Spiga

Txillardegiren artikulua Aste Nagusiaz

Hona hemen Berria egunkarian Txillardegik abuztuaren 26an argitaratu zuen artikulu ederra Donostiako Aste Santuaz. Gogoeta eragiteko eta indarrak batzeko artikulua.

Abuztuaren 21an amaitu da «Semana Grande Donostiarra» delakoa. Batzuek, euskaraz , «Donostiako Aste Nagusia» itzulia .

Aurten ere zer ikusi eta entzun dugu astean barrena? Zortzi egun horietan barrena, alegia (Bilbon bederatzi izango Iñaki Azkuna alkatearen pozerako).

Oso nekeza da donostiar euskaldunok pairatu behar izan duguna azaltzea.

Zortzi egunez, eta egunero, zezenketa antolatu dute Illunben. Zenbat zezen hil arte torturatu duten ez dakit: sei? zortzi? Biderketa erraza da: 60 bat zezen sakrifikaturik aste honetan zehar.

Eta pozarren. «Olé» txuleskoak eta «pasodoble toreroak» ok eragin arte entzun arazi dizkigutelarik.

Turistek ere (gehienek), hemengo egoeraz zipitzik ez dakitelarik, pozik oso : «C'est formidable! Ici nous allons voir une corrida en Espagne».

Euskal Telebistan, berriz, Alberto Surioren gidaritzapean,bi kateetan eman dituzte egunero zezenketen berri. Areago, ETB-1an are jerga berezi bat asmatzen saiatu dira euskaraz.

«La Fiesta Nacional Española»-k hori eta gehiago merezi duelako.

Piper-potoaren erdian zezen buru baten isla erantsia ikusi dugu ehunka banderatan.

Eta gazte batzuen nikietan ere hau irakurri dugu: «Somos españoles». Beste batzuetan «Somos España» Eta Donostiako Parte Zaharrean ibili dira, probokatzaile (konturatu gabe, omen).

Orain, urteroko inbasioaren amaiera gertu bide dugularik, gutxienez «etxekook» (?) mugituko gara Donostiako kale eta enparantzetan. Itoketa saioa pittin bat lasaituko da, pittin bat bederen.

Eta aste jasanezin hau amaitzean, geure artean pentsatzen dugu. Hau ez da Aste Nagusia izan. Hau Aste Espainola izan da.

Noizko izen aldaketa ?

Donostiarrok aztertu behar dugu .

Noiz amaituko dugu «Aste Nagusia»-ren fartsa?

Batzuek, ahal dutenek, gutxik, hartua dute erabakia: aste horretan norabait joatea, baserriren batera, herri txikiren batera. Baina Donostiatik, hanka .

Baina horrelakorik egin ezin dezakatenek, gehienek, zer egingo? Benetan zer gomenda ote daitekeen ez dakit.

Baina orain esaten den bezala, aste hau «gehiegiegi» izan da.

Urtero izaten den bezala, egia aitortzeko.

Komentariorik egin nahi? idatz egiguzu Idatzi Nafarron infogunera