Spiga

Katalunia eta Nafarroa (eta Espainia!)

Hona hemen Le Républicain de Vasconie blogeko gure lagun donTomasek bidali digun iritzi artikulua.

Hara! Izenburua agian okerra da. Espainia toki guztietan al dago? Bai jauna. Horregatik, izenburu honetan ere. Eta nola dago, ze modutan islatzen da Espainiaren presentzia toki guztietan? Ba, tokian tokiko herrien borondatearen gainetik agertuz.

Asteburu honetan Bartzelonan bildutako jende pilaren xede zehatza zein ote zen ez dut batere argi, egia esan. Baina berdin dit, independentzia, autonomia (ze ironia, uste nuen bi hitz hauek berdina zirela) edo dena delakoa eskatzen dutela, ez dute lortuko, Espainiak nahi ez badu. Horrela agertzen da Espainia toki guztietan.

Kataluniarren estatutuak (espainiarra), nahiz eta kataluniar gehiengoaren onespena jaso zuen, atzera egin beharko du, Espainiak ezetz esan diolako. Nola! Nola banatuko dugu ba, Munduko Futbol Kopa irabazteko gai izan den nazio handia? Gainera, proiektu bat da, gaur oso argi utzi da: "el gran proyecto plural y diverso, PERO COMÚN, que es España". Proiektuaren lehen pausoa emana da ba, dirudienez: Munduko Kopa irabaztea. Agur krisiari!

Eta talde irabazleari buruz, gaur eguerdian Radio Euskadin hauen etorrerari buruz ematen zuten berria halakoa zen: "ordu gutxi barru helduko dira gure irabazleak, munduko kopa ekarriz: Llorente, Javi Martinez, Xabi Alonso...". Hara, berri hauek ematen dituztenak ez dira ezta foralistak ere: foruekin behintzat, ez zen Espainiaren izenean militatu behar.

Baina goazen goazenera: ze burutan sartu daiteke, haien urna zikinetan bozkatuz, askatasuna lor genezakeenik? Larunbatean hamar milaka jende bildu ziren Kataluniako kaleetan eta, hala ere, Espainiak argi eta garbi esan die ez dutela zer eginik, berak ez duelako nahi! Orain dela gutxi ikusi dugu hemen, 100.000 boto paperontzira bota zituztela inolako lotsarik gabe! Haiek nahi ez badute, ez dugu bozkatzen; beraz, bozkatzen dugunean, haiek nahi dutelako da, hau da, berdin dielako zer bozkatzen dugun. Utz ditzagun hutsik urna espainolak. Espainolentzako dira.

Lortuko al du Kataluniak independentzia? Zinez poztuko nintzateke. Baina ez da Espainiaren baimenez izango. Askatasuna xede, harekin egiten ditugun elkarrizketa gutziak, hutsak dira. Ez dezagun ba, hitz egiten denbora galdu. Berreskura dezagun gure nortasuna: Nafarroa! Behingoz Espainia gure bizitzatik kanpo uzteko.

Komentariorik egin nahi? idatz egiguzu Idatzi Nafarron infogunera