Spiga

Pablo Antoñanaren omenez, Vianan

Nafarroako Historialarien Lehen Biltzarrean biziki hunkigarria izan zen omenaldia egion zioten Pablo Antoñana historialari eta idazleari. Palazio erakasleak ekitaldian hartu irudiak jarri ditu YouTube-n.

Komentariorik egin nahi? idatz egiguzu Idatzi Nafarron infogunera

Arrieta historiaren garrantziaz mintzo

Idoia Arrieta irakasle donostiarra historiaren garrantziaz mintzo da Vianan. Nafarroako Historialaren Lehen Kongresoan parte hartu zuen Arrieta andereak.


Komentariorik egin nahi? idatz egiguzu Idatzi Nafarron infogunera

Orella Unzue irakaslearen mintzaldia Nafarroaren konkistaz

José Luis Orella Deustuko Unibertsitateko katedradunak parte hartu du berriki Nafarroako Historialarien Lehen Biltzarrean. Hona hemen Konkistaren ideologoez Orella Unzuek esandakoa. Beheko bideoan Aragoiko Fernando erregeaz eta Cesar Borgiaz berba egiten du.




Komentariorik egin nahi? idatz egiguzu Idatzi Nafarron infogunera

Jon Oria Nafarroako Margaritaren pentsamenduaz

Asteburuan, Vianan, Nafarroako historialarien lehen biltzarra burutu da. Bertan, Jon Oria irakasleak parte hartu du eta YouTube-n agertu da Lizarrako irakaslearen mintzaldi osoa grabaturik. Beste gune batzuetan bezala, hona ere dakargu Jon Oria Oses irakaslearen irakasgaia Nafarroako Margaritaren pentsamendu filosofikoari buruz. 24 minutu inguruko iraupena du.






Komentariorik egin nahi? idatz egiguzu Idatzi Nafarron infogunera

Historialarien kongresoa Viana herrian

Nabarraldek antolaturik eta hainbat fundazio eta elkarten laguntzarekin, historialari nafarrak Errioxara bildu dira. Bertako alkateak hasiera eman zion Kongresoari atzoko egunean. Nafarroako historialarien Lehen Biltzarreko fotoak ikus daitezke ondoko loturetan. Atzo foto guztiak sartu ditu biltzarreko hizlari batek.

Flickr, foto-albuma
Flickr, argazki pasea

Komentariorik egin nahi? idatz egiguzu Idatzi Nafarron infogunera

Aitor Nafarrondo eta Jurgi Nafarrate auto istripuz hil dira

Lehengo egunean gertatu zen. Hildakoen senide batek kontatu zigun albiste beltza eta pasahitza eman ere bai mezu hau idatzi ahal izateko blogetik bertatik. Jurgi eta Aitor autoz joan ziren opor egun batzuk hartuta Europan zehar. Antza, bi gazteen autoa errepidetik irten zen eta nahiz eta anbulantzia nahiko arin heldu zen, ospitalean hil zen Aitor eta istripuan bertan edo anbulantzian Jurgi. Gurasoek gazteen artikuluak edo testuak batu dituzte lagunei emateko.

Tamalez, ez dira heldu etxera bi nafartzaleak. Zur eta lur geratu ginen nafarrok notizia jaso genuenean. Blog hau umezurtz geratu da eta orain laguntza eskatzen dizuegu nafarrentzako albisteak ematen segitzeko. Informazioa beste ikuspuntu batetik emanda, bada garaia nafarrok gure informaziobide propioak izateko. Horixe da NAFARROK. Orain dela gutxi sortua, Jurgi eta Aitor herritar nafarrei esker. Komunikabide honek iraun behar duela uste baduzu, eskatu baimena eta segi ezazu Jurgi eta Aitorren lana. Musutruk, baina Nafarroaren alde, subiranotasunaren alde. Gora Nafarroa Askea eta Osoa!

Komentariorik egin nahi? idatz egiguzu Idatzi Nafarron infogunera

Larunbateko manifestazioa eta Guardiako ekitaldia

Larunbaterako zenbait pertsonak deituriko manifestazioa bertan behera geratu behar izan zen, deitzaileek horrela eskatuta zeren eta Moreno epaile espainiarrak bigarren deialdia ere debekatu baitzuen azken unean, Rodolfo Ares-ek zuzentzen duen Ertzaintzaren txostena irakurri ondoren. Hala ere, epailearen debeku erantzunak ez zuen erabateko eragina eduki eta hainbat herritar egon ziren Bilboko kaleetan barna beren haserrea erakutsiz. Eskubide guztien aldeko mugimendu bapatekoa sortu zen. Hala ere horrek galdera bat planteatzen du. Alderdi politikoek paso eman beharko ote diote giza mugimenduari? Askok uste dute baietz, herriaren ordua dela. Horrelakoetan, Sabin Intxaurragak eta beste askok egin duten bezala, eskubide zibilen alde egiteko tenorea iritsi omen da. Nafarzaleok, bitartean, Nafarroa Osoko estatu legitimoaren erakundeen alde egingo dugu. Abertzaletasunak sorturiko Ertzaintza ikusi genuen larunbatean herritarren erantzun irmoa ikusten eta jendea atxilotzen bakezko egoeran. Abertzaletasun historikoak gogoeta egin beharko du zer etorkizun duen hemendik aurrera eta zer sortu duen azken 30 urte hauetan.

Hori, larunbatean gertatu zen; eta igandean bandera nafarrak ikusi ziren Guardia herriaren izen osoa aldarrikatuz: Nafarroako Guardia, alegia. Nafarroako Sonsierrako Guardian bandera nafar erraldoia ikusi zen eskegita Guardi herriaren sorrera lekuan. Antso errege nafarraren herriak gorri kolorea berreskuratu zuen noiz eta bere kaleak errioxarrez, bizkaitarrez, arrabarrez eta goinafarrez beteak baitzeuden. Antonio Basagoiti eta Patxi Lopez espainiarrak ere egon ziren present eta Guardiaren benetako historia ikasi ahal izan zuten esan digutenez. Ekitaldian egon ziren pertsonek egindako argazkien zain gaude, zuei erakusteko. Badirudi, efektua eduki duela deialdiak eta Ander Alemanek lotura hau bidali digu argazki batzuk ikusteko: Guardia herriaren nafartasuna.

Komentariorik egin nahi? idatz egiguzu Idatzi Nafarron infogunera

Nafarzaleon elkartzea igandean Guardia herrian

Igande honetan, Nafarroako Sonsierrako Guardia herrian, abertzaleek Biasteri deitzen dioten herrian eta Euskaltzaindiak Guardia deituriko herriskan, nafartasun ekitaldi egonen da goizean. Bandera nafarrari gorazarrea eginen zaio eta herria nafar gorriz jantziko da Ardo Uztaren Eguna dela probetxatuz. Bertan izanen dira Navarrate Kultur Elkartekoak eta hainbat nafarzale. Gogoratu banderak eramateko aholkua eman dutela antolatzaileek. Horrela arabar asko eta guardiarrak konturatu egingo dira haiek ere nafarrak direla eta hainbat urtez benetako historia lapurtu digutela. Guardiarrak, gu bezalaxe, denok nafartar.

