Spiga

Donostia, hantuskeriaren hiriburu

Artikulu hau Angel Rekalde Komunikazio Zientzietan doktoreak idatzi berria da bere blog eta Berria egunkarian.

Duela egun gutxi, Donostiak 2016an Europako kultur hiriburu izateko hautagaitza aurkeztu zuen. Beste zenbait argudioren artean, «Europan, kulturan eta balioetarako heziketan elkarbizitzarako hirien eredu» omen da bere proposamena. Nola izan liteke elkarbizitzaren eta kulturaren eredu bertakoak isiltasunera, bazterketara eta ahanzturara kondenatzen dituen hiria!

Hau da kultur politika Donostian: urrutiko intxaurrak hamalau eta gerturatu eta lau. Donostian, euskal kulturak bazterkeria sotila, baina gupidagabea jasaten du. Jar dezagun datu bat mahai gainean. Hirian euskara dakitenak edo menderatzen dutenak 80.000tik 100.000ra bitartekoak dira. Kalkuluak kalkulu, zifra horrek euskal kulturaren munduko hiririk handiena bihurtzen du Donostia. Ez Bilbo, ez Iruñea, ez Maule, ez Arrasate eta ez Buenos Aires. Donostia da maila unibertsalean egunero euskal hiztunen giza kontzentraziorik handiena biltzen duena.

Gaur egungo gizarte-eredua kontuan hartzen badugu, hiriaren inguruan egituratzen dena, eta haren egunerokotasuna, paisaia, ohiturak, imajinarioa, herritarrak, produkzio-prozesuak, sozializazioa eta kontsumoa… Donostiako populazio honi euskal kulturaren zentralitatea legokioke zalantzarik gabe. Kultur fenomeno gehienek (feriak, kongresuak, produktuak, jaialdiak, egileak, argitaletxeak, topaketak, festak, hedabideak…) Donostian edukiko lukete egoitza. Logikoena izango litzateke; hemen aurkituko lituzkete euskarriak, erakundeen laguntzak, publikoa, masa soziala, industria, finantzazioa, etab. Kultura loratzeko eremu ezin hobea.

Errealitatea bestelakoa da ordea. Euskal kulturaren erreferente guztiak, Sarrionandiak metaforikoki zioen bezala (Ni ez naiz hemengoa) beste nonbait daude. Pastoralak eta maskaradak Zuberoan ditugu. Euskal liburuaren eta musikaren azoka Durangon antolatzen da. Berriak, euskarazkoa den egunkariak (eta txiripaz, Egunkaria-ri gertatutakoa gogoan) Andoainen du egoitza. Argia euskal kultur aldizkariak, Lasarten. Kafe Antzokiak bultzatzen dituen mota guztietako kultur ekitaldiak -gerora beste leku batzuetara zabaldu direnak- Bilbon sortu ziren. Bertsolaritzak Billabonan edo Barakaldoko BECen dihardu. Euskal telebistak, ETB, Hamaika, auskalo nondik datozen proiektuak dira, eta gehienez ere estudio batzuk edo bigarren mailako ordezkaritzaren bat dute Gipuzkoan. Bizkaian, Nafarroa Garaian, folklorea. Herri musikaren txokoa Oiartzunen… Zerrenda amaigabea da (herri honen kultur aberastasunaren adierazpena), baina ez dute apenas loturarik Donostiarekin.

Zein da Donostian sustatzen den kultura, Europako eredu eta txapeldun izatearen nahikeria horretarako? Zinemaldia, Aste Nagusia, Musika Hamabostaldia, beldurrezko zinemaren astea… Gure asmoa ez da beren baitan nolabaiteko balio turistikoa, nazioarteko proiekzioa, negozioa eta propaganda duten ahaleginak arbuiatzea. Baina begi-bistakoa da hor euskal kultura bazterrekoa dela. Ez duela lekurik. Ez zaio ia apurrik eskaintzen. Ez dut daturik alderatu ahal izateko Udalaren (edo Kutxaren, Aldundiaren edo are hiri honen babesle handiak omen diren El Diario Vasco edo Errealaren) aurrekontuetan zenbat eskaintzen den jarduera baterako edo besterako, baina kontuan hartzen badugu figura handiak, Aste Nagusiko jaialdietan azken urteotan gehien kobratu dutenak, Rosario Flores edo Concha Velasco izan zirela, garbi dago zer-nolako artistak eta kultura sustatzen diren diru publikoaz.

Kosmopolitismo arranditsu baten izenean, ezikusiarena egiten zaio bertako komunitateari. Ongi dago Kursaalera operak eta kontzertuak ekartzea, baina noiz izango dugu Benito Lertxundi -oraindik frontoietan jotzen du askotan, herri honen lotsarako- Beltran, Tapia, Joxan Goikoetxea entzuteko aukera? Edozein euskal artistarekin Mikel Laboa donostiarrarekin jazotakoa gertatu behar al du, hil egin behar al du haren presentzia sentitzeko?

Euskara, musika, euskal kultura… ez dira ageri jatorri nafarra duen Motako gazteluaren hirian, Iruñeko euskal erregeak sortutako Donostian. Hori al da Europan aurkezten duten kulturaren eta elkarbizitzaren eredua? Euskal komunitatearen aldetik, doazela antzarak ferratzera.

Komentariorik egin nahi? idatz egiguzu Idatzi Nafarron infogunera

Historialarien biltzarra Nafarroa Garaian

Nafar historialarien biltzarra antolatu du Nabarraldek Viana herrian. Ihardunaldiok irailaren 18 eta 19an izanen dira eta bertan Mikel Sorauren, Peio J. Monteano, Jean L. Davant, Pello Esarte eta beste batzuek parte hartuko dute. Nabarraldek orrialde berezia sortu du Nafarroaren historiaren gaineko historialarien topaketen berri emateko. Matrikulak 30 euroko kostua du eta ikaslea izanez gero 5 euro. Caja Laboral erakundeak babesten du kongresua eta hainbat laguntzaile ditu, Ikastolen Elkartea, Sabino Arana Fundazioa eta Eusko Ikaskuntza barne direlarik. Abuztuaren 20an amaitzen da epea komunikazioak eta posterrak presentatu ahal izateko.

Vianako alkatea den Gregorio Galileok irekiko du kongresua eta behin hasiera ekitaldia amaitutakoan, bisita gidatua dago programaturik Viana herria hobeto ezagutzeko. Juan Cruz Labeagak zuzenduko du bisita.

Komentariorik egin nahi? idatz egiguzu Idatzi Nafarron infogunera

Zure lagunak ere jaso dezake Nafarron informazioa

Bidal egiguzu zure lagun euskaldunaren posta elektronikoa eta berak ere jasoko ditu NAFARROK aldizkarian argitaratzen ditugun berriak eta iritzi artikuluak. Idatzi nafarrok@linuxwaves.com buzoira zure lagunaren emaila eta horrela gero eta gehiago izanen gara nafartasunaren kontzeptua eztabaidatzen eta hedatzen. Guk ez dugu ideologiarik, baina bai helburua: nafarron kultura hedatzea, euskara bultzatzea eta nafarron Estatu legitimoaren alde egitea. Nafarroi interesatzen zaigun informazioa zabaltzeko modua da, lagun iezaguzu horretan!

