Hona hemen, Soberanía de Navarra blogeko idazleak egindako eta nik neuk euskaratutako iritzi artikulua.
“…Guretzat urriaren 12a zer den adierazteko gaude hemen: indiar herrien eskubideen lapurretaren, eta europar zibilizazio bakarraren inposaketaren hasiera. Nahiz eta 494 urte pasa diren iada, Alejandro VI Aita Santuaren bularen baliogabetze morala eskatzen dugu, zeinak, gure presentzia kontutan hartu barik, nazio indiarren lurren ematea Portugal eta Espainiar erreinuei egiletsi zien 1493ko maiatzaren 3an. (...) Hemen gaude, demostratzeko gu, lurraldetasunean inbaditutako eta politikoki kolonizatutako nazio haien ondorengo eta oinordekoak, berrantolatzen gabiltzala, gure balore propioekin, kolonizazioaren aurretik izan ginena izateko berriz: Libre!” 1986ko urrian, Aymará, Kolla, Kamsá, Kuna, Maya-Cakchiquel, Purépecha eta Quechua nazio indiarrek V. Mendeurreneko Komisio Espainiarraren aurrean aurkeztutako manifestutik aterata.
Nabarrako erreinuaren konkista, inbasio eta okupazioaren V Mendeurrenaren etorrera hurbilaren aurrean, Espainiako Erreinuko indar politiko, judizial eta mediatikoak hasi dira haien garaipena, haien konkista, eta gure askatasunaren bukaera ospatzeko ekitaldi oroigarriak prestatzen. Konkistatzaile eta kolonizatzaile espainiarren ekimen aurreikusgarrien aurrean, zeintzuek ez duten Nabarrako Herri edo Nazioaren benetako memoria historikoarekin inongo zerikusirik, hiritar kolektibo batetik “1512-2012 Nafarroa bizirik!” plataforma sortu zen. Honen helburua, eztabaida historiko serio eta zorrotz bat bultzatzea gizarte nabarraren aurrean, “Komisio ofizialeko” kideekin, komisio hau duda barik inposatua delarik, erakunde kolonizatzaileetatik hasita sortu baita.
Lehenago, 90eko hamarkadako bigarren zatian, Nabarrako Erret Etxeak demanda bat aurkeztu zuen Espainiako Erreinuaren aurka –eta baita, ez dezagun ahaztu, Frantziako Errepublikaren aurka-, kolonizazio eta genozidioagatik. Hain zuzen, Nazio Batuetako “Deskolonizaziorako Komite Bereziaren” aurrean. Demanda honetara batu zen 2010 urtearen hasieran Nabarrako Burujabetza Komisioa. Baina, era berean, ezin ditugu ezkutatu, ezta ahaztu, ezta disimulatu, ezta alde batera utzi, ezta deslegitimatu –hori egiteko hor daude espainiar eta frantziar inperio kolonizatzaileak- beste mugimendu edo ekimen batzuk, argi eta garbi estatalista, subiranista edota independentistak direnak. Pasatako urteetan zehar eratuz joan dira, eta gaur egun nabarzaletasun osoaren berreskurapenaren alde eta sentimendu nabarzalearen alde lanean dihardute.
Nabarrako Estatu Piriniotarraren galera ekarri zuten gertakizun historiko guztien berrikuspen zuzen eta egokia, gaurko Baskoniako gizarteak bere burua politikoki ezagutu dezan beharrezko ekintza bat da. Hau da, nabar herritar moduan, konkistaren ondoko planteamendu politikoak ahaztuz. Planteamendu hauek beste testuinguru politiko batean eginak dira, euskaldunek iada estatu inperialisten eta kolonialisten inposizioa sufritzen zutenekoa.
Idazki honen hasieran aipatutako indiar nazioek batera, nabarrok gure baliabide eta ahaleginak bateratu behar ditugu. Horretarako, ezinbestekoa da elkar onartzea, gure berezitasun ideologikoekin, baina kontu handiz aztertuz pertsona bakoitzak, talde bakoitzak, komisio bakoitzak edo erakunde bakoitzak egin dezakeen ekarpena, guztion onerako. Ezin da egon, ez da egon behar eztabaida zahar, inbidia edo dena delakoetan oinarritutako aitzakiarik. Argi izan behar dugu, gure orain dela 5 minutuko, 5 eguneko, 5 asteko, 5 hilabeteko, 5 urteko edo 5 mendeko banaketak gure etsai amankomunek erabili dituztela, haien ekintza kolonizatzailea erraztuz.
Gaur inoiz baino gehiago, gure esklabotasunaren hasieraren V mendeurrenaren hurbiltasuna dela eta –batzuentzat gehiago, besteentzat gutxiago-, gogoetarako momentu bat hartu behar dugu, iragana berrikusiz eta hausnartuz, serioski, estatu kolonizatzaileekiko (Frantzia eta Espainia) ditugun lotura politiko, judizial, fiskal... guztiak apurtzeak ekar ditzakeen onura politikoak. Batzuentzat gehiago, besteentzat gutxiago. Gaur, inoiz baino gehiago, talde bat eratu behar dugu, ekipo orekatu bat, ideologikoki zabala, barne gorrotorik gabekoa, non adiskidetasuna eta kooperazioa nagusi izango diren, Nabarra gure aberri maitearen onerako. Gaur, inoiz baino gehiago, behartuta gaude Gure Gobernu Zabala eratzera, Nabarra Nazioaren onerako.