Komentariorik egin nahi? idatz egiguzuIdatzi Nafarron infogunera

Larunbatean, Bilboko manifestazioa demokraziaren alde

Espainiar Erresumako fiskaltzak debekatu egin du larunbateko manifestazioa. Hala ere, herritar askok deliberatu dute bertan egongo direla Espainiako inperialismoaren aurka eta demokrazia defendatzeko asmoz. Herri ekimena Batasunaren "oinordekoa" dela adierazi du fiskalak, "eta ETAren aginduak segitzen dituela". Bilbon izango da manifestazioa, 'Denontzako eskubide guztiak Euskal Herri osoan' lelopean eta jakina denez, atxikimendu franko jaso ditu ekimenak; besteak beste, Ezker Abertzalea, Aralar, EA, Alternatiba, Lokarri, ELA eta LABena.

Komentariorik egin nahi? idatz egiguzu Idatzi Nafarron infogunera

ETBren eguraldi mapa, espainiar inperialismoak nahi bezala

Orain bai, duela gutxi ikusi dugu banaka batzuk, gero eta euskaldun gutiagok ikusten baitu ETB, eguraldi mapa berriz ere aldatu dutela. Oraingo honetan, espainiar nazionalistek nahi bezalaxe koloreztatu dute EAE argiki. Hemendik aurrera, ez dago zalantzarik, PPk PsoE konbentzitu du, Nafarroako Mendebaldeko parte bat, espainiar inperialistek Euskadi deiturikoa, argiro bereizteko Nafarroaren beste lurraldeetarik. Errioxa, Landeta, Biarno eta beste ageri dira mapan, baina beste kolore batean.

Nafarroa Osoaren zatikatzea ahalbidetu dute PP-PsoE alderdiek Alberto Surio espainiarrak aginduta. Pornografiaren aldeko eta ultraeskuindarra den Vocento taldearen beste garaipen bat Alberto Surio nondik datorren ikusita, ia-ia Frankismoak irabazi zuenekoa bezanbatekoa omen da jende askorentzat garaipena, nafarzale zintzoentzat beste umiliazio bat besterik ez dena. Iker Tubia goinafar berriemaileak iritzi artikulu ederra idatzi du ZuZeu infogune abertzalean, nahiz eta, Erramun Gerrikabeitiak esan bezala, Errioxarekin tronpatu den.

Komentariorik egin nahi? idatz egiguzu Idatzi Nafarron infogunera

ETAk ez du ekintza armaturik eginen

Hauxe da ETAk BBC Bretainia Handiko komunikabidera bidalitako bideoa ekintza armatuen gelditzea iragartzeko.

Komentariorik egin nahi? idatz egiguzu Idatzi Nafarron infogunera

Carlos Tena, Kuban bizi den berriemailea

Carlos Tena kazetaria oso ezaguna izan da hainbat urtez Espainiako Irrati Telebistan. Musika aditua da eta ondoko bideoan kontatzen du zergatik joan behar izan zuen bizitzera Karibeko irla iraultzailera. Azken urteotan Cubainformacion.TV gunean egiten du lan.

cubainformacion.tv

Komentariorik egin nahi? idatz egiguzu Idatzi Nafarron infogunera

'Wish you were here' bideoa ia 40 milioi aldiz ikusia

Gaurko datan ia 40 milioi aldiz ikusi da bideo hau YouTube-n. Arrakasta edukitzeko elementuak: Pink Floyd talde iraultzailea eta ona 'Wish You Were Here' (1975) kanta ederrarekin, eta Chartrand YouTubeko erabiltzaileak egindako remixa. Kantaren letra utziko dizuet oso mamitsua delako. Zaporeztatu berriro ere Pink Floyd taldearen musika bideo polit honekin . Letra hemen duzue:

So, so you think you can tell
Heaven from Hell,
Blue skys from pain.
Can you tell a green field
From a cold steel rail?
A smile from a veil?
Do you think you can tell?


And did they get you to trade
Your heros for ghosts?
Hot ashes for trees?
Hot air for a cool breeze?
Cold comfort for change?
And did you exchange
A walk on part in the war
For a lead role in a cage?

How I wish, how I wish you were here.
We're just two lost souls
Swimming in a fish bowl,
Year after year,
Running over the same old ground.
What have we found?
The same old fears.
Wish you were here.


Komentariorik egin nahi? idatz egiguzu Idatzi Nafarron infogunera

Buitraker taldearen 'inon ez' kanta ederra

Buitraker taldearen kanta duzue hemen. Nafarroan inoiz izan den talderik onena omen da eta gainera euskaraz eta gizarte gaiak jorratuz. Ezin hobea musika eta deskargagai beren gunetik edo YouTubetik. Zorionak, Buitraker talde nafarra.

Komentariorik egin nahi? idatz egiguzu Idatzi Nafarron infogunera

Enrike Lopez intelektualak: partidu abertzaleak traba dira egun

Nafarrok kazeta digitala Portugaleten egon da abuztuan Nafarroako intelektual eta euskaltzale batekin elkarrizketa egiteko asmoz. Enrike Lopez EHUko irakasle kaleratuak argiki adierazi du zer den nafarzaletasuna eta zer gertatu zaion abertzaletasunari, partidu abertzaleak egun traba direla aipatuz.

Komentariorik egin nahi? idatz egiguzu Idatzi Nafarron infogunera

Hugo Chavez presidentearekiko elkarrizketa BBC katean

Hona hemen duela gutxi BBCk Hugo Chavez presidenteari eginiko elkarrizketa. Oso mamitsua eta argigarria, Venezuelako sistema politikoaren aurka egiten dutenek Chavez presidenteari entzun behar. BBC bezalako hedabideek zitalki ezkutatzen dute Israelen edota Britainia Handiaren botere atomikoa, eta Gazan edo Iraken gertatzen diren sarraskien erantzukizuna. Beste batzuek, Chavez presidente hautatuak bezala, hori salatzen dute. Jimmy Carter AEBetako presidente ohiak esan bezala, Venezuelako hauteskunde sistema onesta eta argia da.





Komentariorik egin nahi? idatz egiguzu Idatzi Nafarron infogunera

Vianako kongresoa irailaren 18 eta 19an

Laster izango da Nafarroaren historiazko kongresoa lehenengo aldiz Viana herrian (Nafarroa Garaia). Biltzarra, Nabarralde elkarteak antolatu du eta historialari ospetsuak izanen dira biltzarrean, programan ageri denez: Davant, Sorauren, Esarte, Mtez. Garate, Rekalde, Asiron... Palacio de Pujadas hotelaren aukera dago lo egin eta bazkaltzeko bi egunetan. Oso prezio baxuak daude eta kongresoan Nafarroa osoa hartzen da gaitzat, ez Goi Nafarroa soilik, jakina. Mugimendu nafarzalearentzat oso interesgarria da biltzar hau, gure herriaren benetako historia aldarrikatzeko abagunea delako.