Komentariorik egin nahi? idatz egiguzu Idatzi Nafarron infogunera

Nafarron bandera salgai

Geure bandera eraman ahal duzue etxera 15 euroren truk. Dagoeneko salgai dugu gure produktuen artean. Erosleak ordaintzen du bidalketa. Material ezinhobeaz eginda (poliesterezkoa), kanpoan zein etxe barruan jartzeko modukoa, bandera gorri nafarra eskuratu gure buzoira emaila bidaliz (nafarrok@linuxwaves.com). Banderaren tamaina 150x100 cm-koa da. Banderaren diseinua Jaimek egin digu eta benetan asmatu duela esan dezakegu. Nafarroako bandera zaharra berriturik oraingoan heraldikan aditua den pertsonak diseinaturik.

Komentariorik egin nahi? idatz egiguzu Idatzi Nafarron infogunera

Orreaga Eguna Pasai Donibanen

Nahiz eta gutako asko jada oporretan egon, Orreaga Iritzi Taldeak deitu egin gaitu nafarzaleok gure Egun Nazionala ospatzera. Aurten, Pasai Donibanen izanen da. Leloa honako hau: "Abuztuaren 15a, Askatasunaren Eguna". Abuztuaren 15ean, beraz, zita dugu Pasai Donibanen Orreagako bataila gogoratzeko eta gure nafartasuna aldarrikatzeko.

Komentariorik egin nahi? idatz egiguzu Idatzi Nafarron infogunera

Estatu nafarraren bandera Aizorrotzen

Aizorrotz, garrantzitsua izan zen garai batean Nafar Estatuan lurraldetasuna zaintzeko. Aizorrotzen gaztelua zegoen eta Mendebaldeko nafarrek eraiki zuten, ez oinaztarrek edo gaztelauek bistan dagoenez. Gure lankide Aitor Nafarrondok agerkari honetan komentatu duen bezala, nafartasuna hedatzen ari da Aizorrotz aldean.

Aizorrotz-en bandera nafarra agertu da berriro ere. Zorionak Iñakiri fotoa bidaltzeagatik eta erakusteagatik aurrera goazela gure estatua berreskuratzen. Klik egiten baduzu fotoan, tamaina handiz ikusteko aukeran izanen zarete.

Komentariorik egin nahi? idatz egiguzu Idatzi Nafarron infogunera

Kataluniar parlamentuak zezenketak debekatzea erabaki du.

Aldeko 68 boto, kontrako 55 eta 9 abstentziorekin, Kataluniar parlamentuak 2012tik aurrera zezenketak debekatzea onartu du.

"Prou!" plataformak bultzatutako "Iniciativa Legislativa Popular"-ak 180.000 sinadura jasoak zituen, berrikusteko lege bat, ikuskizun publikoetan animaliak maltratatzea debekatzen zuena, zezenketatan izan ezik.

Erabaki honek poza sortu du iniziatibaren bulatzatzaileen artean, eta PPk adierazi du legeak bultzatuko dituela Espainian, erabaki honek baliorik izan ez dezan.

Komentariorik egin nahi? idatz egiguzu Idatzi Nafarron infogunera

Nabarrako Estatua berpiztu da Leintz Bailaran


Gure nortasun zaharrarentzat, garai latzak ditugu hauek. Bidegurutze batean gaude, zirt edo zart egin beharrean, aurrera egingo badugu. Azkenaldian, Nabarrako Estatu zaharra bere bizitasunaren seinaleak ematen ari da. Hauetariko batzuk, azken egunetan bailara gipuzkoar eder honetan eman direnak dira, hain zuzen, honen hegoaldean: antzina nabar gudarostearen gotorleku izan zen Aizorrotz mendian, eta Leintz Gatzaga hiribilduan.

Gasteizetik kostarantz doan bidean dago Gatzaga, bere arbasoen lan gatzgileari izena zor dion herria. Arima nabarra hiribilduko bizilagunengan berpiztu da: horregatik, haien herriko sarrerako atearen harrian grabatuta dagoen Gaztelako ezkutuaren gainean, Nabarrako bandera jarri dute.

Eta hau egin zutenean, banderak benetan estali egiten zuen ikur arrotz hura; hala ere, gure lagun den haizeak (betiere indartsuegia ez denean), zoritxarrezko egia erakusten digu, gure ahalegin subiranisten gainetik ageri dena: Espainiak bahituta gauzka, oraindik ere. Baina begiek eskertzen dute ikustea, estatu piriniotar zaharraren arima herrira itzuli dela, herritik sortu baitzen. Zorionak, bada, Gatzagako herriari!

Baina hau ez da guztia. Pasa den larunbatean, uztailak 24, Eskoriatzako udalerri ederreko Aizorrotz mendian, ekimen ikusgarria izan zen. Honen punturik garrantzitsuena: Bizardunak musika taldearen kontzertua, zeinak, hain arrakasta handia izan duen folk erradikal euskaldunaren erritmora, Nabarrako Estatua aldarrikatzen baitu bere “Nafarroa gure aberria”rekin. Aberriaren festa honetan, mendia jendez gainezka ageri zen.

Tontorretik, Nabarrako bandera eskegi zen, bailara osoan ikus dadin zer garen, nor garen: nabartarrak. Eta, baieztapen honekin lotuta, gehitu nahiko nuke, hortik bideratu beharko genukeela gure borroka, munduaren aurrean gure, Nabarrako Estatuaren, burujabetasuna berreskuratzeko.

Gora Nabarra Osoa askatuta!

Komentariorik egin nahi? idatz egiguzu Idatzi Nafarron infogunera

Estatu nafarra baino arinago, estaturik ez.

Lehengo egunean, penaturik irakurri nuen Berria egunkari abertzalean (2010-VII-25) Eider Lopez donostiarrak idatzitako artikulua. Abertzale prototipoaren aburua plazaratu zuen bere burua donostiartzat duen herritar euskaldunak. Artikuluaren ardatza abertzalismoak irakatsitako historia eta ikuskera plazaratzea zen, modu inkonszientean agian. Nafar Estatuaren existentzia ezagutu bai, historiako egiak ezin ukatu, baina Euskal Herri zatitua du oinarri, erabat bereiztuz Euskal Herria eta Nafarroa hitzak. Euskal Herria kontzeptua era politikoan erabiltzen du Lopez herkideak eta Asel Luzarraga literaturgilea aipatzen du bere buruari galdetzeko: zergatik ez Nafar Estatua baino arinagoko egoera? Erantzuna ezin argiagoa izan: euskaldunon Estatu nafarra Ibañetako lepoan, Orreagan hain zuzen ere, sortu zelako, beste estaturik ukan ez dugulako goraipatu behar dugu Estatu Nafarra. Ez al da aski estatu bat ukan izana estatu hori erreibindikatzeko ala? Ez al da inportantea historiak utzi diguna? Eider Lopez herritarra pozik biziko litzateke Hiruak Bat konfederakunde independiente batean ala? Ba, jakin dezala, horrela uste izanez segituz gero, Biak Bat estatu tipi batean bizitzeko aukera baino ez duela ukanen seguraski, posibilitateak gero eta murritzagoak direlarik baldin eta lurraldetasuna gero eta txikiagoa bada. Ni Mendebaldeko Nafarroan bizi naiz eta ez naiz bat ere bizkaizalea... agian nire tenentzia edo konterriaren historia ikasi dudalako. Bizkaia nafarra izan da eta sekula ez du estaturik sortu, abertzale eta espainiarzale askok kontatu diguten bezala. Nik Bizkaiaren nafartasuna aldarrikatzen dut antzinako ganboatarrek bezalaxe. Oinaztar abertzaleek kostata emanen dute amorea horretan, espainiartzeko bidean ibili direlako aspaldidanik, historia aspaldiko zerbait bezala bizi dutelako-edo. Abertzaletasuna bilakatu edo hil ostean ikusiko dugu nafar euskaldunok argia, estatua alegia.

