek ez bezala, animatu egiten dut Amorebieta Venezuelakoarekin joka dezan, baita inoiz selekzio nafarrarekin ere.

Komentariorik egin nahi? idatz egiguzu Idatzi Nafarron infogunera

Nafartasuna hedatu arte ez da konponduko euskal arazoa

Hona hemen Jakobe Palazioberrik idatzitako artikulua Askatasunaren Egunari buruz eta Bizkaia nafarra da izeneko blogean argitaraturik dagoena.

Euskaldunon herrian bizi garenok problema kultural eta politiko latza dugu, herria zeharo banaturik daukagulako. Bere buruari izena emateko orduan ados ipintzen ez den herriak, mugak non dituen zalatzan dagoen herriak, sistema politiko desberdinak dituenak egoera larria bizi du. Tamalez, horixe da gure herria. Hala ere, estatudun herria da, Nafarroa izena duena.

Batzuek historiatik askatzeko gomendioa ematen dute, baita hizkuntza nazionala albo batera uzteko ere... betikoa da, euskara eta historia gorrotatzen dituzte herritar batzuen iritziz beren inperioa inportanteagoa delako euskal lurrak baino. Historiatik askatzeko diote abertzale batzuek, konturatzeke historia eta hizkuntza direla herri honen altxorrik preziatuenak eta zutabeak. Hori diote eta aldi berean gaztelaniaz edo frantsesez egiten dute inolako lotsarik gabe. Beren estatuaren historia ez dute irakurri eta seguraski asmorik ere ez. Temati eta sutsu batzuk, baina abertzale zintzoek ondo ulertuko dute zein den bidea.

Euskadi, Euskal Herria eta Nafarroa, hiru izen eta entitate bakarra banaka batzuentzat. ETBk plazaratzen duen terminologiak hiru izen horiek desberdintzen erakusten digun arren, historia nafarra irakurri eta barneratu dugunok, alta, ez dugu amorerik emanen. Aimeric Picaud-en garaian bezalatsu (orain ia mila urte) nafarrak eta euskaldunak berdinak dira; enda berekoak, euskaraz mintzo direnak dira, lurralde nafar okupatuetan bizi direnak.

Abertzaleen sineskeriak albo batera utzi behar ditugu: euskal herrialde edo tenentzia nafarren independentzia banakakoa, heraldika gaztelaua, Espainiak eta Frantziak finkatutako ikusmolde historiko garibaizalea, Esteban de Garibaytik datorkiguna... Espainiarrek Diego Lopez Haroko traidorea gur dezakete, baina ez herritar nafarrek, gipuzkoar espainiarrek Irungo desfilearen esanahia atsegin dezakete, baina ez Mendebaldeko Nafarroako ganboatarrok. Gure herrian gauzak aldatuz joan behar dugu, nafartasunaren konzientzia pizteko. Ikastolek egin ez duten lana baten batek egin beharko du, eta orain da abagunea pertsona jakintsu batzuen belaunaldia etorri zaigulako, Federico Krutwig-en emaria berreskuratu ahal izateko: Urzainqui, Esarte, Sorauren, Asiron, Ariznabarreta, Anabitarte, Mtez Garate, Recio, Rekalde, Unzueta... hainbat dira intelektualak, gure herriaren historia hankaz gora jarri dutenak, egia historikoaren alde eginez. Nafarroaren okupazio edo konkistaren V. mendeurrenean, abertzale eta nafar estatalista asko batu dira historia nafarra aldarrikatzeko. Gero eta gehiago gara eta aldarri berbera daramagu: nafar estatua kulturalki antolatzea.

Estatu zahar eta iraunkorra dugu nafarrok, historian zehar iraun duena eta egun Foix-Albret errege etxean datzana harik eta herriak azken hitza esan ahal izan arte. Errepublikazale nafarrek eta euskaldunek seguraski erreparoak jarriko dizkiote horri, erregetzen baitan sinesten ez dutelako; baina beraiek badakite jakin Espainia erresuma sistema dela eta bertan errepublikazale gehienak kontent direla. Kontua herriari boza ematea, baina ez boz espainiarra edo frantsesa, baizik eta boz nafarra. Eta bide horretan, arazoa ez dago Nafarroa Garaian ikurriña eta euskaltasuna finkatzean soilik, baizik eta arazoa Mendebaldeko Nafarroako lurraldeetan nafartasuna piztean. Horregatik batzen gara nafar estatalistok Orreagako bataila oroitzeko abuztuaren 15ean, Askatasunaren Egunean.

