Spiga

Izan eta ukan uztartuz

Egungo gizartean, eta batez ere aberriarekiko maitasun bat agertzen duten sektoreetan, nafar izan ginenaren ideia aski zabaldua dago. Nafarroa euskaldun politikoki libreen lurra izan zela ezaguna da, baina honi bigarren mailako argumentu izaera ematen zaio. Lurraldetasuna txikiagotzeaz aparte, ez zaio estatalismoari beharrezko garrantzia ematen, lur honen askatzaile diruditen askok terminologia antzu bat erabiltzen dute uneoro.

Estatuen aurrean erreibindikazioak egiterako orduan, garenari eta izan garenari heldu behar diogu. Ezin genezake euskararen bizkarrean jarri gure asktasunaren zama, are gutxiago euskara (zoritxarrez) lurraldearen zati batean soilik ezagutzen denean: hori argi dugu Nafarroa Osoa defendatzen dugunok, baina Zazpiak Bat-aren defendatzaileek ere horretan pentsatu beharko lukete.

Euskarak sortutako guzti horren erreibindikazioa ere egin behar dugu. Gure hizkuntza hain zahar eta ezberdin horrek, mentalitate ezberdin bat eman zigun, lurra eta giza harremanekiko beste ikuspegi bat, eta horrela, guk gure estatua sortu genuen, mentalitate hori oinarritzat hartuta gure gizartea gure erara antolatzeko. Gure burujabetasunaren konkistak, gure hizkuntzaren gutxitzea ekarri du, eta honek gure mentalitatean zulo handi bat eragin: gure burujabetasunaren beraren ukapenera heldu gara.

Oraingo politikari "soberanista" batzuek hain zuzen horri egiten diote erreferentzia, burujabetzari. Ez al dira ba konturatzen, burujabetza gu gure jabe izatea dela, gure legeak egitea inork legerik ezarri gabe? Espainiako eta Frantziako urnetan bozkatzen jarraitzen dugun bitartean, burujabetzari uko egiten jarraituko dugu.

Egoera ez-demokratikoa bizi dugu, bai, baina ez alderdi politiko bat ilegalizatuta dagoelako soilik, baizik eta herriaren borondatearen kontra estatu zapaltzaileek haien borondatea gainjartzen dutelako. Egoera biolentoa bizi dugu bai, baina ez soilik armen ahotsagatik, baizik eta lege batzuk inposatu egin dizkigutelako (burujabetza zuzenean akatuz). Kolonizazioa, okupazioa, hori da bizi duguna. Eta herri kolonizatu eta okupatu bezala jarraitzen dugu, bozkatu ahal edo ez, biolentzia fisikoa egon edo ez. Herri kolonizatu eta okupatu bezala jarraituko dugu, kolonizatu eta okupatuta gaudela konturatzen garen arte. Hauexek ditugu gure herriaren egoera politikoa definitzen dituzten terminorik oinarrizkoenak.

Nafarrak gara, estatu bat dugu, eta denbora luzez okupatuta dirau. Baina bizirik gaude.

Alots Gezuragak biharko egunari buruzko artikuloan idatzi bezala, "izan eta ukana uztartu" beharrean gaude, izan bagarelako, baina ukandakoa ostu egin zigutelako. Gure estatua berreskuratzea, ez dugu beste zereginik.

Komentariorik egin nahi? idatz egiguzu Idatzi Nafarron infogunera