Komentariorik egin nahi? idatz egiguzu Idatzi Nafarron infogunera

Adierazi EH ekimenaren alde atzo Bilbaon

Adierazi EH ekimenaren aldeko 150 pertsona bildu ziren atzo Kafe Antzokian. Hainbat abertzale ezagun elkartu ziren honako eskaeren inguruan:

  • Bizitza eta askatasuna
  • Euskal presoak, Euskal Herrira. Kondena bete dutenak eta gaixo daudenak kalera.
  • Inkomunikazioa eta torturak gelditzea
  • Adierazpen askatasuna: pertsona guztiak, proiektu guztiak, aukera guztiak.
  • Alderdi eta erakundeen legalizazioa, eta ondorioz, auzi eta sententzia guztiak indargabetzea.

Larunbatean, Bilbao hiri nafarrean eskubide zibilen aldeko manifestaziora joateko eskatu dute bildutakoek, hots, Adierazi EH ekimenari atxikimendua eman diotenek. Besteak beste, CCOOko Jesus Uzkudun, Xabier Mendiguren Kontseiluko idazkari nagusi ohia eta Martxelo Otamendi daude pertsona horien artean. Alderdi eta erakundeei dagokienez, Eusko Alkartasuna, Ezker Abertzalea, LAB, Aralar, Alternatiba eta beste ere agiri dira babesa erakutsi duten eragileen artean.

Komentariorik egin nahi? idatz egiguzu Idatzi Nafarron infogunera

Hugo Chavez presidente venezuelarra eta Twitter

Hugo Chavez presidente venezuelarrak arrakasta itzela lortu du maiatzetik aurrera Twitter sarean Chavezcandanga izenarekin. Kanpaina bat ere sortu behar izan du oposizioko kideak bakarrean egon ez daitezen Twitter-en. Oso bideo ederra burutu dute iragarki bezala Venezuelako herritarrak animatzeko parte hartzera Twitter sarean. Ez utzi ikusteke Chavezen kanpaina, pertsona burutsuek asmatutakoa zalantzarik gabe. Eta ikusi Chavez presidentea bera Blackberry telefonotik mezuak bidaltzen.

Komentariorik egin nahi? idatz egiguzu Idatzi Nafarron infogunera

Buitraker taldearen azken kontzertua

Ainhoa Aristizabal-en bidez ikus dezakegu orain hemen Buitraker taldearen kanta polit bat. Azken kontzertuaren zati ona duzue ondorengo bideoan. Revo X gozatu.

Komentariorik egin nahi? idatz egiguzu Idatzi Nafarron infogunera

Athletic eta euskal harrobia

Hona hemen Jesus Perez Viñasprekoak idatzitako artikulu ederra nafartasuna hedatzeko eta futbola gaitzat hartuz

Badakigu denok Athletic mundu osoan miretsia dela, euskal harrobitik soilki elikatzen den futbol taldea delako. Hasieran, Lezamako harrobia aski zitzaion, baina denbora joan ahala, eta handik atzemaniko emaitzak murrizten ziren heinean, Euskal Herriko beste harrobietara (Reala, Osasuna, Alaves...) joan behar izan zuen jokalari bila.

Duela gutxi Athleticeko zuzendari tekniko Jabier Iruretak prentsaurreko batean Logroñoko 17 urteko jokalari baten fitxaketa iragarri eta... hara! Athletic bere berezko eta ohiko filosofia ia-ia urratzen eta lege-muga berraldatzen ari zelako susmoa jakinarazi zigun! Berarentzat dudarik ez, sortzez eta hazkuntzaz jokalari berriaren lurraldea Euskal Herritik at kokaturik zegoela adierazi nahi baitzigun; bidenabar, arazo hauek areagotuko direla, Oionesa kidetuta eta Mirandes kidetzeko zorian daudelako. Beraz, panorama beltza, kinka larria eta etsigarria, non Athletic bere jatorrizko filosofia galtzeko arrisku handian dagoela ondoriozta baitezakegu. Bapo!

Abiapuntu makurretik, ibilbide galzoritsu eta atarramendu maskal.

Lehen aipaturiko lurralde horiek Nabarraren barnean egon ziren, gero Gaztelak bortxaz atzemanak eta ebatsiak, eta azken finean denboraren poderioz, behin errotik nafartasunaren sentimendua birrindu eta gero , zeharo espainoleztatuak. Aspaldiko gauzak direla eta lekuz kanpokoa dela esaten dutenei errespetu osoz erantzungo nieke perspektibaz azter dezatela lurraldetasunari buruzko orain arteko lorpenak edo aurrerapausoak (honatx; Trebiñu eta Turtzioz eredu, gehi abertzaleen arteko liskarrak eta zatiketak) .

Gure ideologia ahulduz eta kikilduz doazen heinean, indartuz eta harrotuz arerioarena. Izan garenetik hasi, ukan genuena, bortxaz ebatsirikoa, eskatu ez, exijitu behar da duintasunez, ozenki eta irmoki errespeta gaitzaten.

Euts diezaiogun tinko gure euskalduntasunari eta orobat gure nafartasunari, ez gaitezen uzkur, ez herabe. Aldarrika dezagun beldurrik gabe gure lurraldea, bere osotasunean.

Abiapuntu zuzena: Nafarroa.

Ibilbide ziurra: nafar guztien batasuna.

Atarramendu sendoa: Nafarroa, euskal estatua.

Komentariorik egin nahi? idatz egiguzu Idatzi Nafarron infogunera

'Zamora, Tierra y Hombres Libres' filmearen trailerra

Ezequiel Zamora jeneralaren figura oso maitatua da egun Venezuelan. Orain dela urtebete baino gutxiago estreinatu da "Zamora. Tierra y Libertad" izeneko filmea. Bolivatar guztiei gustatuko zaien pelikula, zalantzarik gabe. Hemen duzu trailerra.

Komentariorik egin nahi? idatz egiguzu Idatzi Nafarron infogunera

Nabarrako Herritarren Ekhimenaren berpiztea

Nabarrako Herritarren Ekhimena itzuli da, berriz ere Nafarroa osoan zehar gure subiranotasunaren bandera ikusiarazteko.

Betiko blogarekin jarraitzen dute, hemen eskuman dago lotura, eta wiki bat ere sortua dute, blogetik sartu daiteke bertara. Blogean beti bezala haien ekintzen berri ematen jarraituko dute eta wikian berriz, hainbat material aurkitu ahal izango ditugu, "erreflexioa bultzatzeko". Tira ba, interesgarria dirudi.

Zorionak itzuleragatik, zuekin gaude!