Komentariorik egin nahi? idatz egiguzu Idatzi Nafarron infogunera

Nafarrak eta baskoak desberdinduz

Goi Erdi Aroko erakundeen finkatzearekin, nafarrak dira baskoi independienteak, Iruñeko Erresumaren jurisdikzioan daudenak. Aitzitik, baskoi izena ematen diete beste erresuma batzuen menpe daudenei, Ingalaterra, Frantzia, Aragoa edo Gaztelaren menpekoei.

Olaizolak eta Urzainkik dioten bezala (La Navarra Marítima, 35. or.), desberdintasun nabarmen bat egon da nafar edo nafartar eta basko patronimikoen artean. Nafartarrak jende-izenak estatua izan duten euskaldunak izendatzeko balio izan du; basko hitza, ostera, euskaldun menpeko edo asimilatuak izendatzeko erabili zuten frankoek, eta Nafarroako Gerraren garain berdin gertatu zen. Nafartarrek estatua zuten; baskoek ez . Hortxe da diferentzia. Bostehun urte iragan ondoren, berdin segitzen dugu, baskoak eta nafarrak bereizten hasi gara batzuk, paradigma aranatarra aldaturik. Bistan da zeintzuk diren baskoak eta zeintzuk nafarrak, beti ere politikoki hitz eginez, biak baitira enda berekoak. Biak izan daitezke euskaldun, biak izan daitezke euskaltzale, baina batzuek subiranotasuna berreskuratu nahi dute, eta besteek ez. Egun ere, antzina bezala.

Komentariorik egin nahi? idatz egiguzu Idatzi Nafarron infogunera

Donostia, hantuskeriaren hiriburu

Artikulu hau Angel Rekalde Komunikazio Zientzietan doktoreak idatzi berria da bere blog eta Berria egunkarian.

Duela egun gutxi, Donostiak 2016an Europako kultur hiriburu izateko hautagaitza aurkeztu zuen. Beste zenbait argudioren artean, «Europan, kulturan eta balioetarako heziketan elkarbizitzarako hirien eredu» omen da bere proposamena. Nola izan liteke elkarbizitzaren eta kulturaren eredu bertakoak isiltasunera, bazterketara eta ahanzturara kondenatzen dituen hiria!

Hau da kultur politika Donostian: urrutiko intxaurrak hamalau eta gerturatu eta lau. Donostian, euskal kulturak bazterkeria sotila, baina gupidagabea jasaten du. Jar dezagun datu bat mahai gainean. Hirian euskara dakitenak edo menderatzen dutenak 80.000tik 100.000ra bitartekoak dira. Kalkuluak kalkulu, zifra horrek euskal kulturaren munduko hiririk handiena bihurtzen du Donostia. Ez Bilbo, ez Iruñea, ez Maule, ez Arrasate eta ez Buenos Aires. Donostia da maila unibertsalean egunero euskal hiztunen giza kontzentraziorik handiena biltzen duena.

Gaur egungo gizarte-eredua kontuan hartzen badugu, hiriaren inguruan egituratzen dena, eta haren egunerokotasuna, paisaia, ohiturak, imajinarioa, herritarrak, produkzio-prozesuak, sozializazioa eta kontsumoa… Donostiako populazio honi euskal kulturaren zentralitatea legokioke zalantzarik gabe. Kultur fenomeno gehienek (feriak, kongresuak, produktuak, jaialdiak, egileak, argitaletxeak, topaketak, festak, hedabideak…) Donostian edukiko lukete egoitza. Logikoena izango litzateke; hemen aurkituko lituzkete euskarriak, erakundeen laguntzak, publikoa, masa soziala, industria, finantzazioa, etab. Kultura loratzeko eremu ezin hobea.

Errealitatea bestelakoa da ordea. Euskal kulturaren erreferente guztiak, Sarrionandiak metaforikoki zioen bezala (Ni ez naiz hemengoa) beste nonbait daude. Pastoralak eta maskaradak Zuberoan ditugu. Euskal liburuaren eta musikaren azoka Durangon antolatzen da. Berriak, euskarazkoa den egunkariak (eta txiripaz, Egunkaria-ri gertatutakoa gogoan) Andoainen du egoitza. Argia euskal kultur aldizkariak, Lasarten. Kafe Antzokiak bultzatzen dituen mota guztietako kultur ekitaldiak -gerora beste leku batzuetara zabaldu direnak- Bilbon sortu ziren. Bertsolaritzak Billabonan edo Barakaldoko BECen dihardu. Euskal telebistak, ETB, Hamaika, auskalo nondik datozen proiektuak dira, eta gehienez ere estudio batzuk edo bigarren mailako ordezkaritzaren bat dute Gipuzkoan. Bizkaian, Nafarroa Garaian, folklorea. Herri musikaren txokoa Oiartzunen… Zerrenda amaigabea da (herri honen kultur aberastasunaren adierazpena), baina ez dute apenas loturarik Donostiarekin.

