Spiga

María Silvestre Emakundeko burua eta pornografia iragarkiak

Sor eta lor geratu naiz, María Silvestre Emakunde izeneko erakunde publikoko presidentearen hitzak entzundakoan. Argiki esan du gai horretan kontuz ibili behar dela lanpostuak daudelako kolokan baldin eta iragarki horiek debekatzen badira EAEko eskuineko prentsatik. Falta izan zaio esatea, iragarki pornografiko horiei esker egunkari gutxik irabazten dutela dirua: Vocento eta Diario de NOticias taldeen egunkariek soilik (EAEko prentsari dagokionez). Beste hitz batzuetan esanda, Silvestre andereak ez luke egon beharko PSOEk ipinitako postu horretan. Benetan tamalgarria da ikustea andere estimatu horrek nola gur egiten dien hedabide dirudun batzuei, andrazkoen eskubideak albo batera utziz eta horrelako iragarkiak erabiltzen ez dituzten hedabideak kaltetuz. Unibertsitate bateko irakaslea izanik eta emakumeen defendatzailea gainera, hobe luke dimisioa presentatzea. Baina hori ez du egingo Emakunde erakundeko zuzendari izateak diru asko ematen diolako. Horren sinplea da Silvestre anderearen jokamoldea: boterearen abaroan, emakumeen eskubideak ahaztuz.