Duela guti, Andoni Olariagak filosofoak historiaren erlatibismoa ere aipatu zuen Berria-n bertan, historiaren funtsa erlatibizatuz-edo. Ni ez naiz inor, jendeari aholkuak emateko, baina argi dut historia dela herri baten funtsa. Historiak eta hizkuntzak markatzen dute herria, finkatzen dute, mugatzen dute, sena ematen... Historia galdu, arerioek kontatutako historia irentsi, edo Euskal Herrialdeen independentzia aspaldikoan sinesten dutenak menpeko herri batean bizitzea atsegin dukete. Ezin izan inola ere bestela. Herri autonomiko zatitura eraman gaituzte karlistek eta abertzaleek, historiak erakutsi digun bezala. Eta nahiz eta abertzale frankok zazpi probintzia batzuen alde egin duten (zitalki hartu dute Goi Nafarroa herrialde paretsu bezala, espainiar nazionalistek autonomiekin egin duten bezalaxe), beren praktikak eta estrategiak porrot egin du. Asimilatuak izan dira. Abertzalismoak uko egin dio historiari, uko egin dio euskaldunon estatuari. Nafarroa Garaiko abertzaleek ere ez dute asmatu Mendebaldeko Nafarroako herritarren gogoak berenganatzen. Abertzaletasuna nafartasun bilakatu behar, euskaldunon estatua birlortzekotan. Horretarako sortu da mugimendu nafarzalea, horretarako berreskuratu dugu geure historia abertzale izandako batzuek. Historiarik gabe ezin dugulako herria osatu, bestelako herria izanen ginelako.

Mendebaldeko Nafarroan dago euskaldunon problema, ez Goi Nafarroan abertzale batzuek uste duten moduan. Nafar euskaldunok atzerrian gaudean ere nafartasuna zabaltzen dugu, Europan eskuarki oso ondo dakite zer den Nafarroa, euskaldunon sehaska eta estatu izena alegia. Horregatik esaten digutenean zer garen, nik eta beste nafarzale batzuek "We are from Navarre" eta erantsi egiten dugu "from the Land of the Basque"; eta ederto asko ulertzen dute, antzina ere ulertzen zuten bezala. Magiarrak hungariar, galoak frantses, germaniarrak aleman diren bezalaxe, nafarrok euskaldun gara Orreagako batailak izen zirenez geroztik. Orduko hartan sortu zen gure estatua, historian izan den estatu bakarra, eta hori aski da gure Estatuari Nafarroa deitzeko, gure bizitegia edonon egonik, Enkarterrietan, Landetan nahiz Sonsierran.

Komentariorik egin nahi? idatz egiguzu Idatzi Nafarron infogunera

V mendeurrena

Hona hemen, Soberanía de Navarra blogeko idazleak egindako eta nik neuk euskaratutako iritzi artikulua.

“…Guretzat urriaren 12a zer den adierazteko gaude hemen: indiar herrien eskubideen lapurretaren, eta europar zibilizazio bakarraren inposaketaren hasiera. Nahiz eta 494 urte pasa diren iada, Alejandro VI Aita Santuaren bularen baliogabetze morala eskatzen dugu, zeinak, gure presentzia kontutan hartu barik, nazio indiarren lurren ematea Portugal eta Espainiar erreinuei egiletsi zien 1493ko maiatzaren 3an. (...) Hemen gaude, demostratzeko gu, lurraldetasunean inbaditutako eta politikoki kolonizatutako nazio haien ondorengo eta oinordekoak, berrantolatzen gabiltzala, gure balore propioekin, kolonizazioaren aurretik izan ginena izateko berriz: Libre!” 1986ko urrian, Aymará, Kolla, Kamsá, Kuna, Maya-Cakchiquel, Purépecha eta Quechua nazio indiarrek V. Mendeurreneko Komisio Espainiarraren aurrean aurkeztutako manifestutik aterata.

Nabarrako erreinuaren konkista, inbasio eta okupazioaren V Mendeurrenaren etorrera hurbilaren aurrean, Espainiako Erreinuko indar politiko, judizial eta mediatikoak hasi dira haien garaipena, haien konkista, eta gure askatasunaren bukaera ospatzeko ekitaldi oroigarriak prestatzen. Konkistatzaile eta kolonizatzaile espainiarren ekimen aurreikusgarrien aurrean, zeintzuek ez duten Nabarrako Herri edo Nazioaren benetako memoria historikoarekin inongo zerikusirik, hiritar kolektibo batetik “1512-2012 Nafarroa bizirik!” plataforma sortu zen. Honen helburua, eztabaida historiko serio eta zorrotz bat bultzatzea gizarte nabarraren aurrean, “Komisio ofizialeko” kideekin, komisio hau duda barik inposatua delarik, erakunde kolonizatzaileetatik hasita sortu baita.

Lehenago, 90eko hamarkadako bigarren zatian, Nabarrako Erret Etxeak demanda bat aurkeztu zuen Espainiako Erreinuaren aurka –eta baita, ez dezagun ahaztu, Frantziako Errepublikaren aurka-, kolonizazio eta genozidioagatik. Hain zuzen, Nazio Batuetako “Deskolonizaziorako Komite Bereziaren” aurrean. Demanda honetara batu zen 2010 urtearen hasieran Nabarrako Burujabetza Komisioa. Baina, era berean, ezin ditugu ezkutatu, ezta ahaztu, ezta disimulatu, ezta alde batera utzi, ezta deslegitimatu –hori egiteko hor daude espainiar eta frantziar inperio kolonizatzaileak- beste mugimendu edo ekimen batzuk, argi eta garbi estatalista, subiranista edota independentistak direnak. Pasatako urteetan zehar eratuz joan dira, eta gaur egun nabarzaletasun osoaren berreskurapenaren alde eta sentimendu nabarzalearen alde lanean dihardute.

Nabarrako Estatu Piriniotarraren galera ekarri zuten gertakizun historiko guztien berrikuspen zuzen eta egokia, gaurko Baskoniako gizarteak bere burua politikoki ezagutu dezan beharrezko ekintza bat da. Hau da, nabar herritar moduan, konkistaren ondoko planteamendu politikoak ahaztuz. Planteamendu hauek beste testuinguru politiko batean eginak dira, euskaldunek iada estatu inperialisten eta kolonialisten inposizioa sufritzen zutenekoa.

