Sor eta lor geratu naiz gaur ETB2 kateko eguerdiko albistegia entzuten. Halako batean, esatariak informazioa eman du esanez gaur ere metrorik gabe egongo garela. Hori entzun eta nire burua Bilbo hiriko metrora joan zait. Bilboko metroan greba zegoela pentsatu dut une batez ETB2ko esatariaren hitzak entzundakoan. Gainera, albistea jorratu ahala eta kokapen geografikorik aipatzeke zihoanez, Bilboko metroan pentsatu dut; baina ez, segitu dute informazioa zabaltzen bideo bidez eta azkenik ulertu dut notizia ez zela Bilboko metroari buruz, baizik eta Madrilgo metroaz. Madrilgo metroko grebaren albistea geure egin nahi izan dute ETBkoek madrildarrak baikinen. Ez dago gaizki, egunero 2 milioi pertsonak hartzen dute metroa Espainiako Erresumako hiriburuan, euskaldunon hiriburua ere Madril dela pentsatu beharko, ETBk bertoko erreferentziak galtzen ari delako. Nire etxean, gero eta gutxiago jartzen dugu ETB, Espainiako erreferentziak direlako nagusi: Sevillako parrizidioa, Toledoko sutea, Malagako folklorikoaren ezteiak... Horrelakoa da ETB, bertoko erreferentziak galdu dituen informazio kanala. Agian horrela segituz gero, Madrilera joan behar dute audientzia indizea emendatzeko.
Komentariorik egin nahi? idatz egiguzu