Gaur, Berria infoguneak dakarren bezala, Oñati herri nafarrean Euskal Selekzioaren Eguna ospatzera deitu gaitu ESAIT erakundeak. Gaur goizean, 10.30etan abertzaleen ikurrinaren jasotzea egingo dute eta hainbat kirol ekitaldi ondoren. Ekitaldiak Euskal adjektiboa eduki arren, Nafarroa ahantzirik ageri da beste behin ere, edo agertzekotan ez estatu baten izen gisan, baizik eta espainiarrek baliatzen duten moduan, beste lurralde zokoratua bailitzan.
Tamalez, ESAIT erakundeak Euskal Selekzioaren Eguna antolatzen duenean Seiak Bat abertzalearengan baino ez du pentsatzen, ez euskaldunon kolore gorrian, ezta Errioxan ere, ezta estatu batengan ere, nafar estatuan hain zuzen. Orain 500 eta 800 urte gaztelau eta espainiarrek sortutako eta aranismoak ezbaian jarri ez zuen lurralde banaketan baino ez du pentsatzen, "Nafarroa" terminoa erregio sinple eta anikilatu bat izan balitz bezala kontsideratzen omen dute. "Nafarroa Euskadi da" leloa asmatu zutenen asmakeria da Nafarroa terminoa ezabatzea gure gogoetatik. Hortik dator hain zuzen Goi Nafarroa eta Behe Nafarroa argiro ez bereiztea eta Mendebaldeko Nafarroako lurraldeak aparteko lurraldetzat kontsideratzea. Seiak bat (abertzalismoaren hasierako Errioxa tenentzia nafarra ere kenduta, jakina) izeneko ikusmoldean bizi dira abertzaleak oraindik. Gauzak antolatzen dituzte euskaldunon estatua deitzen den Nafarroaren baitan pentsatu gabe. Euskal Herria terminoa Euzkadi-ren ordezkoa da beraientzat eta nahastu egiten dituzte kultura eta politika, geografia eta etnia eta estatuaren izena. Nafarroak estatua ere sekula ez duela eduki esango digute, batzuk ausartu diren bezala. Agian esaten dute hori Del Burgo nafar espainiarrarekin bat ez egitearren, bereiztearren alegia. Agian esaten dute beraientzat oraindik Nafarroa terminoa reketeen terminoa delakoan. Historia tristea benetan euskaldunok bizi izan duguna gure Estatu Osoan, bai Mendebaldeko lurraldeetan bai eta Erdialdeko Nafarroa Garaian ere. Euskaldunontzat oso inportantea da egun zentralitatea Nafarroa Garaian jartzea, Iruñea gure hiriburua izanik. Goi Nafarroan ezagutu bai ezagutzen dute guztiek benetako historia: Erresuma Nafarraren estatu historia, modu diferentez ezagutu arren. Baina abertzaleak nagusi diren Mendebaldeko Nafarroan ez dira arduratu historiaz, ez dute asmatu euskaldunon historia transmititzen. Horrela gureak egingo du. Euskal Herria terminoaren amaiera Euskadi-k eduki duena izango da horrela segituz gero: 3x1, 4x1, beti ere Pirinioetako hegoaldean.
Noizko sortuko ote dugu Selekzio Nafarra? Noiz Baskoniako Landetatik Errioxaraino doan lurraldean Selekzio Nafar Nazionala? Noizko kolore gorria duen selekzioa entrenatzailea Del Bosque izan barik? Zergatik Euskal selekzioa izena jarri nafar selekzioa izenaren ordez? Euskaldunon estatuaren izena ahantzarazteko ote? Zer problema dago Koikili edo Javi Martinez jokalari euskaldunak kamiseta nazional gorriarekin jokatzeko? Beraiei galdetuz gero, baietz gorriz janzteko prest!