Komentariorik egin nahi? idatz egiguzu Idatzi Nafarron infogunera

Nafarroaren historiari buruzko biltzarra

Angel Rekalde doktore euskaltzaleak honako artikulu eder hau idatzi zuen lehengo egunean Berria egunkarian Vianako historia kongresua dela-eta.

Irailaren 18an eta 19an 1512ko konkistaren inguruko Historia Kongresua egingo dugu Vianan. Hemendik bi urte eskasera beteko da Nafarroako konkistaren bosgarren mendeurrena, Pirinioen hegoaldeko euskal independentziaren eta, azken batean, euskaldunok historian eduki dugun Estatu bakarraren galera ekarri zuenarena.

Hesi eta ahanzturen ghettoan sartutako palestinarrei buruz ari dela, «israeldarren bonbardaketek utzitako eraikinen hondakinen» irudiak jaso eta gordetzen tematuta deskribatzen ditu Carles Guerrak. Bada obsesiboa den zerbait palestinarrengan, beren triskantzen lekuetan hondakin amaigabe horiek erregistratu eta gordetzeko nahi horretan.

Zeregin horren zentzua iraun nahi izatearekin lotzen da, israeldarren presioa hainbeste urtetan jasan ondoren hartutako eskarmentuaren ondorioz. Alde batetik, pairatutako indarkeriaren froga gorde behar dute, haren dokumentu grafikoa; izan ere, Guerrak adierazten duenez, «suntsiketaren erakusgarria ere suntsi daiteke». Bigarren plano batean, suntsiketaren erakusgarri hori dagoen artean, herri palestinarrak izaten jarraituko duelako. «Estaturik ez duten palestinarrentzat, argazkia beren herritartasuna suspentsoan geratu ez den lurralde bakarra da». Kale birrindu horietan subjektu erreal izaten jarraitzen dute, oso presente dagoen subjektua, azken etxea bota behar izateraino garaitua izango bada. Beste kasu batzuk ere aipa genitzake, hala nola Mauthaussen, Varsoviako ghettoa juduentzat, baina argudioa berbera da.

Hausnarketa horrek bortizkeria eta zapalkuntza mendetan jasan dugun beste herri batzuei zer pentsa ematen digu. Ziur asko, batek baino gehiagok gutxietsi egingo ditu ideia horiek gure gizartera aplikatzeko garaian, itxuraz hain osatua, ederra eta aberatsa baita. Alde ederra dugu palestinarrekin. Eta, hala ere, herritartasunaren suspentsio-fasean gaude jadanik, gure izatearen ukatzean, eta, jakina, aspalditik, suntsiketaren erakusgarriaren suntsiketan. Euskal Herririk ez dago, nazionalisten inbentoa da. Nafarroak ez du zerikusirik euskal herriarekin. Ez gintuzten konkistatu, baizik eta elkartu egin ginen, gerrarik eta inbasiorik gabe, itunen eta borondatezko entregatzeen bidez...

Kasualitatea edo paradoxa, Guerrak esperientzia horien berri ematen duenean, guri dagokigun adibide batera jotzen du. Gu aipatzen gaitu. Picassoren Gernika-ren kasua jartzen du neutralizatu egin daitekeen suntsiketaren erakusgarri horren eredutzat: «Lapurtutako monumentu nazionala» da. Espainolen bortizkeriaren froga zena, bere eginkizuna Gernikan bete behar zuena, margolariak berak pentsatu bezala, Espainiako museo batean dago bahituta, artelanaren zeregin estetiko hutsa betetzen. Bere esanahia ezabatuta dago. Eta inor ez da asaldatzen, ez sumintzen.

Larriena da gure dominatzaileekin egunero dialektika desorekatuan gabiltzala, izaten jarraitzeko borroka sinbolikoan, besteak beste. Eta desarmaturik gaude. Mendetan jipoitu eta suntsitu gaituzte, palestinarrekin egin bezala, baina hondakinetatik salatu ordez eta gure eskubideak aldarrikatu ordez, badirudi ahaztu egin nahi dugula. Berdin dio zer egin diguten; egunero hutsetik hasi behar dugu.

Memoria galtze suizida horren aurrean, gure herriaren oroimenaren mapa berregin behar dugu, eta ez 36koa soilik, Gernika, Sartaguda, Intxortak, Bilbo, etab. Baita ere Amaiur, euskara, Noain, Orreaga, Gasteiz, Hondarribiko gudua... 1512ko konkista, Sonsierrakoa 1462an, mendebaldeko Nafarroakoa 1200an. Gaztelu plaza, Iruña-Veleia, Praileaitz. Gure iraganaren oroimen-gune guztiak, fisikoak nahiz immaterialak, ezinbestekoak dira nor garen, non eta noiz izan ginen jakiteko, izaten jarraitu nahi badugu.

Egunero hutsetik hastea identitatean eta izatean amore ematea da, arerioari txeke zuria ematea. Vianako historialarien kongresua oroimen kolektiboari dagokion jardunaldia da, gizarte zibil osora, hedabideetako eztabaida publikora eta hezkuntza-sistema guztira zabaldu beharko litzatekeena; etorkizuna baitugu jokoan.

Komentariorik egin nahi? idatz egiguzu Idatzi Nafarron infogunera

Txillardegiren artikulua Aste Nagusiaz

Hona hemen Berria egunkarian Txillardegik abuztuaren 26an argitaratu zuen artikulu ederra Donostiako Aste Santuaz. Gogoeta eragiteko eta indarrak batzeko artikulua.

Abuztuaren 21an amaitu da «Semana Grande Donostiarra» delakoa. Batzuek, euskaraz , «Donostiako Aste Nagusia» itzulia .

Aurten ere zer ikusi eta entzun dugu astean barrena? Zortzi egun horietan barrena, alegia (Bilbon bederatzi izango Iñaki Azkuna alkatearen pozerako).

Oso nekeza da donostiar euskaldunok pairatu behar izan duguna azaltzea.

Zortzi egunez, eta egunero, zezenketa antolatu dute Illunben. Zenbat zezen hil arte torturatu duten ez dakit: sei? zortzi? Biderketa erraza da: 60 bat zezen sakrifikaturik aste honetan zehar.

Eta pozarren. «Olé» txuleskoak eta «pasodoble toreroak» ok eragin arte entzun arazi dizkigutelarik.

Turistek ere (gehienek), hemengo egoeraz zipitzik ez dakitelarik, pozik oso : «C'est formidable! Ici nous allons voir une corrida en Espagne».

Euskal Telebistan, berriz, Alberto Surioren gidaritzapean,bi kateetan eman dituzte egunero zezenketen berri. Areago, ETB-1an are jerga berezi bat asmatzen saiatu dira euskaraz.

«La Fiesta Nacional Española»-k hori eta gehiago merezi duelako.

Piper-potoaren erdian zezen buru baten isla erantsia ikusi dugu ehunka banderatan.

