Spiga

Estatu nafarra baino arinago, estaturik ez.

Lehengo egunean, penaturik irakurri nuen Berria egunkari abertzalean (2010-VII-25) Eider Lopez donostiarrak idatzitako artikulua. Abertzale prototipoaren aburua plazaratu zuen bere burua donostiartzat duen herritar euskaldunak. Artikuluaren ardatza abertzalismoak irakatsitako historia eta ikuskera plazaratzea zen, modu inkonszientean agian. Nafar Estatuaren existentzia ezagutu bai, historiako egiak ezin ukatu, baina Euskal Herri zatitua du oinarri, erabat bereiztuz Euskal Herria eta Nafarroa hitzak. Euskal Herria kontzeptua era politikoan erabiltzen du Lopez herkideak eta Asel Luzarraga literaturgilea aipatzen du bere buruari galdetzeko: zergatik ez Nafar Estatua baino arinagoko egoera? Erantzuna ezin argiagoa izan: euskaldunon Estatu nafarra Ibañetako lepoan, Orreagan hain zuzen ere, sortu zelako, beste estaturik ukan ez dugulako goraipatu behar dugu Estatu Nafarra. Ez al da aski estatu bat ukan izana estatu hori erreibindikatzeko ala? Ez al da inportantea historiak utzi diguna? Eider Lopez herritarra pozik biziko litzateke Hiruak Bat konfederakunde independiente batean ala? Ba, jakin dezala, horrela uste izanez segituz gero, Biak Bat estatu tipi batean bizitzeko aukera baino ez duela ukanen seguraski, posibilitateak gero eta murritzagoak direlarik baldin eta lurraldetasuna gero eta txikiagoa bada. Ni Mendebaldeko Nafarroan bizi naiz eta ez naiz bat ere bizkaizalea... agian nire tenentzia edo konterriaren historia ikasi dudalako. Bizkaia nafarra izan da eta sekula ez du estaturik sortu, abertzale eta espainiarzale askok kontatu diguten bezala. Nik Bizkaiaren nafartasuna aldarrikatzen dut antzinako ganboatarrek bezalaxe. Oinaztar abertzaleek kostata emanen dute amorea horretan, espainiartzeko bidean ibili direlako aspaldidanik, historia aspaldiko zerbait bezala bizi dutelako-edo. Abertzaletasuna bilakatu edo hil ostean ikusiko dugu nafar euskaldunok argia, estatua alegia.

Duela guti, Andoni Olariagak filosofoak historiaren erlatibismoa ere aipatu zuen Berria-n bertan, historiaren funtsa erlatibizatuz-edo. Ni ez naiz inor, jendeari aholkuak emateko, baina argi dut historia dela herri baten funtsa. Historiak eta hizkuntzak markatzen dute herria, finkatzen dute, mugatzen dute, sena ematen... Historia galdu, arerioek kontatutako historia irentsi, edo Euskal Herrialdeen independentzia aspaldikoan sinesten dutenak menpeko herri batean bizitzea atsegin dukete. Ezin izan inola ere bestela. Herri autonomiko zatitura eraman gaituzte karlistek eta abertzaleek, historiak erakutsi digun bezala. Eta nahiz eta abertzale frankok zazpi probintzia batzuen alde egin duten (zitalki hartu dute Goi Nafarroa herrialde paretsu bezala, espainiar nazionalistek autonomiekin egin duten bezalaxe), beren praktikak eta estrategiak porrot egin du. Asimilatuak izan dira. Abertzalismoak uko egin dio historiari, uko egin dio euskaldunon estatuari. Nafarroa Garaiko abertzaleek ere ez dute asmatu Mendebaldeko Nafarroako herritarren gogoak berenganatzen. Abertzaletasuna nafartasun bilakatu behar, euskaldunon estatua birlortzekotan. Horretarako sortu da mugimendu nafarzalea, horretarako berreskuratu dugu geure historia abertzale izandako batzuek. Historiarik gabe ezin dugulako herria osatu, bestelako herria izanen ginelako.

Mendebaldeko Nafarroan dago euskaldunon problema, ez Goi Nafarroan abertzale batzuek uste duten moduan. Nafar euskaldunok atzerrian gaudean ere nafartasuna zabaltzen dugu, Europan eskuarki oso ondo dakite zer den Nafarroa, euskaldunon sehaska eta estatu izena alegia. Horregatik esaten digutenean zer garen, nik eta beste nafarzale batzuek "We are from Navarre" eta erantsi egiten dugu "from the Land of the Basque"; eta ederto asko ulertzen dute, antzina ere ulertzen zuten bezala. Magiarrak hungariar, galoak frantses, germaniarrak aleman diren bezalaxe, nafarrok euskaldun gara Orreagako batailak izen zirenez geroztik. Orduko hartan sortu zen gure estatua, historian izan den estatu bakarra, eta hori aski da gure Estatuari Nafarroa deitzeko, gure bizitegia edonon egonik, Enkarterrietan, Landetan nahiz Sonsierran.

Komentariorik egin nahi? idatz egiguzu Idatzi Nafarron infogunera