Zein da Donostian sustatzen den kultura, Europako eredu eta txapeldun izatearen nahikeria horretarako? Zinemaldia, Aste Nagusia, Musika Hamabostaldia, beldurrezko zinemaren astea… Gure asmoa ez da beren baitan nolabaiteko balio turistikoa, nazioarteko proiekzioa, negozioa eta propaganda duten ahaleginak arbuiatzea. Baina begi-bistakoa da hor euskal kultura bazterrekoa dela. Ez duela lekurik. Ez zaio ia apurrik eskaintzen. Ez dut daturik alderatu ahal izateko Udalaren (edo Kutxaren, Aldundiaren edo are hiri honen babesle handiak omen diren El Diario Vasco edo Errealaren) aurrekontuetan zenbat eskaintzen den jarduera baterako edo besterako, baina kontuan hartzen badugu figura handiak, Aste Nagusiko jaialdietan azken urteotan gehien kobratu dutenak, Rosario Flores edo Concha Velasco izan zirela, garbi dago zer-nolako artistak eta kultura sustatzen diren diru publikoaz.

Kosmopolitismo arranditsu baten izenean, ezikusiarena egiten zaio bertako komunitateari. Ongi dago Kursaalera operak eta kontzertuak ekartzea, baina noiz izango dugu Benito Lertxundi -oraindik frontoietan jotzen du askotan, herri honen lotsarako- Beltran, Tapia, Joxan Goikoetxea entzuteko aukera? Edozein euskal artistarekin Mikel Laboa donostiarrarekin jazotakoa gertatu behar al du, hil egin behar al du haren presentzia sentitzeko?

Euskara, musika, euskal kultura… ez dira ageri jatorri nafarra duen Motako gazteluaren hirian, Iruñeko euskal erregeak sortutako Donostian. Hori al da Europan aurkezten duten kulturaren eta elkarbizitzaren eredua? Euskal komunitatearen aldetik, doazela antzarak ferratzera.

Komentariorik egin nahi? idatz egiguzu Idatzi Nafarron infogunera

Estatu nafarraren bandera Aizorrotzen

Aizorrotz, garrantzitsua izan zen garai batean Nafar Estatuan lurraldetasuna zaintzeko. Aizorrotzen gaztelua zegoen eta Mendebaldeko nafarrek eraiki zuten, ez oinaztarrek edo gaztelauek bistan dagoenez. Gure lankide Aitor Nafarrondok agerkari honetan komentatu duen bezala, nafartasuna hedatzen ari da Aizorrotz aldean.

Aizorrotz-en bandera nafarra agertu da berriro ere. Zorionak Iñakiri fotoa bidaltzeagatik eta erakusteagatik aurrera goazela gure estatua berreskuratzen. Klik egiten baduzu fotoan, tamaina handiz ikusteko aukeran izanen zarete.

Komentariorik egin nahi? idatz egiguzu Idatzi Nafarron infogunera

Estatu nafarra baino arinago, estaturik ez.

Lehengo egunean, penaturik irakurri nuen Berria egunkari abertzalean (2010-VII-25) Eider Lopez donostiarrak idatzitako artikulua. Abertzale prototipoaren aburua plazaratu zuen bere burua donostiartzat duen herritar euskaldunak. Artikuluaren ardatza abertzalismoak irakatsitako historia eta ikuskera plazaratzea zen, modu inkonszientean agian. Nafar Estatuaren existentzia ezagutu bai, historiako egiak ezin ukatu, baina Euskal Herri zatitua du oinarri, erabat bereiztuz Euskal Herria eta Nafarroa hitzak. Euskal Herria kontzeptua era politikoan erabiltzen du Lopez herkideak eta Asel Luzarraga literaturgilea aipatzen du bere buruari galdetzeko: zergatik ez Nafar Estatua baino arinagoko egoera? Erantzuna ezin argiagoa izan: euskaldunon Estatu nafarra Ibañetako lepoan, Orreagan hain zuzen ere, sortu zelako, beste estaturik ukan ez dugulako goraipatu behar dugu Estatu Nafarra. Ez al da aski estatu bat ukan izana estatu hori erreibindikatzeko ala? Ez al da inportantea historiak utzi diguna? Eider Lopez herritarra pozik biziko litzateke Hiruak Bat konfederakunde independiente batean ala? Ba, jakin dezala, horrela uste izanez segituz gero, Biak Bat estatu tipi batean bizitzeko aukera baino ez duela ukanen seguraski, posibilitateak gero eta murritzagoak direlarik baldin eta lurraldetasuna gero eta txikiagoa bada. Ni Mendebaldeko Nafarroan bizi naiz eta ez naiz bat ere bizkaizalea... agian nire tenentzia edo konterriaren historia ikasi dudalako. Bizkaia nafarra izan da eta sekula ez du estaturik sortu, abertzale eta espainiarzale askok kontatu diguten bezala. Nik Bizkaiaren nafartasuna aldarrikatzen dut antzinako ganboatarrek bezalaxe. Oinaztar abertzaleek kostata emanen dute amorea horretan, espainiartzeko bidean ibili direlako aspaldidanik, historia aspaldiko zerbait bezala bizi dutelako-edo. Abertzaletasuna bilakatu edo hil ostean ikusiko dugu nafar euskaldunok argia, estatua alegia.