Eta gazte batzuen nikietan ere hau irakurri dugu: «Somos españoles». Beste batzuetan «Somos España» Eta Donostiako Parte Zaharrean ibili dira, probokatzaile (konturatu gabe, omen).

Orain, urteroko inbasioaren amaiera gertu bide dugularik, gutxienez «etxekook» (?) mugituko gara Donostiako kale eta enparantzetan. Itoketa saioa pittin bat lasaituko da, pittin bat bederen.

Eta aste jasanezin hau amaitzean, geure artean pentsatzen dugu. Hau ez da Aste Nagusia izan. Hau Aste Espainola izan da.

Noizko izen aldaketa ?

Donostiarrok aztertu behar dugu .

Noiz amaituko dugu «Aste Nagusia»-ren fartsa?

Batzuek, ahal dutenek, gutxik, hartua dute erabakia: aste horretan norabait joatea, baserriren batera, herri txikiren batera. Baina Donostiatik, hanka .

Baina horrelakorik egin ezin dezakatenek, gehienek, zer egingo? Benetan zer gomenda ote daitekeen ez dakit.

Baina orain esaten den bezala, aste hau «gehiegiegi» izan da.

Urtero izaten den bezala, egia aitortzeko.

Komentariorik egin nahi? idatz egiguzu Idatzi Nafarron infogunera

Ana Telletxearen artikulua Ledea hiriaz

Nabarralde webgunetik oso artikulu ederra dakarkigu Ana Telletxea euskaltzale nafarzaleak. Irunberritik oso urrun ez dagoen Ledea antiznako hiriaz idatzi du leku historikoen babesa ere gaitzat harturik.


Irunberriko arroilaren begirada zorrotzaren babesaz eta Irati ibaiaren konpainia bakarraz diraute (batek daki nola!) I. eta V. mendeen arteko erromatar garaiko Ledeako hiriaren aztarna zaharkituek.

Aspaldi dela ezagutzen nuen tokia, baina espresuki joan gabea oraino. Aurtengo udaberrian egin dut bisita. Esatik Iruñerako noranzkoan dago Ledeako erromatar garaiko hirira sartzeko modua. Errepide hori (Jakara baitoa) oso toki ibilia da, auto asko pasatzen da hartatik eta ez preseski mantso. Errepidetik ateratzeko salto ederraz alboratu beharra dago bazterrera, izan ere, autoek ingurune horretan ez baitute aukera gehiegi ematen abiadura mantsotzeko. Sarrera, beraz, ez dago inondik inora egoki, edozein istripu sorrarazteko bikain, aitzitik.

Legarrezko eremu eskas bat dago (autoentzat) eta goitik behera itxita ageri den etxola bat; haren atean bi plano itsatsirik, bata hasierako hiriaren itxurarekin eta bigarrena, ondotik izan omen zen antolakuntza berriarekin. Besterik ez.

Eremu haren isiltasun gorra hurbilegi pasatzen diren autoen motorrek bakarrik hausten dute. Eta bai. Hiri galanta da hura. Toki desegokia inongo biderik “gainetik” pasarazteko. Harri haien ondoan pausatuta, begiek ez dute gogoarekin batera han dagoen eta izan denaren erradiografia azkar bat egiten ahal, datu gehiegi begi kolpe batez dena hartzeko. Ahanzturaren sentsazio gordina nagusi.

Laborantza eta abeltzaintza ustiategien aztarnak daude eremu zabal batean barreiatuta: termak, biltegiak, gelak eta salak, peristiloa, putzua, dolarea eta errota... Geletako pareta batzuk, gainera, eroriak daude, suntsituak; gizakiaren eskua ala eguraldiaren gorabeherek sortua den ezin esan dut.

Nolanahi den, aztarnategi hau Kultura Intereseko Ondasun izendatua dago, eta egiazki ez dakit zer onura ekarri dion izendapenak.

Berez, administrazioak KIOen balio artistiko eta historikoak babestu behar ditu; besteak beste, ondasun higiezinen kasuan plan berezi bat idaztea edo bestelako figura batez babestea derrigorrezkoa da nonbait, eta badirudi ardura tokian tokiko administrazioari dagokiola. 27. artikuluak dio ondasunen suntsitzea eta hondatzea saihestuko direla.

1942tik 1947ra Vianako Printzea erakundea aritu zen Ledeako aztarnategi hau induskatzen (Altadill aitzindari izan ondotik). Geroztik, denboraren joanak noiz irentsiko zain dagoenaren itxura hartzen diot nik (nahiz eta tartean zaharberritze lanik izan dela suposatzen ahal den).

Aztarnategi honen egoeraz, beraz, diagnosi ezkorra: sarrera (autoz) ez dago egoki prestatua, eta hala, edozein nahigabe sortzeko arriskua dago; aztarnategia erabat zabalik dago, zaintzarik gabe, fede txarreko edonoren burutazio gaitzen mesedetara utzia; ez du inolako estalpe edo babesik eremu guztian; eta ez da inongo argibiderik ematen (panelak edo kartelak...).

Joan den urtean, gainera, Lurraldea Antolatzeko Planek ondarea sustatzeko kultur bide bat sortzea proposatu zuten, eta hartan, Ledeako aztarnategi hau abiaburu hartzen zen Vianaraino diseinatutako ibilbide batean. Plan hauez berri gehiagorik ez.

Zezenketak babestea berebiziko zaigun honetan, administrazioek ez dute, antza, antzinako altxor hau (eta beste hamaika) sikiera zaintzeko asmorik erakusten; ez da errentagarria zentzu askotan. Gaur egun dagoen egoeran ikusi baino, hobeki legoke lurpean, suntsitzeko arriskutik urrun (gaur hondatzen dena ezin izanen da etorkizunean ikertu edo “irakurri”). Ledeako artxibo historikoa abandonatuta dago.

Leteo, ahanzturaren ibaia. Greziar mitologiako legendak zioen ibai haren urak erabateko ahanztura zekarrela. Gurean ere hala ote?

Komentariorik egin nahi? idatz egiguzu Idatzi Nafarron infogunera

Orreaga: atzo ta gaur

Hona hemen, Soberania de Navarra blogetik hartutako artikulu izugarria. Aitor Nafarrondok euskaratua.

Pasa den 2010eko abuztuaren 15ean, Vasconia osoko nabartarrak bildu ginen, gure arbasoen garaipenik handi eta ezagunena ospatzeko. Gure arbaso baskoi independienteak, zeintzuk 769 urterako nabar termino politikoarekin ezagunak baitziren. Bataila horrek zera suposatu zuen, historiaren testuinguru unibertsalean: garai hartako armadarik “onenaren”, armada karolinjiarraren, porrot bakarra. Gertaera beliko eta politiko honek aditzera eman zuen Europako Herri-Nazio zaharrenaren autodeterminazio burujabea, hainbat mendetan zehar askatasuna bilatu zuen herri batena. Bai 778ko batailak, baita 824koak ere, nabartar edo baskoien batasunaren lehen pausoa izan ziren, kanpoko eraso militarren aurrean.