Idazki honen hasieran aipatutako indiar nazioek batera, nabarrok gure baliabide eta ahaleginak bateratu behar ditugu. Horretarako, ezinbestekoa da elkar onartzea, gure berezitasun ideologikoekin, baina kontu handiz aztertuz pertsona bakoitzak, talde bakoitzak, komisio bakoitzak edo erakunde bakoitzak egin dezakeen ekarpena, guztion onerako. Ezin da egon, ez da egon behar eztabaida zahar, inbidia edo dena delakoetan oinarritutako aitzakiarik. Argi izan behar dugu, gure orain dela 5 minutuko, 5 eguneko, 5 asteko, 5 hilabeteko, 5 urteko edo 5 mendeko banaketak gure etsai amankomunek erabili dituztela, haien ekintza kolonizatzailea erraztuz.

Gaur inoiz baino gehiago, gure esklabotasunaren hasieraren V mendeurrenaren hurbiltasuna dela eta –batzuentzat gehiago, besteentzat gutxiago-, gogoetarako momentu bat hartu behar dugu, iragana berrikusiz eta hausnartuz, serioski, estatu kolonizatzaileekiko (Frantzia eta Espainia) ditugun lotura politiko, judizial, fiskal... guztiak apurtzeak ekar ditzakeen onura politikoak. Batzuentzat gehiago, besteentzat gutxiago. Gaur, inoiz baino gehiago, talde bat eratu behar dugu, ekipo orekatu bat, ideologikoki zabala, barne gorrotorik gabekoa, non adiskidetasuna eta kooperazioa nagusi izango diren, Nabarra gure aberri maitearen onerako. Gaur, inoiz baino gehiago, behartuta gaude Gure Gobernu Zabala eratzera, Nabarra Nazioaren onerako.

Komentariorik egin nahi? idatz egiguzu Idatzi Nafarron infogunera

Nabarrako denda


Artikulu berriak saltzeari ekin diote Nabarradenda gunean. Animatu eta erosi, eta zorionak bertako ekintzaileei!

Komentariorik egin nahi? idatz egiguzu Idatzi Nafarron infogunera

Haga-k Kosovoren independentzia legala dela dio

2008 urteko otsailaren 17an, Kosovoko asanbladak bere independentzia aldarrikatu zuen, eta beranduago, urte bereko urriaren 8an, Nazio Batuetako Asanblada Orokorrak, Justiziaren Nazioarteko Gorteari hurrengo galdera plazaratu zion: "Nazioarteko Zuzenbideari lotzen al zaio Kosovoko behin behineko gobernuaren aldebakarreko independentzia aldarrikapena?"

2010ko uztailean, Gorte honek esan du "ez dagoela nazioarteko legerik, Kosovori bere independentzia aldarrikatzea debekatzen dionik". Ez omen dago Nazioarteko Zuzenbidean, independentzia aldarrikatzea debekatzen duen araurik. Hala ere, sententzia hau ez da loteslea.

69 herrialdek onartzen diote independentzia Kosovori gaur egun, baina Espainia, Errusia, Txina edota Brasilek ez dute hala jokatzen.

Komentariorik egin nahi? idatz egiguzu Idatzi Nafarron infogunera

Idiazabal, Nafarroako herria

Gipuzkoako udalerria. Idiazabaldarrak. Etxegarateko mendatearen oinean dago. Industria (elikagai-industria, hegazti-hazkuntza, mekanika eta metalgintza), zerbitzuak (garraioak, ostalaritza), basogintza (pagoa, artea eta pinua) eta abeltzaintza dira.

Historia:

Gaur egungo Idiazabalen aurrekinak (XII. mende artekoak)
Ezagutzen ditugun giza jardunaren agerpenik antzinakoenak mendi aldeko trikuharri eta tumuluak dira: Dorronsoroko Jentilzuloa edo Urrezuloko Armurea, Atxurbi, Praalata, Aitxu, Napalatza, Unanabi, Etxegarate, Bidaarte, Zorroztarri.... Brontze Aroan, Kristo aurreko 3200 eta 1300 urteen artea, hildakoak lurperatzeko erabili bide zituzten. Hilobi horietan, garai hartako lanabes eta apaingarriak aurkitu dituzte.
Ez daukagu ondorengo mendeetako berri askorik gure haraneko jendeez. Euskal Herrian ibili ziren zelta, erromatar, bisigodo eta abarren begietara, hemengoak ez ziren nabarmendu, eta ez da garai haietako ia ezeren arrastorik atzeman (II. mendeko erromatar txanpon batzuk bakarrik, 1898an aurkituak). Elizako pontea, Manuel Lekuonaren iritzian, bisigodoen garaikoa izan liteke, baina bada geroagokoa dela dioenik ere.


Idiazabalen eraketa Erdi Aroan eta ondoko mendeetako garapena (XII-XIX. mendeak)

Bestelakoan, feudalismo garaiko berriak ez dira askoz oparoagoak. XII. mendearen hondarreko dokumentu batean, herriaren gaur egungo izena lehenbizikoz idatzita ageri da: "Ego don Martin de Soviza et mea mulier... ...nuestra ereditate de Lazcano et de Iviazaval..." (1199. urtea). Garai honetan Idiazabal Nafar Erresumako partea zen, Antso VII.a Azkarraren gidaritzapean. Gaztelako Alfontso VIII.ak Gasteiz setiatu eta egungo Araba eta Gipuzkoa direnak inbaditu zituenean pasa zen herria gaztelarren menpe izatera. Euskal Herriko Kantauri aldean, gaur egungo baserrien aurretik baziren asentamentuak, hasieran egurrez bakarrik eta, gero, harriz eta egurrez egindako txabola xume samar batzuetan biziko ziren orduko idiazabaldarrak.
Mikel goiaingeruaren eliza XII-XIII. mendeen inguruan eraikitzen hasi zelarik, pentsatzekoa da ordurako izango zela herri edo auzo eraketaren bat inguruan eta, ohi zenez, inguruko jaun edo handikien aginteak, nola edo hala, harrapatuko zuen. Lazkaoko jauna, konparazio baterako, Idiazabalgo elizaren patroi edo jauna zen eta berak zuzentzen zuen parrokiaren jarduna (bikarioa izendatuz...). Noble handikiak eta Eliza, horra garaiko bi erakunde ahaltsuenak.
Ermitak ere, gehienak, inguruko baserrietako jaunenak ziren: Santa Isabel, Eztenagakoa; San Andres, Arizkorretakoa; San Esteban, Akutaingoa; Santa Polonia, Arimasagastikoa; San Ignazio (beharbada berriagoa), Oriakoa... Gurutzetakoa eta Kalbariokoa, ordea, herriarenak.