Duela guti, Andoni Olariagak filosofoak historiaren erlatibismoa ere aipatu zuen Berria-n bertan, historiaren funtsa erlatibizatuz-edo. Ni ez naiz inor, jendeari aholkuak emateko, baina argi dut historia dela herri baten funtsa. Historiak eta hizkuntzak markatzen dute herria, finkatzen dute, mugatzen dute, sena ematen... Historia galdu, arerioek kontatutako historia irentsi, edo Euskal Herrialdeen independentzia aspaldikoan sinesten dutenak menpeko herri batean bizitzea atsegin dukete. Ezin izan inola ere bestela. Herri autonomiko zatitura eraman gaituzte karlistek eta abertzaleek, historiak erakutsi digun bezala. Eta nahiz eta abertzale frankok zazpi probintzia batzuen alde egin duten (zitalki hartu dute Goi Nafarroa herrialde paretsu bezala, espainiar nazionalistek autonomiekin egin duten bezalaxe), beren praktikak eta estrategiak porrot egin du. Asimilatuak izan dira. Abertzalismoak uko egin dio historiari, uko egin dio euskaldunon estatuari. Nafarroa Garaiko abertzaleek ere ez dute asmatu Mendebaldeko Nafarroako herritarren gogoak berenganatzen. Abertzaletasuna nafartasun bilakatu behar, euskaldunon estatua birlortzekotan. Horretarako sortu da mugimendu nafarzalea, horretarako berreskuratu dugu geure historia abertzale izandako batzuek. Historiarik gabe ezin dugulako herria osatu, bestelako herria izanen ginelako.

Mendebaldeko Nafarroan dago euskaldunon problema, ez Goi Nafarroan abertzale batzuek uste duten moduan. Nafar euskaldunok atzerrian gaudean ere nafartasuna zabaltzen dugu, Europan eskuarki oso ondo dakite zer den Nafarroa, euskaldunon sehaska eta estatu izena alegia. Horregatik esaten digutenean zer garen, nik eta beste nafarzale batzuek "We are from Navarre" eta erantsi egiten dugu "from the Land of the Basque"; eta ederto asko ulertzen dute, antzina ere ulertzen zuten bezala. Magiarrak hungariar, galoak frantses, germaniarrak aleman diren bezalaxe, nafarrok euskaldun gara Orreagako batailak izen zirenez geroztik. Orduko hartan sortu zen gure estatua, historian izan den estatu bakarra, eta hori aski da gure Estatuari Nafarroa deitzeko, gure bizitegia edonon egonik, Enkarterrietan, Landetan nahiz Sonsierran.

Komentariorik egin nahi? idatz egiguzu Idatzi Nafarron infogunera

V mendeurrena

Hona hemen, Soberanía de Navarra blogeko idazleak egindako eta nik neuk euskaratutako iritzi artikulua.

“…Guretzat urriaren 12a zer den adierazteko gaude hemen: indiar herrien eskubideen lapurretaren, eta europar zibilizazio bakarraren inposaketaren hasiera. Nahiz eta 494 urte pasa diren iada, Alejandro VI Aita Santuaren bularen baliogabetze morala eskatzen dugu, zeinak, gure presentzia kontutan hartu barik, nazio indiarren lurren ematea Portugal eta Espainiar erreinuei egiletsi zien 1493ko maiatzaren 3an. (...) Hemen gaude, demostratzeko gu, lurraldetasunean inbaditutako eta politikoki kolonizatutako nazio haien ondorengo eta oinordekoak, berrantolatzen gabiltzala, gure balore propioekin, kolonizazioaren aurretik izan ginena izateko berriz: Libre!” 1986ko urrian, Aymará, Kolla, Kamsá, Kuna, Maya-Cakchiquel, Purépecha eta Quechua nazio indiarrek V. Mendeurreneko Komisio Espainiarraren aurrean aurkeztutako manifestutik aterata.

