Spiga

Carlos Hugo Borboi-Parma hil berri da

Hemen berton eman genuen notizia lehengo egunean Carlos Hugo Borboikoa oso gaixorik zegoela eta aurki txarrena espero zela. Horrelaxe izan da eta pausatu zaigu betiko karlisten buruzagia eta Espainiako Koroa aldarrikatu zuen gizona hainbat urtez. Karlismoa modernizatu egin nahi izan zuen eta sozialdemokraziarant bideratu zuen, jakina denez. Karlismo faxistak eta ultrakatolikoak sekula ez zion barkatu hori, karlismo horren buruzagia Carlosen anaia Sixto delarik. Sixto Borboiko jarraitzaileek honelaxe ikusten zuten Carlos Hugo. Berria egunkariak ere eman berri du notizia honela:

Carlos Hugo Borboikoa karlisten Espainiako errege-nahia atzo goizean hil zen, 80 urte zituela, Bartzelonan (Herrialde Katalanak), prostatako minbiziak jota. Azken egunak erietxean emanak zituen, oso gaixo. Egoera larriaren jakitun, agurtuak zituen jarraitzaileak, ohar baten bidez. Hileta gaur arratsaldean egingo diote, Bartzelonako beilatoki batean. Holandara eramango dute ondoren -printze titulua zuen han-, eta Parman (Italia) ehortziko dute.

Martxoaren 23az geroztik, jendaurrera agertu gabea zen Carlos Hugo Borboikoa. Lizarrara (Nafarroa) joan zen egun hartan, Karlismoaren Museoaren inauguraziora. Hara bildutakoei dei egin zien karlismoa modernizatzera. Eskari hori bera nabarmendu zuen iragan abuztuaren 4an ere, jarraitzaileak agurtzeko helarazi zuen gutunean: «Baretasuna atxikitzeko eta askatasunen aldeko gure proiektuarekin jarraitzeko eskatzen dizuet. Antzinako gure foruen adierazpen modernoa gauzatzeko eskatzen dizuet».

Ikasketak atzerrian egin, eta Espainiara igorri zuten 1956an. Frankismoa bete-betean zegoen, eta karlismoa, desegin antzean. Ezkerreko taldeekin biltzen hasi zen Carlos Hugo, nahiz eta hasierako aldietan frankismoarekin lerratu zen karlismoa. Haren aita Javierrek abdikatu ondotik, Espainiako erregetarako hautagai izan zen, baina Francok erabakia hartua zuen ordurako: Carlos Hugoren lehengusu Juan Carlos Borboikoa izendatu zuen errege. Alderdi Karlistako presidente egin zuten Carlos Hugo. Bozetara dei egin zutelarik, alderdiaren Nafarroako hautagai izan zen. Ordea, porrot egin zuen, eta politika erabat uztea erabaki zuen.

Holandako Irene erreginarekin ezkonduta egon zen, eta printze izendapena zuen. Hara eramango dute gorpua, baina ez dute jendaurrean jarriko. Italian ehortziko dute, Parmako Steccata elizan.

Komentariorik egin nahi? idatz egiguzu Idatzi Nafarron infogunera