Gizarte hura antolatu eta eratuz joan zen neurrian, garaiko administrazio egituretan sartuz ere joan zen. Gastelarren pean jada, 1384. urtean, aurreko mendean hiribildu bihurtutako Seguraren babesera bildu zen, beti ere bere nortasuna gordez ("unibertsitate" modura azaldu zen aurrerantzean dokumentuetan).
Bien bitartean, XVI. mendean, lehenagoko mendeetan egurrez egindako txabolen lekuan, gaur egun dauzkagun baserri zaharrenak eraikitzen hasi bide ziren; egurraz gain, harria eta karea ere erabili zituzten (Urbizu Gerikok gorde du (beste guztiek baino hobeto- gaur egun arte, orduko egitura). Ondoko mendeetan, artoa bezalako gai berriak sartu eta, poliki-poliki, bizilagunen kopuruak gorantz egin zuen neurrian, baserri berriak ere egin ziren XIX. mendea arte.
Baserritarrek, bere lurrez gain, Idiazabalgo herri lurrak eta Urtsuaran, Urbia eta Altzaniako partzonerietakoak ere erabiliko zituzten jadanik (antzinako erabilera arautzeko, XV. mendearen hasieran, legez eratu ziren). Baserritarren bizimoduak ez bide zuen erosotasun izugarririk, hala ere. Mendi aldeko lur haiek ezinbestekoak izango ziren hainbat gauzatarako herritar gehienentzat: ganaduarentzako larrea eta egurra zeuzkaten haietatik.
Garaian paretsu, bestalde, baserriaren ekonomiari oso lotuak zeuden industriak ere bizkortu ziren. Errotak, batetik, alea ehotzeko; Urtsuarango Olakoa eta handik beherako gainetikoak: Loidi, Lopategi, Errotagain, Arimasagasti, Oria, Eztenaga, Ihurre. Eta burdingaiak egiteko olak ere: Urtsuarango biak eta Loidi edo Zuloagakoak (hasieran herriarenak); Ihurrekoa, Lazkaoko jaunarena... gure herriko baserri ekonomiaren osagarri ezin utzizkoak izan ziren.
Baserri batzuetako jaunak aberastu ere egin ziren eta baita bere etxeak dotoretu ere: Maugia, Arimasagasti, Oiarbide eta Eztenaga (hau lehenagokoa, beharbada) jauretxe itxura emanez berreraiki egin ziren XVII-XVIII. mendeetan. Agerian dute oraindik orduko handinahia.
1615. urtean, Espainiako Felipe IV. erregeri behar zen diru kopurua ordainduz, Seguratik apartatu eta "villa" titulua lortu zuen Idiazabalek. Bere burua gobernatzeko, herriko etxea kontzeju etxe bihurtu zuen; beraren altzoan sortu zen ostatua ere.
Aurrerantzean, gainera, Gipuzkoako gobernu gorabeheretan tarteko izateko, Batzar Nagusietan esku hartzeko eskubidea izan zuen, beste herri guztiek bezala. Bizilagun gutxi samarrekoa izanik, ordea, inguruko herriekin bat egin ohi zuen Idiazabalek bere ordezkariak bidaltzeko: batean Ataun, gero Segura, hurrengoan Zegama eta Mutiloa... izan zituen elkarkide.
Eliza ere, mende oparo haietan egin edo osatu zen. XVI-XVII.. mendeetan eraikina bera (gotikoa) eta XVIII.eko hasieran korua, erretaulak eta irudiak.

Informazioa bidali digu: Aitorrek, OJAOLAAITZEKO NAPARRAK taldekoa.


Komentariorik egin nahi? idatz egiguzu Idatzi Nafarron infogunera

Udalbiltzaren auzia



Egunotan Espianiako Audiencia nacionalean Udalbitza deritzon epaiketa egiten ari dira. Beste epaiketa ugari bezala (98/18, Segi, Egunkaria,....) guztiz politikoa da, udal hautetsi batzuen lan politikoagatik sekulako zigorrak eskatzen dituztelako. Eta ez da Udalbiltza osoa epaitzen baizik eta bere zati handi bat ezker abertzale eta independienteak osaturiko zatia.


Oso mingarria da nola behingoz nazio erakunde bat bultzatzeagatik gaizkile batzuk bezala tratatuak izan dira, anabasa eta kostu pertsonal handi bat sortu dutela injustizia bategatik. Zein izan da bere delitua? euskara bultzatzea, udalekuak lagundu, Xiberuko ekonomia sustatu,... edozein gobernuz kanpoko erakunde onoradun egin dezakeena.


Honeri erantzunez Espainiako inkisizio politikoak gupidagabe kolpatu ditu nafar aberkideak, konkistaren gaiaan bezala, Pedro mariskalarekin egin bezala. Aurpegi ezberdinak izan ditu, absolutismoa, konstituzionalismoa, faszismoa, monarkia,... baina beti Espainaren izaerari lotuta dago ezberdinei gorrotoa.


Pentsa dezagun, nafarzaletasuna Nafarroako lurralde ososetara zabalduko balitz (Errioxatik landetara, Busgosetik Hueskaraino) Nafarbiltza bat sortuko balitz berdin jokatuko luke Gaztelatarren botereak. Bitartean animo udalbiltzako auzipetuei eta gogoratu bihar uztailak 17an Bilbon agerraldi bat egingo dela haien alde.


Komentariorik egin nahi? idatz egiguzu Idatzi Nafarron infogunera

Katalunia eta Nafarroa (eta Espainia!)

Hona hemen Le Républicain de Vasconie blogeko gure lagun donTomasek bidali digun iritzi artikulua.

Hara! Izenburua agian okerra da. Espainia toki guztietan al dago? Bai jauna. Horregatik, izenburu honetan ere. Eta nola dago, ze modutan islatzen da Espainiaren presentzia toki guztietan? Ba, tokian tokiko herrien borondatearen gainetik agertuz.

Asteburu honetan Bartzelonan bildutako jende pilaren xede zehatza zein ote zen ez dut batere argi, egia esan. Baina berdin dit, independentzia, autonomia (ze ironia, uste nuen bi hitz hauek berdina zirela) edo dena delakoa eskatzen dutela, ez dute lortuko, Espainiak nahi ez badu. Horrela agertzen da Espainia toki guztietan.

Kataluniarren estatutuak (espainiarra), nahiz eta kataluniar gehiengoaren onespena jaso zuen, atzera egin beharko du, Espainiak ezetz esan diolako. Nola! Nola banatuko dugu ba, Munduko Futbol Kopa irabazteko gai izan den nazio handia? Gainera, proiektu bat da, gaur oso argi utzi da: "el gran proyecto plural y diverso, PERO COMÚN, que es España". Proiektuaren lehen pausoa emana da ba, dirudienez: Munduko Kopa irabaztea. Agur krisiari!

Eta talde irabazleari buruz, gaur eguerdian Radio Euskadin hauen etorrerari buruz ematen zuten berria halakoa zen: "ordu gutxi barru helduko dira gure irabazleak, munduko kopa ekarriz: Llorente, Javi Martinez, Xabi Alonso...". Hara, berri hauek ematen dituztenak ez dira ezta foralistak ere: foruekin behintzat, ez zen Espainiaren izenean militatu behar.

Baina goazen goazenera: ze burutan sartu daiteke, haien urna zikinetan bozkatuz, askatasuna lor genezakeenik? Larunbatean hamar milaka jende bildu ziren Kataluniako kaleetan eta, hala ere, Espainiak argi eta garbi esan die ez dutela zer eginik, berak ez duelako nahi! Orain dela gutxi ikusi dugu hemen, 100.000 boto paperontzira bota zituztela inolako lotsarik gabe! Haiek nahi ez badute, ez dugu bozkatzen; beraz, bozkatzen dugunean, haiek nahi dutelako da, hau da, berdin dielako zer bozkatzen dugun. Utz ditzagun hutsik urna espainolak. Espainolentzako dira.

