Gure nortasun zaharrarentzat, garai latzak ditugu hauek. Bidegurutze batean gaude, zirt edo zart egin beharrean, aurrera egingo badugu. Azkenaldian, Nabarrako Estatu zaharra bere bizitasunaren seinaleak ematen ari da. Hauetariko batzuk, azken egunetan bailara gipuzkoar eder honetan eman direnak dira, hain zuzen, honen hegoaldean: antzina nabar gudarostearen gotorleku izan zen Aizorrotz mendian, eta Leintz Gatzaga hiribilduan.
Gasteizetik kostarantz doan bidean dago Gatzaga, bere arbasoen lan gatzgileari izena zor dion herria. Arima nabarra hiribilduko bizilagunengan berpiztu da: horregatik, haien herriko sarrerako atearen harrian grabatuta dagoen Gaztelako ezkutuaren gainean, Nabarrako bandera jarri dute.
Eta hau egin zutenean, banderak benetan estali egiten zuen ikur arrotz hura; hala ere, gure lagun den haizeak (betiere indartsuegia ez denean), zoritxarrezko egia erakusten digu, gure ahalegin subiranisten gainetik ageri dena: Espainiak bahituta gauzka, oraindik ere. Baina begiek eskertzen dute ikustea, estatu piriniotar zaharraren arima herrira itzuli dela, herritik sortu baitzen. Zorionak, bada, Gatzagako herriari!
Baina hau ez da guztia. Pasa den larunbatean, uztailak 24, Eskoriatzako udalerri ederreko Aizorrotz mendian, ekimen ikusgarria izan zen. Honen punturik garrantzitsuena: Bizardunak musika taldearen kontzertua, zeinak, hain arrakasta handia izan duen folk erradikal euskaldunaren erritmora, Nabarrako Estatua aldarrikatzen baitu bere “Nafarroa gure aberria”rekin. Aberriaren festa honetan, mendia jendez gainezka ageri zen.
Tontorretik, Nabarrako bandera eskegi zen, bailara osoan ikus dadin zer garen, nor garen: nabartarrak. Eta, baieztapen honekin lotuta, gehitu nahiko nuke, hortik bideratu beharko genukeela gure borroka, munduaren aurrean gure, Nabarrako Estatuaren, burujabetasuna berreskuratzeko.
Gora Nabarra Osoa askatuta!