778 urteko abuztuaren 15ean, pagano, kristau eta musulmanak, nahiz eta gure herria ezberdintzen zuten hiru pentsamolde ziren, ez zuten gure herria banatu: guzti haiek baskoiak ziren, eta ez zuten momentu baten ere dudan jarri, erasotzaile handiago baten aurrean, haien indarrak batzeko beharra, eta horra hor lortu zutena. Orduko etsai horiek, frankoek, gure herria desagertarazi edo esklabu bihurtzea besterik ez zuten bilatzen, gaur egun aliatu frantses-espainolek egiten duten bezala. Baina gure Herri-Nazioaren zorionerako, VIII mendeko nabartar haiek ondo antolaturik zeuden, gaur tamalez ez bezala. Hala izan ez balitz, garaituak izango ziren eta gu, haien ondarea, ez ginateke bizirik egongo, XXI mendearen lehen hamarkada amaitzear den honetan.


Gure arbaso ziren lehen nabartar horiek, haien gaitasunaren mugak ezagun zituzten, eta haien helburua lortzeko, orduko metodoekin noski, hau da, borroka militarra, Astobizkar pasabidean elkartu ziren, Orreagatik hurbil. Bazekitenez karolinjiar zalditeria nagusi zela, ingurumenaren ezagutzaz eta hainbat armaren erabileraz baliatu ziren, hala nola aizkora motzak, aihotzak, sastakaiak... gure arbaso nabartarren armak etsaiarenak baino askoz ere arinagoak ziren, eta gudua bideratzen jakin zuten garaipena lortzeko, baita lortu ere. Nabartarrek haien lurretik etsai erasotzaileak botatzea lortu zuten.


Gaur, urteurren hau pasata, batasun hura gogoratzera behartuak gaude, gaur ez dugun batasuna. Konturatu behar gara, armen bidez kendu ziguten askatasun hori berreskuratzeko, gure interes partikular edota alderdikoiak alde batera utzi behar ditugula, amankomuneko helburu baten bila. Nazioarteko Jurisprudentziara jo behar dugu, espainiar edota frantziar jurispdrudentzia kolonialak onartu gabe. Gure arteko gatazka baliogabekoak alde batera utzi eta gure gaurko etsaiei -espainiar eta frantziar inperioak- aurre egiteko batu behar gara, militarki gure herrian genozidioa praktikatzen baitute gure Nabar Estatua okupatu zutenetik; eta gure erakundeak ezabatu baitituzte, haienak inposatuz, gure Zuzenbide Piriniotarra alde batera utziz, eta Nabarraren zati handi bat alienatuz.


Gaur egun, bi inperio hauek exekutatzen duten biolentzia sufrituz, baina oraindik ere bagaude gure askatasuna, gure independentzia berreskuratu nahi dugun nabartarrak, armen eta aitasantuaren abal baten bidez kendu baitzizkiguten. Gaur, 2010 urteko abuztua bukatuta, Herri honetako estatalista, independentista eta subiranistek, dagokigun termino bakarrarekin izenda gaitzaten nahi dugu: nabartarrak. Baina honetarako kontsekuente izan beharra dugu. Konturatu behar gara gure helburu noble eta benetakoa lortzeko, gure arbasoek 778an izandakoak baino tresna hobeak ditugula: tresna baketsu eta legalak, edozein arma militar baino askoz ere boteretsuagoak direnak.


Hasteko, ez dezagun ahaztu historia politiko luze bat dugula, besteen aurrean ordezkatu gaituen Estatu bakarrarena, Nazioarteko Antolamendu Juridikoan -zahar eta berrian- bildutako Eskubide batzuekin. Gainera, gure esklabotasunak irautea interesatzen zaien horiek diotenaren kontra, Nabarrako Koroaren onarpena dugu gure helburu politiko eta egiturazkoak betetzeko. Nabarrako Koroak onartzen du hau Herriak erabaki behar duela, hau delako orain Foru Nabartar bezala ezagutzen den Zuzenbide Piriniotarrak dioena.


Nahigabeei gaina hartzeko ordua da, gure ikuspegi ezberdinak alde batera utzi eta gure aberkideekin konpromisoa hartu, zintzoki gure batasuna onartuz, 778ko abuztuaren 15 hartan baskoiek egin bezala, horrela berriz ere gure asktasun hain maitatu hori berreskuratzeko: gure arbasoek Nabarrako Estatua sortzeko baliatu zuten askatasuna.


Askoren ustearen kontra, interes elektoralen menpean egoteak -beste batzuen artean- esklabotasuna luzatu besterik ez du egiten, berdin dio Espainiako erregearekiko edo Frantziako Errepublikako presidentearekiko. Europako herri aborigen honekiko zapalkuntzak jarraitu ezkero, bukaera bakarra nabartar guztion deuseztapena izango da. Esna gaitezen behingoz: espainiar edo frantziar demokraziek ez dute ezer konponduko. Izan dezagun argi, maite dugun askatasuna berreskuratu nahi badugu, planteatu beharrean gaudela, berehala, desobedientzia politiko, zibil eta fiskala, inperio espainiar eta frantziarraren politika inposatzaileen aurka. Argi izan behar dugu, VIII eta IX mendeetako nabartar horiek izan zuten bezala, independentzia soilik lortuko dugula hau egiten hasten bagara orain. Hau oso argi izan beharreko gauza da ze, soilik politika eginez benetako independentzia batetatik, lortuko dugu gure Nabarrako Estatuaren subiranotasun osoa eta honekin, behingoz ezagutuko dugu zer den askatasuna.


Komentariorik egin nahi? idatz egiguzu Idatzi Nafarron infogunera

Nafarzale hori, zein da zure bandera?

Nire bandera nazionala zein den galdetu didate gaur Europan, nagoen herrian, Nafarroako mugetatik urrun. Nire erantzuna honakoa izan da: bandera gorria, nire arbaso ganboatarrek mirestu zutena, katerik ez duena eta antzinako errege nafarrek eraman dutena. 'Eta ikurriña, zer da zuretzat?' galdetu didate segidan. Nire erantzuna: zuretzat zer da karlisten gurutzea, Done Anderren aspa duen bandera alegia? ba, zuretzat bandera horrek esan nahi duena, hori berori da niretzat ikurriña, ez gutiago, ez gehiago. Bego gure bandera nazionala egon behar den tokian, eta bandera berriak eta partidistak beude orain armairuetan.