Lortuko al du Kataluniak independentzia? Zinez poztuko nintzateke. Baina ez da Espainiaren baimenez izango. Askatasuna xede, harekin egiten ditugun elkarrizketa gutziak, hutsak dira. Ez dezagun ba, hitz egiten denbora galdu. Berreskura dezagun gure nortasuna: Nafarroa! Behingoz Espainia gure bizitzatik kanpo uzteko.

Komentariorik egin nahi? idatz egiguzu Idatzi Nafarron infogunera

San Fermineko pilota finala

Atzo gauen, San Fermineko bikotekako txapelketaren finala jokatu zen. Bengoetxea VI eta Patxi Ruizek 22-12 irabazi zieten Titin III eta Pascuali. Printzipioz Titinek Barriolarekin jokatu behar zuen, baina eskuak minduta zituela eta, atzelariak ezin izan zuen parte hartu atzo.

Zorionak txapeldunei.

Komentariorik egin nahi? idatz egiguzu Idatzi Nafarron infogunera

Bihar, San Fermineko bikoetakoaren finala

Atzo Titin IIIak eta Barriolak irabazi egin zieten Martinez de Irujo eta Barriolari. Hau da, ondorioz, biharko finalaren kartela:

Titin III-Barriola
Bengoetxea VI-Patxi Ruiz

Komentariorik egin nahi? idatz egiguzu Idatzi Nafarron infogunera

San Fermineko bikotekakoa finalista zain

Atzo Bengoetxea VIak eta Patxi Ruizek 22-19 irabazi zieten Gonzalez eta Zubietari. Irabazleek gaurko partidua bukatzera itxaron beharko dute, asteazkeneko finaleko aurkariak ezagutzeko: gaur, Martinez de Irujo eta Beroiz Titin eta Barriolarekin izango dira nor baino nor. Finala, uztailaren 14an, gabean izango da, 22:15tan hasiko den jaialdiaren bigarren norgehiagoka.

Komentariorik egin nahi? idatz egiguzu Idatzi Nafarron infogunera

Nafar inteligentzia

Estatu edo herri bakoitzak jende prestu bat edukitzen du dagokion gizartearen gidaritza intelektual baten zeregina betetzen duena. hau da, gizarte horri dagozkion arazo, norabide eta aholkuak bideratzen dituena giza taldearen alor zabaletan, nortzuk garen, nora goazen, zer egin behar dugun,... halako galderak sortu eta erantzuten dituztenak bai arlo publikoan zein pribatuan.

Nafarroa okupatu honetan, estatu espainol eta frantzesaren kolonialismoari jarraituz asko izan dira euskal lurraldetan agintaritzaren zerbitzura jarri diren idazleak (Unamuno adibidez) zein unibertsitateko irakasleak (Ermuko foroko Arteta eta Savater bezala) zeintzuk sutzuki defenditu dute Espainaren boterea eta gehikeriak. Askotan aipatu izan da horren bestealdean euskal inteligentzia baten beharra eta egia esan gutxi izan dira paper hori bete dutenek, Joxe Azurmedi filosofoa adibidez.

Ez da kasualitatea nafarzaletasunaren berpizkundea bultzatu dutenen artean historialariak eta historiazaleak egotea, inpereio kolonial batean zereginatariko bat delako okupatuaren nortasuna ezabatzea bere hizkuntza, sinbologia eta historio propioa desagarraraziz. Nafar lurraldetan dauden historiagile ofizialek (uniberstitateko sailak) betebehar hau bete dute azken mendean, gogoratu bestela Nafarroaren historiagile handienetario bat, Jimeno Jurio alegia ez ziotela historia karrera egiten utzi Opuseko unibertsitatean.

Nabarralde izan da habiapuntua eta bertako kideek dira nafar inteligentzia propioa bereskuratzen ari direnak, baina beti poteretik kanpo. Bere atzean ez dago gobernu ez eta erakunde ofizialik eta bere ideiak kolonialismoa espainarraren aurka doa erabat. Oraingoz indar politikorik gorpuztu gabe dagoenez ez da meatxutzat hartzen eta bere iritzia ezabatuta dago medio nagusietan. Hala ere nafarzaletasuna ari da hedatzen apurka apurka eta dirudien bigarren tranzizio politiko honetan kolonizatuen indartze ideologikoan lagundu dezake. Hala bedi.

Komentariorik egin nahi? idatz egiguzu Idatzi Nafarron infogunera

Abertzaletasun berria espainiar lurrean

Bazioen idazle kanpotar batek espainiar abertzaletasun indartsu baten ezak bideratu zituela bertako separatismo ezberdinak. Separatismo hauek, ordea, identitate nazionalean gorpuzkera dutela ahaztu zitzaion; hizkuntzak, kulturak eta historiak ematen diguten identitatean. Hala ere, eta egiari jarraiki, esan beharra dago ez dela inoiz egon abertzaletasun espainiar bat bultzatuko duen eragilerik. Frankismoaren garaiko erregimen faxista izan zen espainiartasuna gehien bultzatu zuena, baina abertzaletasun hori fatxen irudiarekin lotuta geratu da. Honegatik da espainiar abertzaletasuna gaizki ikusia eta askotan ekiditen dena.
Baina, azken aldian, lotura horiek kentzen hari dira. Historia alde batetara utzi eta erregimen totalitario baten emaitza izan zen erregimen sasi-demokratikoak legitimitatea eta sostengua lortu du espainiar lurrean. Zeinen harrigarria den nafarroi demokrazia klaseak ematen ikustea frankismoaren garaiko ministro batekin partidua osatzen dutenei. Ahaztu al dute beraien jatorria zein den? Ez, baina, beharrezko dute irudi hori gainetik kentzea eta mundu demokratiko berrira batzea. Bide honetan koka daiteke espainiar abertzale berriaren irudia. Espainia gainontzeko herrialdeak bezalakoa bada, zergatik ezin dira izan bertakoak kanpokoak bezain abertzaleak? Bada, aberri ezberdinez osaturiko estatua delako. Gaztela eta Aragoiren konkista nahiak batu zituen gaur egungo espainiar lur guztiak, baina, ez aberri guztiak ez ziren batu. Gainontzeko lurretan nazionalismoak urrezko garaiak bizi izan zituenean batasun prozesuak eman ziren, hemen eman ez ziren prozesuak. Horregatik berandu izanik ere, bada prozesu hau bultzatzen duenik.
Gaur egun, abertzaletasun honen bultzatzaile garrantzitsuenetakoa dugu espainiar futbol selekzioa. Egun hauetan aurrera eraman den munduko kopak kirol ikuskizun handia izateaz gain aberriaren irudia defendatzeko aukera ematen die estatu independentea duten aberriei. Espainiarrek, beraz, emaitza onei eta eman duten irudi bikainari zukua atereaz estatu barnean abertzaletasuna bultzatzeko bidea aurkitu dute. Telebistek indar handia eman diote gertakizunari eta eguneko 24 orduetan mintzo dira honi buruz. Oso kontutan izan behar dugu futbolak gaur egungo gizartean duen eraginaz, eta batez ere herri honen etorkizuna izango diren umeengan. Marka da gero, hainbat urtetako errepresioak eta identitate nazionalaren zapalketak lortu ez duena futbolak lortzea.
Irratian entzun nuen solasaldi batetan kirola politikarekin nahasi zitekeen eztabaidatzen hari ziren. Nafarrok espainiar selekzioaren aurka azaltzea ez zuten ulertzen. Horrelako programa bateko solaskide izanik ez zuten ikusten edo ikusi nahi edozeinek ikus dezakeena, horrelako ikurren garrantzia eta balioa. Eta nafarrok ongi konturatu behar dugu honetaz, bide hau orain arte erabili dutena baino eraginkorragoa izan daitekeelako. Beraz, abertzaletasun berri hau salatu nahi dut, balio berrien pean datorrela ematen badu ere orain artekoak egin digun kaltearekin jarraituko duelako indar berrituarekin.