Nabarrako erreinuaren konkista, inbasio eta okupazioaren V Mendeurrenaren etorrera hurbilaren aurrean, Espainiako Erreinuko indar politiko, judizial eta mediatikoak hasi dira haien garaipena, haien konkista, eta gure askatasunaren bukaera ospatzeko ekitaldi oroigarriak prestatzen. Konkistatzaile eta kolonizatzaile espainiarren ekimen aurreikusgarrien aurrean, zeintzuek ez duten Nabarrako Herri edo Nazioaren benetako memoria historikoarekin inongo zerikusirik, hiritar kolektibo batetik “1512-2012 Nafarroa bizirik!” plataforma sortu zen. Honen helburua, eztabaida historiko serio eta zorrotz bat bultzatzea gizarte nabarraren aurrean, “Komisio ofizialeko” kideekin, komisio hau duda barik inposatua delarik, erakunde kolonizatzaileetatik hasita sortu baita.

Lehenago, 90eko hamarkadako bigarren zatian, Nabarrako Erret Etxeak demanda bat aurkeztu zuen Espainiako Erreinuaren aurka –eta baita, ez dezagun ahaztu, Frantziako Errepublikaren aurka-, kolonizazio eta genozidioagatik. Hain zuzen, Nazio Batuetako “Deskolonizaziorako Komite Bereziaren” aurrean. Demanda honetara batu zen 2010 urtearen hasieran Nabarrako Burujabetza Komisioa. Baina, era berean, ezin ditugu ezkutatu, ezta ahaztu, ezta disimulatu, ezta alde batera utzi, ezta deslegitimatu –hori egiteko hor daude espainiar eta frantziar inperio kolonizatzaileak- beste mugimendu edo ekimen batzuk, argi eta garbi estatalista, subiranista edota independentistak direnak. Pasatako urteetan zehar eratuz joan dira, eta gaur egun nabarzaletasun osoaren berreskurapenaren alde eta sentimendu nabarzalearen alde lanean dihardute.

Nabarrako Estatu Piriniotarraren galera ekarri zuten gertakizun historiko guztien berrikuspen zuzen eta egokia, gaurko Baskoniako gizarteak bere burua politikoki ezagutu dezan beharrezko ekintza bat da. Hau da, nabar herritar moduan, konkistaren ondoko planteamendu politikoak ahaztuz. Planteamendu hauek beste testuinguru politiko batean eginak dira, euskaldunek iada estatu inperialisten eta kolonialisten inposizioa sufritzen zutenekoa.

Idazki honen hasieran aipatutako indiar nazioek batera, nabarrok gure baliabide eta ahaleginak bateratu behar ditugu. Horretarako, ezinbestekoa da elkar onartzea, gure berezitasun ideologikoekin, baina kontu handiz aztertuz pertsona bakoitzak, talde bakoitzak, komisio bakoitzak edo erakunde bakoitzak egin dezakeen ekarpena, guztion onerako. Ezin da egon, ez da egon behar eztabaida zahar, inbidia edo dena delakoetan oinarritutako aitzakiarik. Argi izan behar dugu, gure orain dela 5 minutuko, 5 eguneko, 5 asteko, 5 hilabeteko, 5 urteko edo 5 mendeko banaketak gure etsai amankomunek erabili dituztela, haien ekintza kolonizatzailea erraztuz.

Gaur inoiz baino gehiago, gure esklabotasunaren hasieraren V mendeurrenaren hurbiltasuna dela eta –batzuentzat gehiago, besteentzat gutxiago-, gogoetarako momentu bat hartu behar dugu, iragana berrikusiz eta hausnartuz, serioski, estatu kolonizatzaileekiko (Frantzia eta Espainia) ditugun lotura politiko, judizial, fiskal... guztiak apurtzeak ekar ditzakeen onura politikoak. Batzuentzat gehiago, besteentzat gutxiago. Gaur, inoiz baino gehiago, talde bat eratu behar dugu, ekipo orekatu bat, ideologikoki zabala, barne gorrotorik gabekoa, non adiskidetasuna eta kooperazioa nagusi izango diren, Nabarra gure aberri maitearen onerako. Gaur, inoiz baino gehiago, behartuta gaude Gure Gobernu Zabala eratzera, Nabarra Nazioaren onerako.

