Spiga

Donostia, hantuskeriaren hiriburu

Artikulu hau Angel Rekalde Komunikazio Zientzietan doktoreak idatzi berria da bere blog eta Berria egunkarian.

Duela egun gutxi, Donostiak 2016an Europako kultur hiriburu izateko hautagaitza aurkeztu zuen. Beste zenbait argudioren artean, «Europan, kulturan eta balioetarako heziketan elkarbizitzarako hirien eredu» omen da bere proposamena. Nola izan liteke elkarbizitzaren eta kulturaren eredu bertakoak isiltasunera, bazterketara eta ahanzturara kondenatzen dituen hiria!

Hau da kultur politika Donostian: urrutiko intxaurrak hamalau eta gerturatu eta lau. Donostian, euskal kulturak bazterkeria sotila, baina gupidagabea jasaten du. Jar dezagun datu bat mahai gainean. Hirian euskara dakitenak edo menderatzen dutenak 80.000tik 100.000ra bitartekoak dira. Kalkuluak kalkulu, zifra horrek euskal kulturaren munduko hiririk handiena bihurtzen du Donostia. Ez Bilbo, ez Iruñea, ez Maule, ez Arrasate eta ez Buenos Aires. Donostia da maila unibertsalean egunero euskal hiztunen giza kontzentraziorik handiena biltzen duena.

Gaur egungo gizarte-eredua kontuan hartzen badugu, hiriaren inguruan egituratzen dena, eta haren egunerokotasuna, paisaia, ohiturak, imajinarioa, herritarrak, produkzio-prozesuak, sozializazioa eta kontsumoa… Donostiako populazio honi euskal kulturaren zentralitatea legokioke zalantzarik gabe. Kultur fenomeno gehienek (feriak, kongresuak, produktuak, jaialdiak, egileak, argitaletxeak, topaketak, festak, hedabideak…) Donostian edukiko lukete egoitza. Logikoena izango litzateke; hemen aurkituko lituzkete euskarriak, erakundeen laguntzak, publikoa, masa soziala, industria, finantzazioa, etab. Kultura loratzeko eremu ezin hobea.

Errealitatea bestelakoa da ordea. Euskal kulturaren erreferente guztiak, Sarrionandiak metaforikoki zioen bezala (Ni ez naiz hemengoa) beste nonbait daude. Pastoralak eta maskaradak Zuberoan ditugu. Euskal liburuaren eta musikaren azoka Durangon antolatzen da. Berriak, euskarazkoa den egunkariak (eta txiripaz, Egunkaria-ri gertatutakoa gogoan) Andoainen du egoitza. Argia euskal kultur aldizkariak, Lasarten. Kafe Antzokiak bultzatzen dituen mota guztietako kultur ekitaldiak -gerora beste leku batzuetara zabaldu direnak- Bilbon sortu ziren. Bertsolaritzak Billabonan edo Barakaldoko BECen dihardu. Euskal telebistak, ETB, Hamaika, auskalo nondik datozen proiektuak dira, eta gehienez ere estudio batzuk edo bigarren mailako ordezkaritzaren bat dute Gipuzkoan. Bizkaian, Nafarroa Garaian, folklorea. Herri musikaren txokoa Oiartzunen… Zerrenda amaigabea da (herri honen kultur aberastasunaren adierazpena), baina ez dute apenas loturarik Donostiarekin.

Zein da Donostian sustatzen den kultura, Europako eredu eta txapeldun izatearen nahikeria horretarako? Zinemaldia, Aste Nagusia, Musika Hamabostaldia, beldurrezko zinemaren astea… Gure asmoa ez da beren baitan nolabaiteko balio turistikoa, nazioarteko proiekzioa, negozioa eta propaganda duten ahaleginak arbuiatzea. Baina begi-bistakoa da hor euskal kultura bazterrekoa dela. Ez duela lekurik. Ez zaio ia apurrik eskaintzen. Ez dut daturik alderatu ahal izateko Udalaren (edo Kutxaren, Aldundiaren edo are hiri honen babesle handiak omen diren El Diario Vasco edo Errealaren) aurrekontuetan zenbat eskaintzen den jarduera baterako edo besterako, baina kontuan hartzen badugu figura handiak, Aste Nagusiko jaialdietan azken urteotan gehien kobratu dutenak, Rosario Flores edo Concha Velasco izan zirela, garbi dago zer-nolako artistak eta kultura sustatzen diren diru publikoaz.

Kosmopolitismo arranditsu baten izenean, ezikusiarena egiten zaio bertako komunitateari. Ongi dago Kursaalera operak eta kontzertuak ekartzea, baina noiz izango dugu Benito Lertxundi -oraindik frontoietan jotzen du askotan, herri honen lotsarako- Beltran, Tapia, Joxan Goikoetxea entzuteko aukera? Edozein euskal artistarekin Mikel Laboa donostiarrarekin jazotakoa gertatu behar al du, hil egin behar al du haren presentzia sentitzeko?

Euskara, musika, euskal kultura… ez dira ageri jatorri nafarra duen Motako gazteluaren hirian, Iruñeko euskal erregeak sortutako Donostian. Hori al da Europan aurkezten duten kulturaren eta elkarbizitzaren eredua? Euskal komunitatearen aldetik, doazela antzarak ferratzera.

Komentariorik egin nahi? idatz egiguzu Idatzi Nafarron infogunera