Spiga

Arrigorriaga eta Ekialdeko Nafarroa elkarlotuta

Aupa Arrigorriagako nafarzaleak

Txiki-txikitatik besteek esaten deuskue nor garen eta zer garen. Gainera, independentzia berreskuratzeko sarritan altxatu den herrian bizi garenez gero, bataila eta partidu gehienak galdu ondoren arrotzek ezarri gura deuskue nor garen eta zer garen. Bihotzez badakigu libre eta independenteak izatekotan, pozik biziko garela, baina irakasleek, aditu jakintsuek, funtzionarioek, kazetariek, politikariek eta poliziek sinestarazi nahi deuskue gure desioak eta ametsak ez direla kontuan hartzekoak. Gu ez gara inor, munduan gure herria ez da batere garrantzitsua eta, beraz, eurek agintzen daben moduan bizi behar dogu.

Nor gara gu eta zer gara gu. Hor dago koxka. Nork bere burua ezagutzea bide zaila den arren, horixe da bidea. Arbasoek iraganean erakutsitako adoreari esker, ezin dogu beste barik gure gogoz espainiarren edo frantziarren morroi edo esklabu bihurtu. Euskaldun guztiok geure buruaren jabe izan gura dogu. Gutako edonor gehiago da Espainiako erregea edo arrotzen zerbitzura dagoen lehendakaria baino. Bertoko emakume guztiak, gutxienez, euren etxeko andreak dira eta gizonak, berriz, etxeko jaunak gara.

Nondik gatoz? Herri eta lurralde independente batetik. Orain dala mila urte, Nafarroa deitzen zan eta askoz lehenago Baskonia. Gaur egungo Euskal Herria baino handiagoa zen eta arrotzak ez ziren nagusi. Arrigorriaga eta bertokoak orduan ere bazineten. Baina Nafarroaren ia aztarna guztiak desagerrarazi dabez. Malbasin mendian nafar gaztelua izan zen, 1176 urtean Gaztelak oraingo Bizkaiaren Mendebaldea Zornotzaraino indarrez okupatu arte, eta 1200 urtean hiru probintziak. Ordutik hona, 30 belaunaldi izan dira. 825 urte geroago, Arrigorriaga eta Nafarroaren artean lotura izan bazala erakusteko ez da ziurtagiri bat be gelditzen.

Hala ere, ustekabean, horren aztarna bategaz topo egin dogu. Arrigorriagan berton daukogu eta danok ikusteko moduan. Abrisketako San Pedro baselizan dago (goiko argazkia ikusi). Nafarroako estilo arkitektoniko bat ikusi gendun baselizaren buruan dagoen leiho txikian. Izan ere, harginek harria Jakako ajedrezatuaren estiloan landu eben. Jakatik zabaldu zan estilo hori eta gaur egun hiri horretara joaten bagara, katedralaren ate nagusiaren arku handi osoa dago estilo horretan landuta. Harginek handik zabaldu eben Nafarroaren eragin artistikoa eta politikoa jasotzen eben beste euskaldun batzuengan, eta Arrigorriagaraino be heldu zan. X-XI mendeetan, Jaka eta Iruñea ziren nafarren hiri nagusiak eta guztiz euskaldunak ziren.

Basauriko Udalak antolatutako txango batean agertu jakun aurkikuntza. Hogei bat lagunen artean, leihoaren nafartasunaz inor gutxi konturatu zen, geureari buruz ezer ez dakigulako. Jakintsuek, berriz, erraz esaten dabe gure lurraldean keltiarrak, erromatarrak, bisigodoak eta atzerritar danak egon zirela eta hauen aztarnak eta adibideak bilatzen dabez. Baina gaztelu bat nafarra izan zela edo idatzitako antzinako testu bat euskaraz zegoala aipatuz gero, horien mesprezua eta isekak jasan behar doguz. Hauen ustez, gu inoiz ez gara gu, besteak baizik. Espainiarrei, frantziarrei, ingelesei edo txinatarrei inoiz ez jake antzeko gauzarik eskatzen.

Guzti honi aurre egiteko, Arrigorriagako nafarzaleek behar handia egin ahal dozue. Animo! Euskararen alde eta Nafarroaren alde!

Komentariorik egin nahi? idatz egiguzu Idatzi Nafarron infogunera