Komentariorik egin nahi? idatz egiguzu Idatzi Nafarron infogunera

Udalbiltzaren auzia



Egunotan Espianiako Audiencia nacionalean Udalbitza deritzon epaiketa egiten ari dira. Beste epaiketa ugari bezala (98/18, Segi, Egunkaria,....) guztiz politikoa da, udal hautetsi batzuen lan politikoagatik sekulako zigorrak eskatzen dituztelako. Eta ez da Udalbiltza osoa epaitzen baizik eta bere zati handi bat ezker abertzale eta independienteak osaturiko zatia.


Oso mingarria da nola behingoz nazio erakunde bat bultzatzeagatik gaizkile batzuk bezala tratatuak izan dira, anabasa eta kostu pertsonal handi bat sortu dutela injustizia bategatik. Zein izan da bere delitua? euskara bultzatzea, udalekuak lagundu, Xiberuko ekonomia sustatu,... edozein gobernuz kanpoko erakunde onoradun egin dezakeena.


Honeri erantzunez Espainiako inkisizio politikoak gupidagabe kolpatu ditu nafar aberkideak, konkistaren gaiaan bezala, Pedro mariskalarekin egin bezala. Aurpegi ezberdinak izan ditu, absolutismoa, konstituzionalismoa, faszismoa, monarkia,... baina beti Espainaren izaerari lotuta dago ezberdinei gorrotoa.


Pentsa dezagun, nafarzaletasuna Nafarroako lurralde ososetara zabalduko balitz (Errioxatik landetara, Busgosetik Hueskaraino) Nafarbiltza bat sortuko balitz berdin jokatuko luke Gaztelatarren botereak. Bitartean animo udalbiltzako auzipetuei eta gogoratu bihar uztailak 17an Bilbon agerraldi bat egingo dela haien alde.


Komentariorik egin nahi? idatz egiguzu Idatzi Nafarron infogunera

Katalunia eta Nafarroa (eta Espainia!)

Hona hemen Le Républicain de Vasconie blogeko gure lagun donTomasek bidali digun iritzi artikulua.

Hara! Izenburua agian okerra da. Espainia toki guztietan al dago? Bai jauna. Horregatik, izenburu honetan ere. Eta nola dago, ze modutan islatzen da Espainiaren presentzia toki guztietan? Ba, tokian tokiko herrien borondatearen gainetik agertuz.

Asteburu honetan Bartzelonan bildutako jende pilaren xede zehatza zein ote zen ez dut batere argi, egia esan. Baina berdin dit, independentzia, autonomia (ze ironia, uste nuen bi hitz hauek berdina zirela) edo dena delakoa eskatzen dutela, ez dute lortuko, Espainiak nahi ez badu. Horrela agertzen da Espainia toki guztietan.

Kataluniarren estatutuak (espainiarra), nahiz eta kataluniar gehiengoaren onespena jaso zuen, atzera egin beharko du, Espainiak ezetz esan diolako. Nola! Nola banatuko dugu ba, Munduko Futbol Kopa irabazteko gai izan den nazio handia? Gainera, proiektu bat da, gaur oso argi utzi da: "el gran proyecto plural y diverso, PERO COMÚN, que es España". Proiektuaren lehen pausoa emana da ba, dirudienez: Munduko Kopa irabaztea. Agur krisiari!

Eta talde irabazleari buruz, gaur eguerdian Radio Euskadin hauen etorrerari buruz ematen zuten berria halakoa zen: "ordu gutxi barru helduko dira gure irabazleak, munduko kopa ekarriz: Llorente, Javi Martinez, Xabi Alonso...". Hara, berri hauek ematen dituztenak ez dira ezta foralistak ere: foruekin behintzat, ez zen Espainiaren izenean militatu behar.

Baina goazen goazenera: ze burutan sartu daiteke, haien urna zikinetan bozkatuz, askatasuna lor genezakeenik? Larunbatean hamar milaka jende bildu ziren Kataluniako kaleetan eta, hala ere, Espainiak argi eta garbi esan die ez dutela zer eginik, berak ez duelako nahi! Orain dela gutxi ikusi dugu hemen, 100.000 boto paperontzira bota zituztela inolako lotsarik gabe! Haiek nahi ez badute, ez dugu bozkatzen; beraz, bozkatzen dugunean, haiek nahi dutelako da, hau da, berdin dielako zer bozkatzen dugun. Utz ditzagun hutsik urna espainolak. Espainolentzako dira.