Komentariorik egin nahi? idatz egiguzu Idatzi Nafarron infogunera

Hugo Chavez, Bolivarren birsortzea

Hugo Chavezen mintzaldia Simon Bolivarren panteoian. Simon Bolivarren dokumentala ikusten baduzue berehala konturatuko zarete zein antzekoa den gure egoera. Estatalista nafarrok ere mantendu nahi dugu gure estatu zaharra. Euskal Autonomi Elkartea, Nafarroako Foru Komunitatea, Akitaniako departamentuak, Foix, Autxerri... guri lapurtutako lurrak, nafarrak direnak. Autonomistak, abertzaleak, espaniarrak eta frantsesak gure herriaren banaketan sinestsi eta bultzatu dutenek Bolivarren figura ez dute miresten. Berehala konturatuko zarete zergatik. 100 urtetik 100 urtera Bolivarren pentsamenduak dituen pertsonaren bat sortzen da. Amerikan, pertsona hori Chavez omen da. Nafarroako Estatuan nor izango da? Gure Errege Etxeko norbait ote? abertzaleren bat ote? Azken hori ez, abertzaleak gehienez Paez edo Santander bezalakoak lirateke. Guk ez dugu Paez (Venezuela, gure pareko EAE esaterako) edo Santander (Kolonbia, Goi Nafarroako Foru Komunitate espainiarra esaterako) bezalako abertzalerik. Guk Chavez bezalako bat nahi dugu, Simon Bolivarren ideiak dituelako, hots estatalista nafarrenak. Ikusi bideo hau eta gogoeta egin gure askatzaileaz. Gora Libertadorea... Gora Chavez komandantea! Gora Estatu Nafarreko agintariak, exilioan daudenak! Abertzaletasunetik ez da sortu Bolivar bezalako askatzailerik.

Komentariorik egin nahi? idatz egiguzu Idatzi Nafarron infogunera

Venezuelari buruzko mintzaldia Bilbo hiri nafarrean

David A. Gomez PSUV alderdi venezuelarreko kideak emandako mintzaldia "Gazteria eta Iraultza Venezuela" titulupean. Che Guevara-ren peto-petoa den Gomez jauna ederki mintzatu zen Venezuelaren egoera zein den azalduz. Bi ataletan duzue berbaldia.



Komentariorik egin nahi? idatz egiguzu Idatzi Nafarron infogunera

Simón Bolivar, koloniak Espainiatik askatu zituena

Simon Bolivar Libertadore edo Askatzailea, Bolibarko Zaharrarengandik jasoko zuen kemen eta adorea egin zuena burutu ahal izateko. Harro gaude Bolibartarrok Bolibarren familia zaharra euskalduna izateagatik. Espainiarra sortu eta hala ere espainiar inperioari uko egin zion. Datorren urtean estreinatuko da Simón Bolivar filmea Venezuelan eta guk esperoan gaudelarik hona dakargu Libertadorearen bizitza, estratega eta militar handiaren gorabeherak, guk ere ikasteko. Bost kapitulutan ikusi ahal den dokumentala nafar estatalista guztientzat ikusgarria. Subiranotasuna eduki nahi duten guztiek ikusi beharko lukete orain hemen ipintzen dugun dokumentala. Ikusi ahala, pentsatu gure herrian, mesedez, Nafarroan hain zuzen ere. Eta hona hemen espainiar batek gateleraz ipinitako komentarioa YouTuben bideo hau ikusi eta gero (gure erantzuna: Gora Bolibar eta Bolibartarrak!):

Carlitos2046: y por supuesto era español, y su familia poseis grandes posesiones de tierras y MINAS DE ORO Y PLATA. y de indio tenia poquito...era mas español que yo !! eso si, traidor a su patria...

Komentariorik egin nahi? idatz egiguzu Idatzi Nafarron infogunera



Bilbaoko festak hastear eta manifestazioa 27an

Bilbaoko Aste Nagusia hastear dago eta Donostiakoa amaitzear. Jakina denez, Bilbaoko alkate espainiarrak bi konpartsaren eskubideak urratu ditu eta debeku horrek elkartasun eskerga ekarri du. Horrela, herritarrek manifestaziora deitu dute abuztuaren 27an. Zabalburu plazatik irtengo da manifestazioa eguerdian, 12:30etan hain zuzen ere. Bistan da gizartea mugitzen ari dela Nafarroa Osoan herritar guztiek eskubide berberak izan ditzaten.

Komentariorik egin nahi? idatz egiguzu Idatzi Nafarron infogunera

Carlos Hugo Borboi-Parma hil berri da

Hemen berton eman genuen notizia lehengo egunean Carlos Hugo Borboikoa oso gaixorik zegoela eta aurki txarrena espero zela. Horrelaxe izan da eta pausatu zaigu betiko karlisten buruzagia eta Espainiako Koroa aldarrikatu zuen gizona hainbat urtez. Karlismoa modernizatu egin nahi izan zuen eta sozialdemokraziarant bideratu zuen, jakina denez. Karlismo faxistak eta ultrakatolikoak sekula ez zion barkatu hori, karlismo horren buruzagia Carlosen anaia Sixto delarik. Sixto Borboiko jarraitzaileek honelaxe ikusten zuten Carlos Hugo. Berria egunkariak ere eman berri du notizia honela:

Carlos Hugo Borboikoa karlisten Espainiako errege-nahia atzo goizean hil zen, 80 urte zituela, Bartzelonan (Herrialde Katalanak), prostatako minbiziak jota. Azken egunak erietxean emanak zituen, oso gaixo. Egoera larriaren jakitun, agurtuak zituen jarraitzaileak, ohar baten bidez. Hileta gaur arratsaldean egingo diote, Bartzelonako beilatoki batean. Holandara eramango dute ondoren -printze titulua zuen han-, eta Parman (Italia) ehortziko dute.

Martxoaren 23az geroztik, jendaurrera agertu gabea zen Carlos Hugo Borboikoa. Lizarrara (Nafarroa) joan zen egun hartan, Karlismoaren Museoaren inauguraziora. Hara bildutakoei dei egin zien karlismoa modernizatzera. Eskari hori bera nabarmendu zuen iragan abuztuaren 4an ere, jarraitzaileak agurtzeko helarazi zuen gutunean: «Baretasuna atxikitzeko eta askatasunen aldeko gure proiektuarekin jarraitzeko eskatzen dizuet. Antzinako gure foruen adierazpen modernoa gauzatzeko eskatzen dizuet».

Ikasketak atzerrian egin, eta Espainiara igorri zuten 1956an. Frankismoa bete-betean zegoen, eta karlismoa, desegin antzean. Ezkerreko taldeekin biltzen hasi zen Carlos Hugo, nahiz eta hasierako aldietan frankismoarekin lerratu zen karlismoa. Haren aita Javierrek abdikatu ondotik, Espainiako erregetarako hautagai izan zen, baina Francok erabakia hartua zuen ordurako: Carlos Hugoren lehengusu Juan Carlos Borboikoa izendatu zuen errege. Alderdi Karlistako presidente egin zuten Carlos Hugo. Bozetara dei egin zutelarik, alderdiaren Nafarroako hautagai izan zen. Ordea, porrot egin zuen, eta politika erabat uztea erabaki zuen.