Komentariorik egin nahi? idatz egiguzu Idatzi Nafarron infogunera

Alemaniak 3, Uruguaik 2 munduko futbol txapelketan

Hirugarren postua eskuratu dute alemaniarrek Hego Afrikako futbol lehiaketan. Bihar eta 20.30etan finala jokatuko dute Holandak eta Espainiak.

Komentariorik egin nahi? idatz egiguzu Idatzi Nafarron infogunera

Alemania eta Uruguai Hego Afrikako 3. postua erabakitzeko

Gaur 3. eta 4. postuak erabakiko dira Hego Afrikako Munduko Futbol Lehiaketan. Alemania eta Uruguai aurrez aurre izango ditugu arratseko 20.30etan (Nafarroako orduan). Eta bihar Espainia eta Holandaren arteko finala jokatuko da ordu berean.

Komentariorik egin nahi? idatz egiguzu Idatzi Nafarron infogunera

Aralar alderdiak ez du bat egin uztailaren 10eko manifestazioarekin

EAk, Ezker Abertzaleak eta Alternatibak autodeterminazioa eskatzera deitu dute gizartea. Mendebaldeko Nafarroako EAE eta Goi Nafarroako herritarrak izan dira deituak ''Nazioa gara, autodeterminazioa'' lelopean. Aralar-ek ez du bat egin deialdiarekin haren proposamenak onartu ez dituztelako.

Komentariorik egin nahi? idatz egiguzu Idatzi Nafarron infogunera

Orreaga gogoan, abuztuan gure festa nazionala

Orreagak esangura berezia eduki behar du euskaldun guztiontzat. Aberri Eguna abertzaleentzat dena, nafarzaleentzat, aldiz, Orreaga Eguna da, abuztuaren 15ean. Eta Orreaga zergatik? Orreaga pizgarria izan zelako Eneko Aritzaren dinastia eta nafar estatuaren sorrerarako. Nafarron estatua bertan sortu zen Orreagako batailen bidez. Gogora dezagun Orreagako lehen guda 778. urtean gertatu zela, baskoiek Karlo Magnoren armadaren erretaguardia suntsitu zutenean. Bigarren guda 824. urtean jazo zen, orduko hartan ere baskoiek irabazi zuten Pirinioetan Banu Qasiekin batera. Bi bataila haiei esker, mitoa zabaldu omen zen eta frankoak ez ziren jada ausartu berriro gure lurrak kontrolatzen. Karlo Magno 814. urtean hil zen eta gertaera haiei esker, Eneko Haritza gerlariaren inguruan nafar aristokrazia osatzen joan zen. Alboko estatuan ikus dezakegu Iñigo Arista, hau da, Eneko Haritza, non eta Madrilen (XVIII. mendean eraikia). Gerrako soldadu haiek sortuko zuten Iruñeko Erresuma lehenik eta Nafarroakoa ondoren. Hona hemen Wikipediak zer dioen Eneko Haritzaz. Konturatuko zaretenez, badauka eduki errakuntza bat, ohikoa dena abertzaleengan, Euskal Herria aipatzen du Nafarroa aipatu ordez, Eneko Haritza estatu nafarraren aitzindaria izan zelako, eta beraz ez da batere zuzena Euskal Herri izen geografiko edo kulturala estatuaren benetako izena izkutatuz:

Eneko Aritza 770. urte inguruan jaio zen eta gutxi gorabehera 852an hil zen. Eneko Eneko Ximenez izeneko Pirinioetako buruzagi baten semea zen, Aritza izeneko familiakoa, IX - X. m. bizi izan zena. Euskal Herriko errege dinastia izango zenaren sortzailea, Aritzaren inguruan sortu baitzen Iruñeko erret dinastia, Iñigotarrak izenez ere ezaguna.

Komentariorik egin nahi? idatz egiguzu Idatzi Nafarron infogunera

Paraguaik 1 eta 0 galdu du Espainiaren aurka

Zorte txarra ukan du Paraguaiko futbol selekzioak Espainiaren kontrako partiduan. Penaltian huts egin du Cardozok eta Roque Santa Cruz aurrelariak ez du golik sartu Iker Casillasen aurrean gola kantatzen genuenean. David Villa espainiarrak, aldiz, gola egin du partiduaren amaieran. Hortaz, Alemania eta Espainia partidua ikusiko dugu finalerdietan; beste finalerdian Holanda eta Uruguaiko selekzioak izanen dira.
Partiduan Xabi Alonso gipuzkoarra ikusi dugu eta hori dela-eta, baten batek esan dit ea nafarzaleek Espainiako selekzioaren alde egiten duten. Erantzuna borobila izan da. Nafarrok ezin gaitezke poztu Espainiako selekzioak jokatzen duenean nahiz eta futbolzaleak izan. Eta hori horrela da nahiz eta Espainiako selekzioan 10 jokalari nafar egon. Hori gorabehera, futbolean, beste kiroletan bezala, onenak irabaz dezala. Eta hori da nazionalista espainiar askok egiten ez dutena. Adibidea, telebistako erretransmisioan ikusi dugu. Tele 5eko esatariek egin duten saioa barregarria izan da, guztiok entzun dugu nola azkeneko momentuetan Camacho espainiarrak kiroltasun txikiena erakusteke espainiarrek falta egiteko eskatzen zuen. Partidu osoan jokazain edo arbitroak erabakitakoaren kontra egin dute Tele 5eko hizlariek eta amaieran pozarren beren onetik atera dira. Seriotasun txikia benetan. Horrelako hizlariak edukita, benetan barregarri geratzen da Espainiako futbola. Hona hemen partiduko foto gehiago.


Komentariorik egin nahi? idatz egiguzu Idatzi Nafarron infogunera

Alemaniak 4, Argentinak 0, final-laurdenetako partiduan

Lur jota geratu dira futbolzale argentinarrak, Hego Amerikako futbol selekzioa faboritoen artean baitzegoen munduko txapelketa irabazteko. Ali Brohi-k egindako argazkian, alboan dagoena, erakusgarri. Erraz askoan irabazi diote germaniarrek Argentinari final-laurdenetan. Alemaniarrek lau gol sartu dizkiote Messiren selekzioari duela minutu batzuk amaitu den partiduan. Gaur arratsean Paraguaik aukari gogorra edukiko du finalerdietara pasatu ahal izateko: Nafarroari estatua ebatsi zion selekzioa. Finalerdi batean Holanda eta Uruguai ikusiko ditugu; bestean, Alemania eta Paraguai ala Espainia. Ea inoiz gure selekzio gorriak jokatzen duen horrelako txapelketa bat. Nafarroak merezi du.