Lortuko al du Kataluniak independentzia? Zinez poztuko nintzateke. Baina ez da Espainiaren baimenez izango. Askatasuna xede, harekin egiten ditugun elkarrizketa gutziak, hutsak dira. Ez dezagun ba, hitz egiten denbora galdu. Berreskura dezagun gure nortasuna: Nafarroa! Behingoz Espainia gure bizitzatik kanpo uzteko.

Komentariorik egin nahi? idatz egiguzu Idatzi Nafarron infogunera

Nafar inteligentzia

Estatu edo herri bakoitzak jende prestu bat edukitzen du dagokion gizartearen gidaritza intelektual baten zeregina betetzen duena. hau da, gizarte horri dagozkion arazo, norabide eta aholkuak bideratzen dituena giza taldearen alor zabaletan, nortzuk garen, nora goazen, zer egin behar dugun,... halako galderak sortu eta erantzuten dituztenak bai arlo publikoan zein pribatuan.

Nafarroa okupatu honetan, estatu espainol eta frantzesaren kolonialismoari jarraituz asko izan dira euskal lurraldetan agintaritzaren zerbitzura jarri diren idazleak (Unamuno adibidez) zein unibertsitateko irakasleak (Ermuko foroko Arteta eta Savater bezala) zeintzuk sutzuki defenditu dute Espainaren boterea eta gehikeriak. Askotan aipatu izan da horren bestealdean euskal inteligentzia baten beharra eta egia esan gutxi izan dira paper hori bete dutenek, Joxe Azurmedi filosofoa adibidez.

Ez da kasualitatea nafarzaletasunaren berpizkundea bultzatu dutenen artean historialariak eta historiazaleak egotea, inpereio kolonial batean zereginatariko bat delako okupatuaren nortasuna ezabatzea bere hizkuntza, sinbologia eta historio propioa desagarraraziz. Nafar lurraldetan dauden historiagile ofizialek (uniberstitateko sailak) betebehar hau bete dute azken mendean, gogoratu bestela Nafarroaren historiagile handienetario bat, Jimeno Jurio alegia ez ziotela historia karrera egiten utzi Opuseko unibertsitatean.

Nabarralde izan da habiapuntua eta bertako kideek dira nafar inteligentzia propioa bereskuratzen ari direnak, baina beti poteretik kanpo. Bere atzean ez dago gobernu ez eta erakunde ofizialik eta bere ideiak kolonialismoa espainarraren aurka doa erabat. Oraingoz indar politikorik gorpuztu gabe dagoenez ez da meatxutzat hartzen eta bere iritzia ezabatuta dago medio nagusietan. Hala ere nafarzaletasuna ari da hedatzen apurka apurka eta dirudien bigarren tranzizio politiko honetan kolonizatuen indartze ideologikoan lagundu dezake. Hala bedi.