Holandako Irene erreginarekin ezkonduta egon zen, eta printze izendapena zuen. Hara eramango dute gorpua, baina ez dute jendaurrean jarriko. Italian ehortziko dute, Parmako Steccata elizan.

Komentariorik egin nahi? idatz egiguzu Idatzi Nafarron infogunera

Venezuelari buruzko mintzaldia Bilbon

David A. Gomez venezuelako herritarrak eta PSUVren gazte erakundeko militanteak mintzaldia emango du Bilboko Sildabiako Kultur Libreko gunean arratsaldeko 19:30etan. Venezuelako gazte sozialistak Kolombia eta Venezuelaren arteko harremanak izango ditu aipagai, baita Venezuelako Errepublika Bolibartarrak azken urteotan Hugo Chávez komandantearekin egin dituen aurrerakuntzei buruz ere. Berria kazeta abertzalean elkarrizketa egin diote 16. orrialdean, paperezko bertsioan.

Komentariorik egin nahi? idatz egiguzu Idatzi Nafarron infogunera

Simon Bolivar libertadorearen gorpuzkinak aztergai

Uda honek notizia pozgarria eman digu guztioi, bai nafar estatalistei, bai eta amerikar petoei ere. Simon Bolivar libertadorearen gorpuzkinak aztertu dituzte Venezuelan behin Bolivarren gorpuzkinak Santa Marthatik (Kolonbia) Venezuelara eraman eta gero. Analisi zientifikoa egin dute, ADN probak eginez, gehiago jakitearren Simon Bolivarren figurari buruz. Alboko fotoan ikus daitezke gorpuzkinak eta kristalezko katabuta edo hilkutxa. Venezuelak Simon Bolivarren gaineko pelikula bat prestatzen dihardu eta gehiago jakin nahi da espainiarren arerio eta munduko askatzaile ospetsuari buruz. Nafarroan erne egon beharko dugu oso gai interesgarria delako guretzat. Gogora dezagun museoa dugula Bolibar-Ziortza herrian eta askatzailearen familia bertakoa zela aitaren aldetik. Elias Jaua Venezuelako presidenteordeak orain arteko datu guztiak azaldu ditu Venezuelako Telebistan.

Komentariorik egin nahi? idatz egiguzu Idatzi Nafarron infogunera

Hiztegia.net, hizkuntz baliabideak nafar ororentzat

Oso webgune baliagarria da Hiztegia.net. Bilboko kooperatiba batek sortua duela zenbait urte. Bilduma ederra osatu dute euskararen inguruko tresnak leku bakarrean eskuragarri jarriz. Hiztegiak eta entziklopediak non dauden ez badakizue, gogoratu Hiztegia.net gunean dituzuela euskararen gaineko baliabideak eurrez.

Hiztegia.net gunean gero eta gune interesgarri gehiago topa daitekezke; hala nola, euskal software inguruko tresnak eta enpresak, eta nafarrak ez diren hizkuntz a arrotzen gaineko hizkuntz baliabideak ere.

Komentariorik egin nahi? idatz egiguzu Idatzi Nafarron infogunera

Duc de Foix, nafarren cava katalana


Gure estatuaren alde egiteko, gure ospakizunetan brindis gorriak egiteko Nafarroako estatuaren alde, erosi gure txanpan edo cavak. Foixeko lurrak gogoratuz, gure dukerria present edukitzeko, erosi Duc de Foix, hau da, Foixeko Dukerria izeneko cava, oso kalitate handiko txanpana, prezio berezian herritar nafarrentzat (kutxatan soilik saltzen da):

Brut Nature: 6 botila 42 euro (botila bakoitzeko 7 euro). 86 puntu lortu ditu PEÑIN gidan. Ezaugarriak: Macabeo, Xarel·lo eta Parellada mahats motak erabili dira Brut Nature egiteko. Metodo tradizionalaz egina eta Jatorrizko Izendapeneko mahatsa soilik baliatuz. Sant Sadurní d’Anoia herrian umatu eta ondutako cava da. Kolore horiska du, argia edo larua, fruitu usaina duena. Lehor edo sikua, atsegina eta oso egokia gazta xuabeak, arrainak, arrozak eta keztutakoak jaten direnean laguntzeko, baita aperitifa bezala. 6º eta 8º gradu artean zerbitzatzea gomendatzen da. Goiko lehen irudiko botila da (ezkerrekoa).
Brut: 6 botila 30 euro (botilako 5 euro)
Brut Rosé: 6 botila 39 euro (botilako bakoitzeko 6,5 euro). 85 puntu lortu ditu PEÑIN gidan.

Covides ardandegi katalanetik zuzenean eskuratu ahal dituzu botila kutxak gure distribuidoreen bitartez. Nafarroako edozein herritan bizi izanik ere, Bilbaon, Balmasedan, Laredon, Akizen, Oskan zein Haron, bidali posta mezua eta ikusiko dugu nola helarazi doan edo ahalik eta gutxien ordainduta.

Interesaturik baldin bazaude, eskatu produktu nafarra eta informazioa emango dizugu jakin dezazun nola ordaindu eta non jaso 6 botilako kutxak. Prezio ezin hobean duzu FOIXeko Dukerriko geure txanpana, gure estatuaren alde eginez. Idatzi nafarrok (a bildua) linuxwaves.com helbidera eta egizu eskaria.

Komentariorik egin nahi? idatz egiguzu Idatzi Nafarron infogunera

Industria farmazeutikoaren trapu zikinak

Ignacio Escolar kazetari kritikoak artikulu ederra idatzi berri du industria farmazeutikoaren gorabeherak eta praktika gaiztoak aipatuz. Nacho-ren blog pertsonalean topa dezakezue oso horniturik dagoen artikulua. Hori bai, nahiz eta I. Escolar Nafarroako mugetatik hurbil jaio zen Burgos aldean eta euskara berehala ikasiko zuela kontutan harturik, gaztelaniaz idatzi du artikulua. Escolar-ek, Espainian beste batzuek egiten ez duten bezala, euskara errespetatzen du eta herri nafarra. Ignacio Escolar, Publico egunkariko zuzendari ohia da eta Rebelion webgunean artikulu onak ditu. Twitter gunean ere jarraitu ahal duzue Escolarren bizitza.

Komentariorik egin nahi? idatz egiguzu Idatzi Nafarron infogunera

Orreaga 2010

Orreagako bataila oroitzeko ekitaldiko lehen bideoaren ostean, hona hemen jarraipena bigarren bideoan.

Komentariorik egin nahi? idatz egiguzu Idatzi Nafarron infogunera

Orreagako bataila gogoan, Pasai Donibanen

Nafarroako Pasai Donibane herrian egindako ekitaldia, abuztuaren 15ean, Askatasunaren Eguna oroitzeko, hau da, Orreagako bataila eta nafarren lehen erregea Eneko Haritza gogoratzeko.



Komentariorik egin nahi? idatz egiguzu Idatzi Nafarron infogunera