Komentariorik egin nahi? idatz egiguzu Idatzi Nafarron infogunera

Alemania eta Argentina gaur arratsaldean

Holandak 2 eta 1 irabazi zion atzo Brasili eta Uruguai penaltietan gailendu zitzaion Ghanari. Hortaz, Holanda eta Uruguai dira final-laurdenetara pasatzen direnak Hego Afrikako futbol txapelketan. Gaur bi partida interesgarri ditugu. Arratsaldeko 4.00etan Alemania eta Argentina arituko dira nor baino nor; eta arratseko 20.30etan Paraguai eta Espainia saiatuko dira postu bat lortzen final-laurdenetarako. Alemania eta Argentinaren arteko partidua Canal PLus eta TF1 telebista kateek emango dute. Eta arratsekoa doanekoa izango da eta Telecinco eta TF1 kateetan ikusi ahalko da. Dena den, gogora dezagun Roja Directa webgunetik partidu biak ikusi ahalko direla doan.
Komentariorik egin nahi? idatz egiguzu Idatzi Nafarron infogunera

Hego Afrikako futbol txapelketako final-laurdenak hastear

Gaur bertan hasten dira final-laurdenak Hego Afrikako futboleko mundu txapelketan. Gaurko egunean bi partidu izanen ditugu: Holanda-Brasil, arratsaldeko lauetan; eta Uruguai-Ghana 20.30etan. Holanda eta Brasilen artekoa Cuatro kanaletik emango dute, baita F2 kanal frantsesetik ere. Arratsekoa, aldiz, TF1 eta Canal + Liga kanalen bitartez. Gainerako bi partidak honakoak dira: Argentina-Alemania eta Paraguai-Espainia, biharko egunean ikusi ahalko direnak ohiko ordutegian. Finalerdiak uztailaren 6an eta 7an jokatuko dira. Eta finala uztailaren 10ean eta arratseko 20.30etan.

Komentariorik egin nahi? idatz egiguzu Idatzi Nafarron infogunera

Hitler Alemania-Argentina partiduaz enteratzen denean

Euskaraz ez dagoen arren, interesgarri iruditu zait biharko partiduan Argentinari animoak emateko argentinar futbolzaleek egin duten remixa Hitler-en pelikulako eszena batzuk hartuz eta beste esangura bat emanez. Hortaz, trailer honetan Hitler eta aramadako arduradunak ageri dira... partidua Argentinaren aurka da eta Hitler sumindu egiten da.



Komentariorik egin nahi? idatz egiguzu Idatzi Nafarron infogunera

Nafarroako Erret Etxearen komunikatua

Nafarroako Erret Etxea
Diplomazia eta Erlazioetarako Kabinetea
Pierre de la Mottek utzitako herentzia

Nafarroako Erresumako Erret Kontseiluko presidenteak aginduta, Beaumont-Evreuxeko Dukea den Blas Beaumont Garrido jaunaren aginduz eta Nabarrako Burujabetza Komisioak kontu dinastikoen gainean egindako galderei erantzuteko asmoz, behin 2009ko ekainean Pierre de La Motte, Louduneko dukea, La Motteko kontea, Poulcreko kontea eta Foixeko kontea hil ondoren, lau dira Pierre La Motte-ren ordezkoa izateko aukera dutenak, Foix eta Labrit familietako kideak. Nafarroan ez dago lege salikorik.

Pierre de la Mottek beharrezkoak ziren aginduak eman zizkion Erret Etxeko kideei Nazio Batuetan, Europako Kontseiluan, Nazioarteko Tribunalean eta gainerako erakundeetan jarritako demandari dagokionean, eta kodemandante eta erregeorde izendatu zuen Beaumont-Evreuxeko kontea aginduen betetzea bermatzearren, Nafarroako Erret Etxeko kideek egin behar eta egiten duten bezala, harik eta dena bete arte, milaurteko iraupena duen Nafarroa, hau da, Baskoniaren ordezkoa izan den Nafarroaren estatua berreskuratu arte. Ez da beharrezkoa estatu berria sortzea, Nazioarteko Komunitateak ez bailuke onartuko.

Erresumako Burujabetasun Komisioari dagokio Nafarroako Erresumako esparru historiko, kultural, sozial eta politiko guztiekin elkarrizketak egitea, eta zinez Erret Etxeko kideak Komisioari laguntzeko prest dauden arren, argi geratu behar da politika egitea herriaren eskubidea dela herritarren ordezkarien bidez, beraiek hautatzen duten gobernua edozein izanik. Pierre de la Motte, Erresistentziako heroia ez zen etorri Nafarroara gobernatzera, baizik eta posible egitera behar zuenak, Nafarroako herri subiranoak, goberna zezan.

Oso larria da Estatu Kontseilua eta Parlamentua ari izate bidean ez jartzea; eta gogora dezagun justizia eginez geuri dagokigula bi erakunde horiek edukitzea, eta horrela herritarrei jakinaraztea beren eskubideen eta Foruen izalpean Erret Etxeak ematen dien errespetua gordetzen dela, Nazioarteko Jurisprudentziak ezagutzen duen bezala, Errege Etxeari berari baitagokio eskubideak eta Foruak gordetzea. Eta, beraz, eskubide horren jakitun ez egoteak eragotzi egin du lehen aipatutako ordezkariak gure herriaren eskubide horren itzalpera hurbildu ez izana.

Orain arte aipatutakoagatik eta are gehiago orain noiz eta nazioarteko erakudeak gure erreklamazioari buruz eztabaidatzen ari baitira, saiatu egin behar dugu bat etortzen gauza guztietan den-denok, ahalik eta batuen agertzeko besteen aurrean eta halaber gure Herriaren aitzinean, herriaren menpeko baikara; eta horrela Herriari informazioa eman behar diogu topikoak, kritikak eta deskalifikazio lelo eta desegokiak albo batera utziz, horiexek lagundu egiten baitiete gu okupatzen eta banatzen segitzen dutenei.

Hendrike III.a Biarnokoak argiro utzi zuen 1607ko testamentuan Nafarroako koroa beraren asabena zela; eta horregatik itzultzen zaio legitimitatea Elisabete Labrit Hendrike II.aren arrebari; era berean, ezagutzen du eta Loudun-go kontesa titulua ematen dio Elisabete Labriten alabari, Frantziska Rohan-goari. Frantziska Del Poulcre-ko kontearekin ezkondu zen, alegia, Claude La Motte jaunarekin. Hori dela-eta, Piarre de la Motte da zuzeneko oinordeko legitimoa izan zen eta Bianako Printzea. Pierre de la Motte jaun prestua eta noblea izan zen bait titulutan bai eta bihotzez, heredentzia ederra utzi ziguna, berak idatzia bere komunikatuetan: Foruak, gure herriaren eskubideak defenditu beharra, berak egin bezala, eta gure zeregina da berak legez guk ere ahalik eta hobetoen defenditzea.

Erregutu egiten diogu Burujabetasun Komisioari eta herritar zintzo orori behin informazio honetaz jabetutakoan, beste herritarrei beronen berri emateko. Bihoakie guztiei gure agurrik beroena, Nafarroako Erret Etxearen partetik.

Iruñean, 2010eko ekainaren 23an.

Komentariorik egin nahi? idatz egiguzu Idatzi Nafarron infogunera