Komentariorik egin nahi? idatz egiguzu Idatzi Nafarron infogunera

Abertzaletasun berria espainiar lurrean

Bazioen idazle kanpotar batek espainiar abertzaletasun indartsu baten ezak bideratu zituela bertako separatismo ezberdinak. Separatismo hauek, ordea, identitate nazionalean gorpuzkera dutela ahaztu zitzaion; hizkuntzak, kulturak eta historiak ematen diguten identitatean. Hala ere, eta egiari jarraiki, esan beharra dago ez dela inoiz egon abertzaletasun espainiar bat bultzatuko duen eragilerik. Frankismoaren garaiko erregimen faxista izan zen espainiartasuna gehien bultzatu zuena, baina abertzaletasun hori fatxen irudiarekin lotuta geratu da. Honegatik da espainiar abertzaletasuna gaizki ikusia eta askotan ekiditen dena.
Baina, azken aldian, lotura horiek kentzen hari dira. Historia alde batetara utzi eta erregimen totalitario baten emaitza izan zen erregimen sasi-demokratikoak legitimitatea eta sostengua lortu du espainiar lurrean. Zeinen harrigarria den nafarroi demokrazia klaseak ematen ikustea frankismoaren garaiko ministro batekin partidua osatzen dutenei. Ahaztu al dute beraien jatorria zein den? Ez, baina, beharrezko dute irudi hori gainetik kentzea eta mundu demokratiko berrira batzea. Bide honetan koka daiteke espainiar abertzale berriaren irudia. Espainia gainontzeko herrialdeak bezalakoa bada, zergatik ezin dira izan bertakoak kanpokoak bezain abertzaleak? Bada, aberri ezberdinez osaturiko estatua delako. Gaztela eta Aragoiren konkista nahiak batu zituen gaur egungo espainiar lur guztiak, baina, ez aberri guztiak ez ziren batu. Gainontzeko lurretan nazionalismoak urrezko garaiak bizi izan zituenean batasun prozesuak eman ziren, hemen eman ez ziren prozesuak. Horregatik berandu izanik ere, bada prozesu hau bultzatzen duenik.
Gaur egun, abertzaletasun honen bultzatzaile garrantzitsuenetakoa dugu espainiar futbol selekzioa. Egun hauetan aurrera eraman den munduko kopak kirol ikuskizun handia izateaz gain aberriaren irudia defendatzeko aukera ematen die estatu independentea duten aberriei. Espainiarrek, beraz, emaitza onei eta eman duten irudi bikainari zukua atereaz estatu barnean abertzaletasuna bultzatzeko bidea aurkitu dute. Telebistek indar handia eman diote gertakizunari eta eguneko 24 orduetan mintzo dira honi buruz. Oso kontutan izan behar dugu futbolak gaur egungo gizartean duen eraginaz, eta batez ere herri honen etorkizuna izango diren umeengan. Marka da gero, hainbat urtetako errepresioak eta identitate nazionalaren zapalketak lortu ez duena futbolak lortzea.
Irratian entzun nuen solasaldi batetan kirola politikarekin nahasi zitekeen eztabaidatzen hari ziren. Nafarrok espainiar selekzioaren aurka azaltzea ez zuten ulertzen. Horrelako programa bateko solaskide izanik ez zuten ikusten edo ikusi nahi edozeinek ikus dezakeena, horrelako ikurren garrantzia eta balioa. Eta nafarrok ongi konturatu behar dugu honetaz, bide hau orain arte erabili dutena baino eraginkorragoa izan daitekeelako. Beraz, abertzaletasun berri hau salatu nahi dut, balio berrien pean datorrela ematen badu ere orain artekoak egin digun kaltearekin jarraituko duelako indar berrituarekin.

Komentariorik egin nahi? idatz egiguzu Idatzi Nafarron infogunera

Orreaga gogoan, abuztuan gure festa nazionala

Orreagak esangura berezia eduki behar du euskaldun guztiontzat. Aberri Eguna abertzaleentzat dena, nafarzaleentzat, aldiz, Orreaga Eguna da, abuztuaren 15ean. Eta Orreaga zergatik? Orreaga pizgarria izan zelako Eneko Aritzaren dinastia eta nafar estatuaren sorrerarako. Nafarron estatua bertan sortu zen Orreagako batailen bidez. Gogora dezagun Orreagako lehen guda 778. urtean gertatu zela, baskoiek Karlo Magnoren armadaren erretaguardia suntsitu zutenean. Bigarren guda 824. urtean jazo zen, orduko hartan ere baskoiek irabazi zuten Pirinioetan Banu Qasiekin batera. Bi bataila haiei esker, mitoa zabaldu omen zen eta frankoak ez ziren jada ausartu berriro gure lurrak kontrolatzen. Karlo Magno 814. urtean hil zen eta gertaera haiei esker, Eneko Haritza gerlariaren inguruan nafar aristokrazia osatzen joan zen. Alboko estatuan ikus dezakegu Iñigo Arista, hau da, Eneko Haritza, non eta Madrilen (XVIII. mendean eraikia). Gerrako soldadu haiek sortuko zuten Iruñeko Erresuma lehenik eta Nafarroakoa ondoren. Hona hemen Wikipediak zer dioen Eneko Haritzaz. Konturatuko zaretenez, badauka eduki errakuntza bat, ohikoa dena abertzaleengan, Euskal Herria aipatzen du Nafarroa aipatu ordez, Eneko Haritza estatu nafarraren aitzindaria izan zelako, eta beraz ez da batere zuzena Euskal Herri izen geografiko edo kulturala estatuaren benetako izena izkutatuz:

Eneko Aritza 770. urte inguruan jaio zen eta gutxi gorabehera 852an hil zen. Eneko Eneko Ximenez izeneko Pirinioetako buruzagi baten semea zen, Aritza izeneko familiakoa, IX - X. m. bizi izan zena. Euskal Herriko errege dinastia izango zenaren sortzailea, Aritzaren inguruan sortu baitzen Iruñeko erret dinastia, Iñigotarrak izenez ere ezaguna.

Komentariorik egin nahi? idatz egiguzu Idatzi Nafarron infogunera