Spiga

Nafarrak Aimeric Picaud-en arabera

Orain dela urte asko, 1132-1134 urteetan-edo, arrazaz frankoa (godoa) zen herritar batek garai hartako nafarrei buruz idatzi zuen. Aimeric Picaud zuen izena idazleak eta Alfonso Santxez I.a Iruñeko eta Aragoako errege zelarik egin zuen izkribua. Aimeric Picaud (Parthenay-le-Vieux, XII. mendea) monje, idazle eta erromesa izan zen. Egun Codex Calixtinus eskuizkribua idazteagatik ezaguna da, Donejakue bidea egiteko oharrak bildurik. Askorentzat, lehenbiziko turismo liburua idatzi zuen erromes frankoak.

Picaud jaunak zerga ordaindu behar izan zuen Nafarroatik pasatzean eta horrexek asaldatu zuen gizona, euskaldunon kontra hainbeste gauza idatzi zuelako Liber Sancti Yacobi edo Codex Calixtinus izeneko izkribuan. Olaziregik eta Urzainkik dioten bezala (La Navarra Marítima, 43. or.), testu hark inportantzia handia du zeren eta Nafarroako egoera ezagutzeko aukera ematen baitigu, eta are garrantzitsuagoa da politikoki argiro geratzen delako euskal herritarrak nafartarrak direla, baita Gartzia Ramirez V.ak (1134-1150) Nafarroako Erresuma restauratu edo berrezarri baino lehen ere. Hortaz, bistan da, Gartzia Ramirez Restauratzaile edo Berrezarle izenaz ezaguna zen erregearen aurreko urteetan ere nafarrak direla euskaldunek osatutako erresumako bizilagunak, euskaradunak eta baita ondorengoa ere, Picaud suminduaren hitzetan:

Erromesekin topo egiten dutenean, bi edo hiru azkon edo gezirekin irteten dira eta zuzenak ez diren zergak kobratzen dituzte; eta baten batek dirua ordaindu nahi ez badu haiek esan bezala, geziekin kolpatzen dituzte eta zorrotoa kentzen diote, biraoka eta baita kaltzak arakatuz ere.

Beldurgarriak dira, eta bizi diren lurraldea ere izua emateko modukoa, basatia eta barbaro edo arrotza; beren aurpegieren beldurgarritasunak eta beren hizkuntza arrotzak izua sortzen dute beraiei so egiten dietenengan.

Merkatariei baino ez diete kobratu behar zerga. Hala ere, eskubiderik gabe, erromesei eta ibiltari guztiei kobratzen diete dirua. Ohikoa dute gauza bategatik lau edo sei txanpon kobratzea; baina haiek bikoitza kobratzen dute, hots, zortzi edo hamar txanpon...

Beren lurralde zenbaitetan, Bizkaian eta Araban, nafartarrak berotzen diren bitartean, gizonak eta andrak elkarri erakusten dizkiote beren organu lotsagarriak. Nafarrek bestialitatea ere praktikatzen dute eta antza denez, neurriak hartzen dituzte beren behor edo mando emeei inor ez hurbiltzeko haiek baino.

Lizunkeriaz ere musukatzen du andrazkoen sexua eta mando emearena. Hori dela-eta, nafarrei erreierta egin behar die hortaz oharturik dagoen pertsona orok.

Halarik ere, bataila egiteko unean onak dira eta ausartak borroka lekuan sartzeko... Nafarrak edo baskoiak adarra eskegitzen du bere lepoan, eta ohi denez beren eskuetan bizpahiru gezi eramaten ditu, azkona izenaz ezagutuak geziok...

Askoz gehiago idazten du nafarrei edo baskoei buruz, baina bistan da oso gogoko ez zuela gure enda edo leinua, Nafarroan zergen ordaindu beharrak sortuko zion guregaranako nazka.

Komentariorik egin nahi? idatz egiguzu Idatzi Nafarron infogunera